Tolosako kultur etxeko antzerki taldeko kide da duela sei urtetik, Clown munduan murgilduta dabil Pailaztana taldearekin, eta bertso munduan ere sartu da, bai bertsolari moduan, Usurbilgo bertso eskolako kide delarik, eta baita, gai jartzaile moduan ere, Gipuzkoako Bertso Txapelketan lan horretan aritu delarik.
Ipuin kontaketetan Ahoz Aho jaialdiari esker barneratu dela azaldu du Imanol Arabaolazak. "Lehendabizi ikusle bezala ezagutu nuen, eta gerora, parte hartzeko aukera izan nuen". Gainera, lorpenak ere izan ditu azken honetan, izan ere, pasa den urteko Ordiziako Ahoz Aho ekimenaren barruko Kontatu Gurekin ipuin kontalarien lehiaketan bigarren geratu zen. Horrelakoek asko animatzen dutela dio Arabaoloazak: "Egiten duzuna jendeari gustatzen zaiola ikusten duzu horrelako sariekin, eta jarraitzera animatzen zaitu".
'Aitonak esana' izenburupean ariko da biharko emanaldian. "Bilobaren eta aitonaren arteko kontaketak dira. Aitonak bere esperientziak eta ezagutzak bilobari ipuin bidez zabaltzen dizkio". Tolosarrak dioenez, "ipuinen munduak askotan fantasiazkoa dirudi, baina, azkenean bere egiazko ukitua dute, eta ipuinean kontatzen denak egunerokoan islada izaten du". Hori bai, pertsona bakoitzak ipuinaren bere interpretazioa egiten duela dio Arabaolazak.
Bestalde, ipuinak umeei zuzendutako zerbait direnaren ideia dagoen arren, pertsona guztientzako ipuinak daudela dio, eta "Ahozkotasunaren jaidlaia da horren adibide".