Sinesteko asteburua

Ataria 2016ko martxoaren 5a

Partida garrantzitsuak jokatuko dituzte Tolosa CF-k eta Eskubaloi taldeak. TAKEk, berriz, liderra hartuko du Usabalen.

Gutxinaka bada ere, gerturatzen ari da denboraldi amaiera, eta pixkanaka argitzen doaz sailkapeneko lehia nagusiak. Asteburuan, lehia horien lehen asaltoak jokatuko dituzte Tolosako taldeek, eta irabaziz gero, aurrerapauso itzelak eman ditzakete euren helburuei begira.

Igoera faserako txartela ia erabakita uzteko aukera

Tolosa Eskubaloia igoera faserako txartela lortzeko borrokan murgilduta dago bete-betean. Sailkapen nagusiko lehen postuan da Alex Noguesen taldea, bigarren sailkatuarekiko lau puntuko aldearekin.

Hain zuzen, Trapagaran bera izango du asteburuko arerioa. Garaipena lortuz gero ia guztiz ziurtatuko luke igoera faserako txartela talde tolosarrak, zortzi partiden faltan, 6 puntuko aldea eta averagea aterako lizkiokeelako talde bizkaitarrari.

Partidaren garrantzia ikusita, klubak deialdi berezia egin die zaletu eta gainontzeko tolosarrei, taldea animatzera joateko. 16:30ean jokatuko da norgehiagoka, Usabalen.

Bolada txarrari amaiera emateko aurkari aproposa

Futbol taldearen egoera bestelakoa da. Sendo zegoen lidertzan, baina azken asteotako emaitzen ondorioz, Anaitasunak harrapatu egin du eta berdinduta dira orain lehen postu horretan. Bien artean jokatuko dute gaur, Azkoitian 17:00etan, eta horrek balantza alde batera edo bestera jar lezake.

Joanekoan Justo Lilloren taldea izan zen nagusi: 2-0 irabazi zuen, partida ona jokatuta. Bolada txarrari amaiera eman eta garaipenaren bidera itzultzen saiatuko da talde urdina. Garaipen batek berriro ere tartea zabalduko luke, igoera lortzeko bidean. Lehia honetan ere averagea alde izateak garrantzia handia izango du.

Tolosarrak ez dira bakarrik izango, klubak autobus bat antolatu duelako, zaleak bertaratu daitezen.

Joaneko neurketakoari buelta emateko asmoz

TAKE izango da jokatzen azkena. 19:00etan Santurtzi, liderra, hartuko du Usabalen. Lehen itzulian partida borobila jokatu zuten Gonzalezen mutilek, baina azken segundoko saskiraketa baten ostean, esku hutsik itzuli ziren. 66-65 amaitu zen partida.

Pasa den urtean ere burumakur itzuli ziren tolosarrak Santurtzitik, erraz galdu eta gero. Usabalen, ordea, sorpresa eman zuen TAKEk, garaipena lortuz. Balentria hori errepikatzen ahaleginduko dira orain, garaipen batekin urrats handia emango luketelako maila mantentzeko lehian.

Hiru partida interesgarri, beraz, gaurkoan. Ea emaitzak aldekoak diren. Sinetsi dezagun, behintzat.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!