Galdu hitza ez dago hiztegian

M.Iraola 2016ko ots. 29a, 16:19

Argazkia: Capturasport

27-28 irabazi dio Tolosa Eskubaloiak Eibarri, neurketa estu eta borrokatu batean. Honela, berriro ere arerioekiko aldea zabaldu du.

Irabaztea garrantzitsua zen, baina ez beharrezko. Galtzea ere onartu zitekeen Tolosak. Larunbatean neurketa zaila zuen Eibarren hirugarren sailkatuaren aurka, eta bien arteko tarte zabala ikusirik, porrotak ez zukeen ondorio larririk eragingo.

Onartu zitekeen, baina ez zuen egin. Galdu hitza ez baita Tolosaren hiztegian sartzen. Igoera fasearen bila doa itsu itsuan Alex Noguesen taldea, eta bide horretan, barkatzeko tarterik ez da.

Dena den, azken jardunaldietan baino izerdi gehiago bota behar izan zuten urdinek, gol bakarreko aldeaz irabazi baitzioten talde eibartarrari.

Lehen zatian defentsak izan ziren protagonistak: Eibarrek sistemaz aldatzen zuen etengabe, eta Tolosa tinko zen 6:0-eko defentsarekin. Tolosarrek hartu zuten aurrea markagailuan, nahiz eta tarte handirik ez zabaldu. 11-13koarekin iritsi ziren atsedenaldira.

Bigarren zatia parekatuagoa izan zen. 40. minutuan armaginek berdinketa lortu zuten, eta aurretik jartzera ere iritsi ziren. Azken minutuetan lortu zuen Tolosak aldea zabaltzea. 24-24kotik bi goleko errenta izatera pasa zen, eta alde hori mantendu zuen amaierara arte. Etxeko taldearen gola 5 segundoren faltan iritsi zen. 27-28 eta pozarren!

Aitor Ibarguren eta Urtzi Otegi atezainen lana paregabea izan zen neurketa osoan zehar. Otegik, gainera, Eibarrek jaurtitako bederatzi penaltietatik bost geratu zituen. Erasoan, berriz, Aritz Otegi (8) eta Iñigo Arratibel (5) izan ziren nabarmenenak.

Garaipen honekin, beste aurrerapauso bat eman du Tolosak igoera faseko txartela lortzeko bidean. Datorren larunbatean, berriz, ia erabakita uzteko aukera du, bigarren sailkatua, Trapagaran, hartuko baitu Usabalen 16:30etik aurrera. Jarrai dezala galdu hitzak hiztegian egon gabe!

TALDEA P  I B G - AG KG PUN. DIF.
1 TOLOSA C.F. ESKUBALOIA 21 19 1 1 0 655 518 39
137
2 TRAPAGARÁN 21 17 1 3 0 646 501 35
145
3 UHARTE 21 16 0 5 0 603 495 32
108
4 SOMOS EIBAR ESKUBALOIA 21 14 3 4 0 650 538 31
112
5 ANAITASUNA 21 14 3 4 0 592 510 31
82
6 C.D. BIDASOA IRUN 21 13 1 7 0 569 518 27
51
7 ALCORTA FORGING GROUP ELGOIBAR 21 12 1 8 0 611 569 25
42
8 BETI-ONAK 20 9 3 8 0 540 524 21
16
9 EREINTZA AGUAPLAST 21 7 5 9 0 540 558 19
-18
10 GURE AUZUNE 21 9 1 11 0 591 627 19
-36
11 C.D. EGIA UR-ZE 21 8 2 11 0 641 662 18
-21
12 QUIRON ASKARTZA 20 5 1 14 0 515 593 11
-78
13 UCIN ALUMINIO USURBIL 21 4 2 15 0 558 644 10
-86
14 BM. BARAKALDO 21 5 0 16 0 542 612 10
-70
15 BM. ROMO INDUPIME 21 3 0 18 0 459 612 6
-153
16 PULPO K.E 21 0 0 21 0 403 634 0
-231

Ikusi partidako argazki gehiago

Berdinketa garrantzitsua

Bigarren taldeak urrezko puntua lortu du Deusturen aurka. Lehen zatian nagusi izan ziren eta 3 goleko aldearekin iritsi ziren atsedenaldira (14-11). Bigarrenean, ordea, bizkaitarrek estutu egin zuten eta bost minutu falta zirenean aurrea hartu zuten: 24-25. Tolosarrek ez zuten etsi, eta azken unean lortu zuten berdinketa: 27-27. Aipatzekoak izan ziren Eneko Zigandaren eta Ander Urangaren bederatzi golak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!