"Ekialde Hurbilean indusketa lanetara joaten garenean, urre bila gabiltzala pentsatzen dute"

Amaia Arranz tolosarra Kopenhageko (Danimarka) Unibertsitatean ari da lanean azken urteetan; arkeobotanikan aditua da, puzzle handi bat den arkeologiaren, piezetako bat dela uste du Arranzek.

Arkeologiarekiko duen pasioaren, eta urte luzeetan egindako lanaren ondorioz aukera izan du gustukoa duen horretan lan egiteko Amaia Arranzek (Tolosa, 1987). Arkeobotanikan aditua da bera, eta oraindik asko landu ez den espezialitatea ez den arren, lan asko dago egiteko, eta aukera balu behintzat ikerketa horretan jarraitzea gustatuko litzaioke Arranzi.

Amaia Arranz arkeobotanikan aditua dela esan, eta askok arkeobotanika zer den galdetuko dizute. Zer da?

Normalean jendea aurpegi arraroarekin geratzen da, ez dakielako zer den arkeobotanika. Azken finean, arkeologiaren espezializazio bat da. Jendeak aztarna ezberdinak aztertzen ditu: harriak, zeramika, animalia edo gizaki hezurrak... Eta nire kasuan, landare aztarnak ikasten ditut. Horregatik, botanika hitza. Landare aztarna handiak daude (ikatza edo haziak) eta baita txikiak (polena, fitolitoak, etab.) ere. Nire kasuan, landare aztarna handiak aztertzen ditut, egur-ikatza eta haziak. Oso espezializazio txikia da, arkeologiaren barruan.

Arkeologia esanda, errazagoa egingo zaio azkenean identifikatzea. Baina, jendeak ba al daki benetan zer lan egiten duen arkeologo batek?

Nik uste arkeologo hitza entzuten dutenean, pentsatzen dutela kobazuloetara joaten direla, eta duela 40.000 urteko aztarnategiak induskatzen dituztela. Baina, arkeologia ia-ia XIX. mendera arte aplikatu daiteke. Duela ehun urte su hartu zuen eliza bat induskatu daiteke, eta hori arkeologoek egiten dute. Baina, espezializazio desberdinak daude. Azken finean, materialaren araberako azterketak egiten dira. Arkeologia aztarnategi bat induskatzea da, eta ez du axola duela ehun urtekoa den edo duela 50.000 urtekoa den. Denak arkeologiaren barruan sartuko genituzke.

Materialaren bereizketa egitea bezala, zaila izaten da batzuetan ulertzea arkeologo bakoitza garai batean espezializatua egoten dela, ezta?

Bai, askotan pentsatzen da historia guztia kontrolatzen dugula. Normalean arkeologo edo ikerlari batena joaten zarenean, historiako bere garai gogokoena izaten du. Batzuk historiaurrekoak dira, eta hor barruan ere bakoitza garai jakin batean espezializatua egoten da: Paleolito garaian, Neolito garaian edo beste garai batean. Bada beste espezializazio bat, arkeologia industriala dena, eta esaterako, Bizkaian oso indartsu dago; zeren, azken finean, Bizkaian industriak garrantzia handia izan du. Arkeologo batzuk badaude espezifikoki Industria Aroa aztertzen dutenak.

Zu zer garaitan espezializatuta zaude?

Ni neolitoan batez ere. Europan mesolitikoa esaten da, baina nik Ekialde Hurbilean lan egiten dudanez Epipaleolitoa terminoa erabiltzen dugu. Paleolito garaia eta Neolito garaiaren arteko garaia da. Oraindik ehiztari biltzaileak dira Epipaleolito garai horretan. Gero nekazaritza hasten da, baina hori beste kontu bat da.

Arkeobotanika arkeologiaren anaia txikia dela sentitzen al duzue?

Nik uste dut arkeologia puzzle handi bat dela, eta puzzle horren pieza bakoitza espezializazio bat izango litzateke, eta arkeobotanika izango litzateke pieza horietako bat. Gauza da, nire iritziz, puzzle horren pieza batzuei, esaterako aztarna litikoak aztertzeari edo hezurrak aztertzeari beti garrantzia handia eman izan zaiola. Zergatik? Begi bistako objektuak direlako. Induskatzen ari zarenean ikusten dituzu eta jaso egiten dituzu. Zer gertatzen da landareekin? Ez direla ikusten. Zu zoaz induskatzen eta lur guztia ateratzen, eta ez dituzu landareak ikusten. Duela gutxi sortu den espezializazio bat da. Nire ustez puzzlearen barruan oso garrantzitsua da, baina nik uste dut oraindik lan asko egin behar dela jendea arkeobotanikaren garrantziaz kontzientziatzen.

