"Demokrazia ezin da eraiki emakumerik gabe"

Tolosaldeko Ataria 2016ko mar. 8a, 11:42

Argazkia: Tolosako Udala.

Tolosako Udalak aho batez onartu zuen, atzo iluntzean, Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruko adierazpen instituzionala; generoa zeharkakotasunez lantzeko estrategia ere martxan jarriko dute.

Martxoaren 8aren harira, udalbatzako alderdi guztiak aldeko botoa eman zioten, atzo, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna "funtsezko eskubidea eta demokraziaren oinarrizko balioa" dela baieztatu zuen testuari. Bide horretan, gainera, tokiko gobernu eta erakundeen garrantzia ere azpimarratu zuten ezohiko osoko bilkuran, esku hartzeari begira.

Emakumerik gabe, demokraziarik ezin da eraiki; halaxe dio adierazpen instituzionalak. Eta baieztapen hori bermatze aldera, Tolosako Udaleko ordezkari guztiak onartu zuten, erabakigune guztietan emakumeen eta gizonen parte hartzea berbera izateko neurriak hartzea.

Horrekin batera, parekidetasun ezaren muturra ere hizpide izan zuten plenoan, indarkeria mota guztiak salatuz eta haiei aurre egiteko beharra azpimarratuz: "Horretarako, indarkeria sexista saihesteko eta salatzeko lege bateratuak sortzea eskatzen diegu Espainiako gobernuari eta Europar Batasunari".

Bide beretik, azken hilabeteotako errefuxiatu uholdearekin bertaratu diren emakume eta haurren behar espezifikoak kontuan hartzea ere ezinbestekotzat jo zuen udalbatzak.

Konpromisoak Tolosarako

Emakume eta gizonen arteko desorekaren ikuspegi globala hizpide izatetik, 2016ko adierazpen instituzionala Tolosara begira jarri da, bigarren zatian. Horrela, duela hilabete batzuk argitaratutako Tolosako III. Berdintasun planeko lan ildoa garatzeko konpromisoa hartu zuten alderdi politiko guztiek, "horretarako beharrezkoak diren giza-baliabide eta baliabide ekonomikoak jarriz".

Plan horretan bertan aipatzen duten moduan, udalak jabetze eskola indartzen jarraitzeko asmoa azaldu zuen bilkuran, ahalduntze horrekin emakumeen parte hartze aktiboa bultzatuz "festa zein eremu soziokultural guztietan".

Momentuko aldarrikapenekin batera, etorkizunera begirako jomugak ere zehaztu zituzten eta, beraz, herriko ikastetxeekin batera osaturiko hezkidetza proiektua garatzen jarraituko du Tolosako Udalak, hezkidetza mahaia dinamizatuz.

Azkenik, martxoaren 8aren inguruan antolaturiko egitasmoetan parte hartzeko deia egin nahi izan zieten herritar guztiei.

 

Generoa zeharkako gaia udalean

2013ko uztaileko osoko bilkuran onartu zuten, udal politiketan genero zeharkakotasuna sustatu eta ezartzeko proiektua. Orduz geroztik hona, politika publikoak begirada horren pean garatzen eta diseinatzen aritu dira, galdetegi nahiz sentsibilizazio saioekin.

Besteak beste, udalaren informatika aplikazioetan sexua, adina eta jatorria aldagai moduan txertatuko dituzte aurrerantzean, eta hizkera ez sexista erabiltzea ere premisatzat ezarri dute jara. Halaber, kontratazio mahaiarekin ere lan saio bat egin dute jada, berdinasun batzordetik, kontratazio pleguetan bersintasun irizpide eta klausulak txertatzeko.

Horrenbestez, lantzen hasitako horri guztiari jarraipena eman eta genero zeharkakotasuna udalaren jardunean txertatzeko konpromisoa hartu zuten Tolosako Udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!