Altuerari beldurrik ez

M.Iraola 2016ko mar. 8a, 13:22

Usabal jendez bete zen ligako lehen bi taldeen aurkako partida ikusteko, eta ez zuten hutsik egin: partida ikusgarria jokatu zuten. Azken emaitzan, berdintasuna nagusi: 28-28. 

Partidaren ostean Tolosa Eskubaloiko jokalariek aldageletan ateratako argazkiak erakusten du berdinketak gehiago zuela onetik txarretik baino. Bazegoen zer ospatua, noski baietz. Izan ere, arerio garrantzitsuak pasata, guztiak berdin jarraitzen du: lau puntuko tarte zabala du Tolosak sailkapenean. Eta asteak aurrera egin ahala, tartea mantentzea garaipen baten parekoa da.

Eta handiagoa izan zitekeen. Baita txikiagoa ere, bi taldeek izan baitzuten irabazteko aukera. Borroka estua izan zuten. Azken minuturainokoa. Ai, azken minutu hori!

Tolosarrak irabazten hasi ziren, baina bi minutuko kanporaketen ondorioz bizkaitarrek aurrea hartu zuten eta gol bateko aldearekin joan ziren atsedenaldira: 12-13. 

Bigarren zatean Trapagaranek hiru goleko errenta lortu zuen. Alex Noguesen taldeak, ordea, ez zuen etsi, eta 9. minutuan berdintzea lortu zuen: 19-19. Berriro ere emozioa kantxan.

Hortik aurrera, Tolosa aurreratzen zen markagailuan, baina segidan bizkaitarrek berdinketaren gola lortzen zuten. Horrela, azken minutura arte. 30 segundo falta zirela aukera bana izan zuten bi taldeek: lehenengo bizkaitarrek. Ez zuten sartu. Eta azken segundoan Arratibelek. Hori ere ez. Horrela amaitu zen. Ezin balantza alde batera jarri. 

Aipatzekoak izan ziren bi atezainak, Urtzi Otegi eta Aitor Ibarguren. Erasoan, Aritz Otegi (6) eta Iker Ortiz (5) izan ziren goleatzaile nagusienak. 

Altuera handiko partida zen. Beldurrik ez, ordea. Eta geratzen dira, altuerako beste bi neurketa, liga amaierarako falta diren zazpi horien artean. Uharte izango da Usabalen izango den hurrengo taldea, eta segidan Anaitasunaren kantxan jokatu beharko du Tolosak. Beldurrak beste bandoan jarrai dezala!

Emaitza berdina bigarren taldeak

Bigarren taldeak berdinketa garrantzitsua lortu zuen Zarautz hirugarren sailkatuaren aurka: 28-28. Lehen zatian aurretik izan ziren zarauztarrak (15-14), eta bigarrenean buelta eman zion markagailuari Jon Iraolaren taldeak: 24-26. Azken 5 minutuetan, ordea, berdindu egin zen partida. Denbora agortuta, falta jaurtiketa bat izan zuen bere alde Tolosak, eta Eneko Cigandak -guztira 14 gol egin zituen- asmatu egin zuen. Berdinketa, beraz. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!