Emakumeen Nazioarteko Eguna 2016

Martxoaren 8ko ospakizuna noizbait desager dadin

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko mar. 2a, 19:31

Aranburu jauregian elkartu ziren, udal ordezkariak eta ikastetxeetako arduradunak.

Tolosako Udalak ikastetxeekin elkarlanean aurkeztu du, ostiraletik aurrera Emakumeen Nazioarteko Eguneko ospakizun eta aldarriak plazaratzeko egitaraua; Miren Urkola omenduko dute, besteak beste.

Aranburu jauregia bukatu gabeko prestaketen aterpe izaten ari da egunotan. Kalea, ahalduntzegune erakusketa ostiralean inauguratuko dute, 19:00etan, martxoaren 8ko hitzorduen harira eta, artearekin batera, Tolosan hamaika eskaintza izango dira, emakumeen eskubideak bistaratze horretan.

Olatz Peon alkatearekin eta Maite Ruiz de Eguilaz berdintasun zinegotziarekin batera, Garbiñe Gantxegi Laskorain ikastolako irakaslea, Carmen Sanz Samaniegoko irakaslea, Onintza Muñagorri Orixeko irakaslea eta Gartxot Agirre Hirukideko irakaslea izan ziren, atzo, agenda oparoa aurkezten, eta guziak bat etorri ziren alkatearen baieztapenarekin: "Eskubide berdintasunak pertsonen garapena dakar, eta hori da demokraziaren oinarrietako bat. Martxoaren 8ak ospakizunetarako balio du, orain arteko lorpenak nabarmentzen, baina, tamalez, aldarrikapena ere behar-beharrezkoa da, emakumearen papera oraindik ez baita era naturalean errekonozitzen, hainbat esparrutan. Konpromiso eguna da, beraz, Emakumeen Nazioarteko Egunekoa".

Horrela, udalak berak antolaturiko saioak aurkeztearekin batera, Tolosako ikatetxe bakoitzak parekidetasun eza gaztetxoekin jorratzeko egindako lanketa azpimarratu zuen Peonek.

Martxoko zortzigarren egunetik harago, ordea, berdintasun zinegotziak emakumeen eskubideak urteko 365 egunetan aldarrikatu beharraz ohartarazi zuen: "Egun guztiak izan daitezela emakumeen eskubideen aldekoak, eta martxoaren 8ko ospakizuna desager dadila". Horri begira, Tolosako Udalak ezohiko osoko bilkura deituko du, datorren astelehenean, martxoak 7, Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruko adierazpen instituzional bateratua onartzeko.

EGITARAUA

  • Martxoak 4, ostirala, 19:00etan, Aranburu jauregian, erakusketen inagurazioa: Aurrez aurre:Zama. Kalea, ahalduntzegune. Liburuena: Maitasunaz eta sexuaz entzun ez duzuna/Todo lo que no te han contado sobre el amor y el sexo. Liburutegietan bi interesgune jarriko dira: Feminismoa hasiberrientzat/Feminismo para principiantes.
  • Martxoak 4, ostirala, 20:30ean, TOPICen, MonoloKos monologoak.
  • Martxoak 8, asteartea, 20:00etan, TOPICen, dokumentala: Negar franko egin zuen aitak. Bertha Gaztelumendi.
  • Martxoak 8, asteartea, Tolosako ikastetxeetan ekintza bereziak. (behean)
  • Martxoak 10, osteguna, 16:00etan, HHI/EPAn, hitzaldia: Lana bilatzeko edo aldatzeko trebetasunak. Mertxe Arratibel, feminista, coacha eta kazetaria.
  • Martxoak 11, ostirala, 20:00ean, Aranburu jauregian, kontzertua: Miren Urkola gogoan. Tolosaldeko emakumeak dantzan eta kantuan.
  • Martxoak 15, asteartea, 20:00etan, TOPICen, Zinegoak. Gaylesbotrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdia.
  • Martxoak 17, osteguna, 19:30ean, Aranburu jauregian, hitzaldia: Errealitate egitea emakumeek bortxakeriarik gabe bizitzeko duten eskubidea:giza eskubide kontua da. Maria Naredo, feminista eta ikertzailea giza eskubideen alorrean.

SAMANIEGO IKASTETXEA

Aurreko ostegunetik aurrera:

  • Goizeko sarrerako musika: “Konplize ditut eta” abestia jarriko da.
  • 5. eta 6. Mailako ikasleentzat: LILAKETA, emakumeen inguruko galdeketa. Lehen Hezkuntzako sarrerako panelean prestatutako laminak jarriko dira: logoa, lanbide desberdinetako emakumeen argazkiak, abestiaren letra…
  • Haur Hezkuntzan Mantto apainduko dugu zapi morez eta Lehen Hezkuntzako sarrera apainduko dugu ikasleek eginiko lanekin eta zapi morez ere.
  • 9:00 – Lehen Hezkuntza osorako irratsaio berezia. Esatariak: 6. Mailako elkarbizitzako batzordekideak. Irratsaioan bertan Lilaketaren irabazlea esango da.
  • Ikastetxeko langile guztiek, egun horretarako eginiko txapa jarriko dute. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikasle guztiei pultsera morea emango zaie. 5. eta 6. mailako elkarbizitza batzordekideek Haur Hezkuntzako ikasleei jartzen lagunduko diete.
  • 5. mailako balio sozial eta zibiko arloan historian zehar zerbaitengatik nabarmendu diren emakumeak landuko dituzte. Horma-irudia egingo dute eta pasiloa apainduko dute.

ORIXE INSTITUTUA

  • DBH1ean iragarkiak aztertuko dituzte, estereotipoei erreparatuz.
  • DBH2an elkarrerantzunkizuna landuko dute.
  • DBH3an ogibideak eta honen aukeraketan generoak duen eragina aztertuko dute.
  • DBH4 eta Batxilergoetan : “ Hi haiz hi” aurtengo ekitaldiaren aurkezpena egingo dute datorren urterako giroa berotzeko asmoz. Ondoren gizartean ardurakidetzaren garrantziaz arituko gara eta gure ikastetxean zer egiten dugun eta zer egin dezakegun hausnartuko dute.

LASKORAIN IKASTOLA

  • 9-10:30. Batxilergoko ikasleen EMANALDIA areto nagusian.
  • 09:50-10:30. DBHko geletan saio berezia: informazioa, hausnarketa eta BETAURREKO MOREAK egitera.
  • 10:30-11:15. Bigarren Hezkuntzako mutilek LASKOLILATOIA egiteko ibilbidea inguratuko dute eta neskak animatuko dituzte.
  • LASKOLILATOIAN parte hartuko duten neskek beroketa ariketak egingo dituzte frontoi txikian

 

  • 11:00. Sari banaketa
  • DBH 4ko ikasleen eskutik HAMAIKETAKOA: tortilla eta bizkotxoa (1€).

HIRUKIDE IKASTETXEA

  • Hainbat gai landuko dituzte ikasleekin, adinaren arabera: patioaren erabilera, emakume erreferenteak (LH), dokumentalak mikromatxismoaz (DBH), lan mundua (DBH).
  • Martxoak 10, osteguna. Aldarrikapena eta festa uztartuz, LH 3. mailatik Batxilergora bitarteko ikasleak Plaza Zaharrera jaitsiko dira, batukada baten erritmora. Giza Eskubideen astearen harira, emakumeen zapatak margotzen hasi ziren, eraildako emakumeak omentzeko. Orain, zapata horietako zenbait eraikin publikoetan jarriko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!