Arkeobotanikan aditu gutxi egotea, zuretzat zer da positiboa ala negatiboa?

Nik nahiago nuke jende gehiago egotea. Azken finean, jende gutxi badago ez zaio garrantzirik ematen, eta ez bazaio garrantzia ematen zuk gero ez duzu lanik. Euskal Herrian, esaterako, nik uste dut oraindik ez zaiola nahikoa garrantzirik ematen. Aldiz, harriak ikertzen dituzten horiek lan gehiago daukate, harriak edo hezurrak beti ikertzen direlako. Eta landareekin borroka horretan ari gara. Adibidez, landare aztarna handi horiek (egurrak eta haziak), nire zuzendari izan zen Lidia Zapata izan zen Euskal Herrian lehena horiek aztertzen; duela 10-15 urtetako kontuez ari gara. Horregatik esaten dut oraindik lan asko daukagula zentzu horretan eta pena da; potentzial handia dagoela uste dut, baina kontzientziazio lana egin behar da. Eta agian, jende asko honekin ez da ados egongo, baina landareen bitartez informazio asko atera daiteke, batzuetan harriekin lortzen duguna baino gehiago. Harriekin kultura materiala nolakoa zen badakigu. Adibidez, Paleolitoan desberdina zela, Neolitoan aldatu egin zela. Baina, ez dizute informazio gehiago ematen, eta aldiz, landareekin badakigu zer jaten zuten, zer nolako zuhaitzak erabiltzen zituzten... Ebidentzia hori zuzena da, eta nire ustez horregatik informazio gehiago edo fidagarriagoa lortu dezakegu.

Bestela, informazioa hanka motz geldituko litzateke, ezta?

Bai, zeren badakigu harri mota ezberdinak erabiltzen zirela garaiaren arabera, baina gero zertarako erabiltzen ziren harri horiek ez digute esaten. Orain hasi da diziplina bat erabilera aztarnak lantzen dituena, informazio gehiago ematen diguna harriak zertarako erabiltzen zituzten esaten diguna. Baina, espezializazio hori oraindik garatzeko dago, eta ez daukagu informazio askorik.

Hala ere, zuek hasi zarete bidea egiten.

Bidea badago, baina ikerlari eta ikasle gehiago behar ditugu, honetan interesatuak daudenak. Bere denbora hau ikertzera zuzenduko luketenak. Baina, unibertsitatea ez badaukazu inor arkeobotanika egiten, aukera gutxi daude norbaitek interesa adierazteko. Eredu bat behar dugula uste dut.

Nolakoa izan da arkeobotanikako aditua izan arteko bidea?

Jende askok galdetzen dit hori. Nik historia ikasi nuen, zeren Euskal Herriko Unibertsitatean ez zegoen arkeologiako ikasketarik. Historiaren barruan, historiaurrea gustatu izan zait gehien eta orduan, historiaurreko irakasleekin eta kontaktuan egon nintzen eta indusketetara joaten hasi nintzen. Lehenengo Diman egon nintzen, Paleolito garaiko aztarnategi batean, [Joxe Miel] Barandiaranek induskatu zuena. Gero Nikaraguara joan nintzen, eta hurrengo saltoa jada Ekialde Hurbilera izan zen. Garai horretan, karrera amaitzen ari nintzen eta ez nekien ziur zer egingo nuen. Egia esan, niri arkeologiaren barruan dena gustatzen zitzaidan: harriak, zeramika, hezurrak, antropologia... Azkenean, ez dakit zortea edo izan zen, baina, Ekialde Hurbilera joan nintzenean arkeobotanikoa behar zuten hango materialak ikasteko. Euskal Herriko Unibertsitateko nire irakasle batek proposatu zidan Siriara joatea, bertan induskatu eta tesia horri buruz egiteko proposamenarekin batera. Interesa piztu zitzaidan eta nire buruari galderak egiten hasi nintzen: zertarako erabiltzen zituzten? Zer nolako landareak jaten zituzten? Pixkana irakurtzen hasi nintzen, eta horrela hasi nintzen. Beka bat eskatu nuen masterra egiteko. Urtebeteko masterraren ondoren, hiru urteko beka eman zidaten tesia egiteko, nahiz eta gero pixka bat gehiago luzatu zaidan. Hamar urte egin ditut ikasten gutxi gorabehera.

