Trianguloa bizipenen bozgorailu bilakatuko da datorren astean

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko mar. 4a, 15:01
Aintzane Ezenarro eta Olatz Peon, aurkezpen agerraldian. MIKEL IRAOLA

Gogora institutuaren Memoriaren plaza erakusteka ibiltariak Tolosa hartuko du, martxoaren 9tik 15era bitarte; testigantzak ezagutu eta kontatu ahal izango dituzte herritarrek.

Joan den otsailean Bilbon estreinakoz martxan jarri zutenez geroztik, hirugarren plaza izango du erakusketak, Tolosako Trianguloa. Memoria partekatzea izango da helburua, lehendik utzitako testigantzak bilduz, eta tolosarrei beren esperientzia propioak kontatzeko aukera eskainiz, biktima izan edo ez. Horrela, beraz, Gogora institutuak udalerrietako erdiguneetaraino eraman nahi izan du 400 metro koadroko memoriaren estalpea, bizilagunek hurbil izan dezaten.

Olatz Peon Tolosako alkateak eta Aintzane Ezenarro Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora institutuko zuzendariak eman dute egitasmoaren berri, eta tolosarrei dei egin diete proiektuak parte hartzera. Olatz Peonek, bere aldetik, gertatutakoa kontatzeko beharra izan du hizpide: "Tolosako Udala, lehendik ere, behar horri erantzuteko saiakeretan zebilen, Aranzadi Zientzia Elkartearekin eginiko hitzarmenen bitartez. Jokin Bildarratz alkate zela, 1939 eta 1945 arteko urteen memoria jaso zuten; Ibai Iriarte alkate zela, berriz, 1945-1975 epea izan zuten aztergai; hurrengo epeko gertakariak bildu eta plazaratzeko ere prest gaude beraz, eta nabarmentzekoa da alderdi politiko desberdinetako alkateok asmo honetan bat etorri izana".

Erakusketak hainbat espazio izango ditu, 400 metro koadroko azalera horretan banatuta. Batetik, testigantzek tarte nabarmena hartuko dute erakusketan: "Orain arte bildutako bizipenak ezagutzeko aukera izango da, Espainiako gerratik hasi eta terrorismoaren biktimetaraino". Aipatzekoa da, testigantzen gunea hiru zatitan banatuko dutela, terrorismo mota desberdinen biktimak, 1978 bitarteko indarkeria polizialaren biktimak eta memoria historikoa bereiziz: "Lehen biak Gogora institutuak jasotakoak dira eta, azkena, berriz, Aranzadiren lana da. Indarkeria polizialari dagokionez, gainera, 1978ra bitartekoak soilik daude, legez ordura artekoak soilik baitaude errekonozituta", azaldu du Ezenarrok. Dena den, Eusko Legebiltzarrean epe motzean aurkeztuko duten lege berri batek 1978tik aurrerako indarkeria polizialaren biktimak errekonozitzeko bidea emango duela azpimarratu du: "Eta aitortza hori izaten duten heinean, erakusketa honetan tartea izango dute".

Horrez gain, lekukotza berriak sortzeko zubia ere izango da Memoriaren plaza erakusketa ibiltaria eta, biktimak izan edo ez, erakusketara bertaratzen diren herritarrek aukera izango dute beren bizipenak grabatzeko edo horma irudi batean idazteko. Halaber, zenbait dokumental ere proiektatutko dituzte, biktimen gaia jorratuz.

Ahotsei tokia

Datorren martxoaren 9an, 18:00etan, erakusketaren irekiera ofiziala izango da. Horren ondoren, karpako eduki guztiaz gain, bereziki Tolosara begirako eduki biziz ere beteko dute Memoriaren plaza, hilaren 15era bitarte. Horrela, beraz, martxoaren 10ean, 19:30ean, mahai ingurua izango da Andoitz Kortaren, Pili Zabalaren eta Iñaki Garcia Arrizabalagaren eskutik, belaunaldi berriei memoria transmititzeko helburuz.

Bigarren ekitaldia, berriz, Tolosako alkate eta alkate ohien arteko solasaldiak osatuko du, memoria eta testigantzak ardatz direla. Olatz Peonekin batera, Ibai Iriarte, Jokin Bildarratz, Antton Izagirre, Joxe Gurrutxaga eta Mirentxu Etxeberria izango dira hitzorduan, martxoaren 14an, 19:00etan.

Azkenik, erakusketa ibiltariak Tolosan dirauen bitartean, herriko ikastetxeetako 400dik gora neska-mutilek parte hartuko dute horretarako bereziki prestaturiko tailerretan: "Jada ez dago leku librerik eta, bide horretan, Tolosako ikastetxe guztiei ere eskerrak eman nahi dizkiegu, harrera onagatik".

Euskal Herriko memoria historikoa ezagutu, eta memoria bizia osatzen joateko aukera izango da, beraz, Trianguloko Memoriaren plazan, martxoaren 9tik 15era, 09:00etatik 15:00etara eta 16:00etatik 20:00etara bitarte; asteburuetan 10:00etan zabalduko dute, goizez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!