Zer dira pentsio planak?
Gizarte segurantzak etorkizunari begira bermerik ematen ez duelako sortu ziren. Gaur egun lanean gaudenon dirua, kotizatzen dugunona, gizarte segurantzaren poltsa horretan sartzen da, eta erretiroa hartua dutenei pentsioa ordaintzen diete, poltsa horretatik; horrela, hilabete berean sartu eta atera egiten da dirua. Horrek esan nahi du, herritar bakoitzaren izenean ez dagoela diru poltsa bat, norberak erretiroa hartzen duenerako gordeta.
Horregatik guztiagatik, Espainiako Gobernuak bere aldetik eta, gure kasuan, Eusko Jaurlaritzak bultzatuta, Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Federazioa sortu zen. Egitasmo horrek ahalbidetu zuen, herritar bakoitzak, hala nahi izanez gero, diru kantitate bat aurreztea, erretiroa hartu bitarte. Modu horretan, gizarte segurantzak pentsiodun guztiei ordaintzeko dirurik ez balu, edo pentsio hori osatzeko beharra izanez gero, aurreztutako diru hori balia lezake herritar bakoitzak.
Aurreztearekin batera, gainera, pentsio planek abantaila fiskalak ere badituzte: errenta aitorpenean desgrabatu egiten du. Eusko Jaurlaritzak, nolabait, aurrezteko bultzada ematen die herritarrei, onura hori eskainiz.
Eskaintza hori noiztik dago martxan erkidegoan?
Urte asko dira jada. Eta, datuei begira, gainera, EAEn askoz ere pentsio plan gehiago irekitzen dira, estatuko gainerako erkidegoekin alderatuta. Izan daiteke abantaila fiskal horiengatik, edo baita kultura edo ohiturengatik ere. Gutxi gorabehera, Espainian 10etik 2k pentsio planetan dirua aurrezten badute, EAEn 10etik 6k edo 7k egiten dute gauza bera.
Gaur egun, zein da pentsio planak kontratatzen dituzten bezeroen eredua?
Lehen, batez ere, erretiroa hartzeko adinetik nahiko gertu zeuden herritarrek irekitzen zituzten pentsio planak; 50 urtetik gorako jendea zen gehiena. Baina, gazte askok ere bideratzen zuten dirua horra; hilean 25, 30 edo 50 euro. Egia esan asko aldatu da. Krisi garai betean, jende askok pentsio planera bideratutako diru kopurua jaitsi egin zuen, eta beste askok pentsio plana utzi egin zuten. Tokian tokiko foru aldundia da aurrezkien mugak ezartzen dituena, errenta aitorpenari begira, eta muga hori asko jaitsi zen Gipuzkoan, aipaturiko garai hartan. Lehen, herritarraren adina igotzen zen heinean, aurrezkiaren gehieneko muga ere igo egiten zen; kopurua 8.000 euroan ezarri zuten. Gaur egun, ordea, gehienez ere 5.000 euro aurrez daitezke urtean. Beraz, gero eta diru gutxiago sartzen da pentsio planetan, eta gero eta jende gutxiagok kontratatzen ditu. Lehendik pentsio plana zuten gazteek ez diote aurrezteari utzi, baina 2008. urtetik hona, oro har, gazteek ez dute pentsio planik kontratatzen, hori da aldaketa nagusia.
Zuen egunerokoan ikusten duzuenagatik, esan dezakezu emakume gehiagok kontratatzen dituztela pentsio planak, askok beren lanpostuetan kotizatzen ez dutelako?
Ez, alde nabarmenik ez dagoela esango nuke. Gure bulegora etortzen diren bezero gazteek, behintzat, emakume nahiz gizon, berdin-berdin irekitzen dituzte pentsio planak.
50 urtetik gorako herritarrei begira, berriz, esango nuke gizonezko gehiagok aurreztu izan dutela dirua erretiroa hartzeko garairako, azken urteotan. Beharbada adin horretako gizon gehiago aritu izan dira lanean, emakumeak baino, eta gizarte segurantzako erretiroa osatu nahi izan dute. Aurreikuspen hori eginda, emakumezko askok kontratatzen dituzte pentsio planak, noski, baina gizonezkoek baino gutxiago.
Egungo lan egoera eta politikak ikusita, gazteek dirua aurreztu beharko dute etorkizunerako?
Lehengoan datu bat eman zuten telebistan: gizarte segurantzak pentsioak ordaintzeko duen poltsa horretan, datozen hiru urte eta erdirako dirua soilik geratzen da. Gobernuak eta alderdi politikoek zerbait pentsatu beharko dute, aurrekontu orokorrak osatzerakoan. Izan ere, argi dago lanean ari garen herritarrok egindako ekarpenak ez direla nahikoa, erretirodun guztiei ordaintzeko. Desoreka handia dago.
Horregatik, pentsatzen dut jendea, pixkana, hasiko dela diru hori aurrezten. Hasi beharko lukete, behintzat, pentsio planen produktuan edo beste era bateko produktuetan. Baina jendeak pentsatu behar du, gizarte segurantzak ez duela dirurik izango gaur egungo baldintzetan erretirodunei ordaintzeko. Epe ertainean, pentsioak erdira jaitsiko dira, edo auskalo. Asko aldatuko da kontua.