Esan duzun bezala, arkeobotanikara karrera amaituta zuzendu zinen. Masterrean eta tesian hori landu duzu.

Normalean karreran zaudenean arkeobotanikari buruz ez duzu gehiegi ikasten. Badaude ikasgai batzuk zer edo zer lantzen dutena, esaterako, nekazaritzaren sorrera. Nik zortea izan nuen Euskal Herriko Unibertsitatean Lidia Zapata ikerlaria zegoelako eta berak asko hitz egiten zigulako landareei buruz, zer ikerketa gai jorratu zitezkeen... Eta horregatik uste dut errazagoa izan zela, baina ez badaukazu eredu bat, honetan aditua dena, zailagoa iruditzen zait arkeobotanikaren munduan sartzea; zeren esan bezala, oso jende gutxi dago eta haziak eta ikatzak aztertzen are gutxiago, polena lantzen badago jende gehiago, egia esan.

Masterra kuaternarioko zientzietan egin zenuen. 

Masterra orokorra zen. Arkeologia eta geologiaren arteko master bat zen. Egia esan oso ondo egon zen, zeren historia adarretik nentorrenez, zientziak Batxilergotik edo lehenagotik landu gabe nituen. Bat-batean fisika, kimika, geologia lantzen hasi ginen, eta hasiera batean arraroa izan zen. Baina, ondo etorri zitzaigun, izan ere, azken finean arkeologia oso lotuta dago geologiarekin. Norbaitek arkeologia egin nahi badu master hori egitea gomendatzen diot. Oso zabala da, diziplina asko lantzen dira: arkeobotanika, antropologia fisikoa, kultura materiala, geologia... Arkeologo batek jakin beharrekoak lantzen dira.

Tesian, berriz, Siriako aztarnategi bat aztertu zenuen.

2009an joan nintzen Siriara, eta bi urtetan, bi indusketa kanpainatan egon nintzen. Hango materialak hartu genituen eta horiek analizatzen hasi nintzen. Baina, 2011ko udan jada Siria gerran hasi zen eta ezin izan genuen itzuli. Nik zortea izan nuen, zeren bi urte horietan hartutako materialak nahikoa izan ziren, nire tesia egiteko.

Hori arazo handia litzateke. Hiru urtez material horiek ikertu nituen, eta nekazaritzaren sorrerari buruzko tesia egin nuen. Horri buruz dena badakigula ematen du, Ekialde Hurbilean sortu zela, eta haziak izan zirela. Baina, gero konturatzen zara galdera pila bat daudela erantzun gabe eta tesiarekin aukera izan nuen galdera horietako batzuk erantzuteko. Orain tesi horren emaitzak publikatzen ari naiz. Tesia izugarrizko lana da, nire kasuan 500-600 orri, eta gero hori laburtu eta publikatu egin behar da zientzietako aldizkarietan, eta hori lan gehigarri bat da. Batzuek tesia idazten duten bitartean publikatzen dute, baina nire kasuan ezin izan nuen, lan gehiegi zelako.

Ondorio interesgarriak atera zenituen seinale!

Askotan uste dugu dena dakigula gai bati buruz. Gero gai horri buruz irakurtzen eta publikatu dena begiratzen hasten zara, eta konturatzen zara ez dakigula ezer. Oso aldakorra da zientzia. Publikatu dena oso sendoa dela pentsa zenezake, eta hemendik bost urtera kontrako zerbait ateratzen da.

Adibidez, Ekialde Hurbileko kasuan uste zen nekazaritza Turkian sortu zela, eta handik hedatu zela beste tokietara, Siriara edo Jordaniara, esaterako. Eta gaur egun badakigu ez dela horrela izan eta nekazaritza zaharrena Siria inguruan daukagula eta ez Turkian. Agian, hemendik hamar urtetara esango digute oraindik zaharragoa dela Iranen edo Libanon.

Nola ikusten duzu ikerkuntza arloa Euskal Herrian?

