«Historiak bigarren planoan utzi izan gaitu beti, baita punkean ere»

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko mar. 9a, 09:48
Argazkia: Juan Carlos Ruiz / Argazki press

Idazle, argazkilari eta zinemagile tolosarrak 'Emakumeak eta punka 1980ko hamarkadan, Tolosan' hitzaldia eskainiko du, ostiralean; musika generoa errebeldeen ikono izanagatik, punkean aritu ziren emakumeak ere itzalean geratu zirela dio.

Punk musika izan zu zeu da, Yurre Ugarterentzat (Tolosa, 1965), eta hiru hitz horietatik abiatuta garatu zuen bere nortasuna, nerabezaroan. Garbiñe Ubedarekin batera iaz aritu zen gaiaz, Donostiako Koldo Mitxelenan, eta saio haren soka hitzalditan luzatu zaie. Ostiralean, Tolosako hainbat emakume taldek antolatuta, Emakumeak eta punka 1980ko hamarkadan, Tolosan hitzaldia eskainiko du, 18:00etan, kultur etxean.

Izenburua irakurrita, galdera behartua: punk zalea zinen 1980ko hamarkadan?

[Barreak]. Noski, 1980ko hamarkadan Tolosan zeuden punk apur horietako bat nintzen. Gaur egun, gehiago pentsatzen dut punka jarrera bat dela, eta jarrera horretatik zerbait badaukat oraindik.

Nolakoa zen musika estilo horren eta emakumeen arteko lotura?

Emakumeekiko loturak, nire ustez, zerikusi handia du nerabetasunarekin, ordura arte irakatsi dizutena zalantzan jartzen hasten baitzara. Tolosaz ari naizenean, Euskal Herriaz ari naiz, oro har, eta punka berandu iritsi zen Euskal Herrira. Punkaren eztanda eta punk musika, berez, 1977an sortu zen Ingalaterran eta, hona iristerako, 1980ko hamarkada erdialdea zen jada. Garai hartan jende gutxik jarraitzen zuen punka, eta ez nuke esango mugimendu bat zenik ere. Gero, ordea, Euskal Rock Erradikalarekin batera zabaldu zen, eta gero eta emakume gehiagok parte hartu zuen saltsa horretan. Hala ere, Gipuzkoan adibidez, oso-oso emakume gutxi ginen punk taldeen jarraitzaile edo punk taldeetako kide. Gainera, itxuragatik, halabeharrez nabarmentzen ginen. Gerora, punka zertxobait zabaldu zenean, estetika hori ere normalizatu egin zen.

Errebelde izateaz ari zara, eta punk musika errebeldetzat jo izan da. Horrek ideia feministak plazaratzeko bidea eman zion euskal punkari?

Bai, noski. Tortura Sistematika Tolosako hardcore-punk talde bat zen, eta badute goitik behera irakurri eta feministatzat jo daitekeen letra bat, euskaraz. Haiek mutilak ziren, baina garai hartako feminismoaren kezkak sartu zituzten kantuetan. Garaiko emakumeen egoera zena zen, eta 1980ko hamarkadan ez zegoen emakumeen musika talderik; oso gutxi izan ziren oholtzara igo zirenak. Ingalaterran, punkaren eztandarekin, izan ziren emakumez soilik osatutako taldeak, feministak eta errebeldeak; haien letrak erabateko esloganak ziren. Baina talde horiek ez dira hain ezagunak bilakatu. Zergatik ote? Betiko kontuak: historiak bigarren planoan utzi izan gaitu beti, baita punkean ere.

Talde kuttunik izango duzu.

Bai, The Slits, mundialak ziren. Aipatzekoa da Tortura Sistematikako kideak lagunak genituela, eta neskok aspertuta geundela, gure lagun mutilak beti oholtzan ikusi eta gu behean egoteaz. Horrela, gure taldetxoa sortu genuen, Willma and the kutxi kutxi, eta hiru emanaldi iraun zigun! [barreak]. Ez genuen anbizio musikalik, eta ondo pasatzeko egin genuen.

1980ko hamarkatan emakumeak rockaren parte izaten hasi ziren, aldarrikapenak bizkarrean hartuta. 2016 honetatik atzera begiratuta, ordea, ez da aurrerapauso handiegirik eman zentzu horretan. Oraindik ere zergatik da murritzagoa emakumeen presentzia?

Zerbait aurreratu da garai harrez geroztik. Baina, oraindik ere, edozein esparrutan itzalean jarraitzen dugu emakumeok, ahaleginak egiten diren arren. Argi geratu da gizarteak egitura bat daukala, eta zaila da egitura aldatzea; zaila da gizarteak duen zutabe sendo horri bezainbesteko argia ematea, beste zutabe bati. Legeek hala badiote ere, automatikoki ez da gertatzen.

Estetika aipatu duzu, eta zure lana estetikari erreparatzea da, besteak beste. Punkak nola eragin zion garaiko estetikari?

Garaiko estetikan izan zuen eragina sekulakoa dela uste dut. Artean izugarri nabaritzen da eta, gaur egun ere, askok eta askok daramaten itxurak handik edaten du; gaur egungo emakume askok daramatzate ileak tente, ileapaindegian edonori jartzen diote orrazkera hori. Nortasun kontu horietan, gainera, jasotzen dugun lehenengo gauza estetika da: nola janzten zaren, non erosten duzun,... Garai hartan ez zegoen gaur egungo kate multinazionalik, mota guztietako arropa merke salduz. Boutique batzuk zeuden, eta moda konkretu bat, beraz, gurasoek erositako arropa janzten genuen 15 urterekin, normala den bezala.

Erronka batzen, beraz, ezarritako horri guztiari buelta ematea.

Bai. Gu zenbait kontzertutara joaten hasi ginen Donostiako neska batzuekin, eta handik eta hemendik elkarri ekartzen genion arropa. Orain tontakeria dirudi, baina azkazalak beltzez margotzeko esmaltea Donostiako denda garesti batean baino ez zuten saltzen. Guk zer egiten genuen? Ikastolako errotulagailuarekin azkazalak margotu eta gainetik esmalte gardena eman. Eta horrela zen guztia, dena guk geuk egiten genuen. Erronka bat zen, baina oso aberasgarria zen norberarentzat zein guztiontzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!