Proiektuen azoka, sormena erakusgai

Asier Imaz 2016ko mar. 5a, 15:26

Tolosako kultur etxean Proiektuan Azoka ekimena egin dute goizean. Sei proiektu aurkeztu dituzte bertan. Ekoizle bakoitzak bost minutu zituen entzuleei bere sormena azaltzeko. Proiektu guztien laburpena proiektuenazoka.org webgunean dago.

Gizarte inplikaziorako proiektuak sortzea eta hobetzea du helburu Proiektuen Azoka ekimenak, Impact Hub Donostiak eta Donostia 2016k bultzatutakoa, eta saioetako bat larunbatean Tolosan egin zena, Tolosaldea Garatzenen laguntzarekin. Bertan sei proiektu aurkeztu ziren, horietako gehienak eskualdearekin lotura dutenak.

Proiektu horietako bat Oskar Tenak sortutakoa da, besteak beste, TOLOSALDEKO ATARIA-ren kolaboratzailea. Sormen-Maraka izena du proiektuak, eta irudimena astintzeko tresna bat dela dio Tenak, sormen-tailer batetik sortutakoa.

Banaiz Bagara elkarteak sortutako Arabik on egin proiektua da larunbatean aurkeztutako beste bat. Euskara, enplegua eta integrazioa batzen dituen sukaldaritza zerbitzua da.

Orendaingo Baso Eskolak ere bere egitasmoa aurkeztu zuen. Tolosalderako baso eskola bat sortu nahi dute, eskola alternatibo bat 3-6 urteko umeentzat. Baso eskola Europa erdi iparraldean oso zabalduta dagoen eskola eredua da.

Asteasuko Otardi proiektua landa aterpetxea sortzean datza. «Mugimendu sozial, talde, erakunde, ikastetxe edota geure baloreekin bat egiten duten pertsonekin etengabe koordinatuz, turismo jasangarrirako aukera eskainiz>», azaldu dute bultzatzaileek.

Fidcom da aurkeztutako beste proiektu bat. Tolosako gazte batzuk hartu duten on line inprenta bat da.

Beste proiektua Hika Teatroaren lan berria da, udazkenean estreinatuko den antzezlana, Koadernoa zuri izenekoa. Egitasmo guzti hauen berri era zabalago batean eta Proiektuen Azoka ekimenera aurkeztu diren beste ekimen guztiena www.proiektuenazoka.org helbidean jaso daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!