Nik, egia esan, uste nuen Euskal Herrian ikerketa gaizki zegoela, eta ez dugu esango munduko onena denik, baina, orain Kopenhagen nagoenetik, eta hango unibertsitatearen errealitatea daukadanetik, ikusten dut Euskal Herrian ez dagoela hain gaizki. Adibidez, orain Kopenhagen hasi dira zientzia edo ikerketa gai txikiak, karreran jende gutxik hartzen dituenak, oraingo gobernuak kendu egin ditu eta ehunka irakasle eta ikerlari bota egin ditu unibertsitatetik. Hori hemen ez dugu bizi. Murrizketak egon dira, eta agian, kontratu gehiago ez dituzte egin, baina unibertsitatean nik dakidala ez da horrelako astindurik eman. Ikerketa mundua beti da zaila, konpetentzia handia dago. Nik esango nuke triangelu bat bezala dela. Beheko aldean lizentziatura egongo litzateke, eta bertan ehunka pertsona daude. Gero estutzen joaten da, masterra egin eta jende gutxiago, doktorego tesia egin eta jende gutxiago, eta horrela puntara iritsi arte. Azkenean biziraupena da. Gogor egin behar da, eta erresistentzia landu. Nik ez dakit noraino iraungo dudan. Agian, hemendik bost urtetara kitto esango dut. Ikerketa mundua zaila da. Postu finko bat eta soldata on bat nahi baduzu, horri garrantzia ematen badiozu, aukeratu ezazu beste zerbait; zeren ikerketa munduan ez duzu hori lortuko, ziur. Zure lehentasunen arabera gauza bat edo bestea aukeratu behar da.

Unibertsitatean ikasle gazteak ikerketara bideratzen direla uste duzu, ala hori ere mundu itxia da?

Oso itxia da. Hemen Euskal Herrian jada itxiak gara eta nik uste unibertsitate mailan ere oso itxiak garela. Adibidez, Kopenhagen Europa aldeko ikasle asko joaten dira unibertsitatera: ingelesak, frantsesak, bulgariarrak, alemaniarrak... Baina, Euskal Herrian denak hemengoak gara, gehienez andaluziarren bat edo frantsesen bat etorriko da. Nik uste dut pixkanaka aldatzen joango dela, baina oraindik falta da. Eta ikerketa mailan laguntzak eta nahikoa eskasak izaten dira, eta batez ere doktoregoa bukatu eta gero laguntza guztiak kanpora joateko dira, ez dira etxean gelditzeko.

Zergatik uste duzu gehiago bultzatu beharko litzatekeela?

Bestela gaur egun bezala geldituko ginatekeelako. Esan dudana zientzia oso aldakorra da. Gaur pentsatzen duzu dena dakizula eta bihar konturatzen zara ez dakizula ezer. Kulturalki edo sozialki garatu nahi baduzu, berrikuntza behar duzu. Ikerketa berrikuntza da; zerbait berria gehitzen du. Esaterako, medikuntzan izugarrizko aurrerapenak dauzkagu eta praktikoak, egunerokoan aplikatu ditzakezunak. Arkeologian kultura mailan aurreratzen dituzu gauza berriak. Ulertzen duzu gaur egungo gizartea nolakoa den eta zergatik den horrelakoa. Nik uste arkeologiak eta historiak hori ematen digutela.

Nik uste, hala ere, gaur egun batez ere gazteek ez dutela galdetzen zergatik den mundua horrela, edo zergatik den Euskal Herria horrela. Aldiz, historiagileek eta arkeologoek egiten duguna irakurriko balute, gauza gehiago ulertuko lituzkete.

Egun Kophenageko Unibertsitatean ari zara lanean. Lan egiteko metodoak asko aldatzen al dira?

Nik Euskal Herriko Unibertsitatean lan egin izan dudanean, aipatutako Zapata ikerlariak laborategia prestatuta zuen ikerketa horiek egiteko. Dena zeukan; mikroskopio oso onak, landareen erreferentzia bilduma... Laborategi guztia prest zuen. Orain Kopenhagera joan naizenean, unibertsitatean ez dago ezer eta prozesua oso motela da. Badago horrelako zerbait Kopenhageko Historia Naturaleko Museo Nazionalean. Hor badago neska bat ni bezalako ikerketak egiten dituena, baina teknologikoki ez nuke esango aurreratuagoa denik. Egia esan guk egiten ditugun ikerketak egiteko ez ditugu gauza askorik behar, mikroskopio bat kamera on batekin eta erreferentzia bilduma on bat.

Eta material hori izanda, lan egiteko modua aldatzen da?

Aldatu daitezke, baina ni nagoen unibertsitatean ez. Agian, beste unibertsitate batzuetan, esaterako, Frantzian eta badaude laborategiak espezializatuta analisi mota bakoitzean. Ikatzen kasuan, dendrokronologia egiten dute, ikatzen eraztunak neurtzea dena, eta horrek informazio pila bat ematen du. Hori adibidez, niretzat teknika berria da. Baina, ez dut aukerarik izan hori egiteko.

Esku artean duzuen proiektua Jordanian kokatuta dago. Azaldu iezaguzu zertan ari zareten.

Jordaniaren iparraldean eta ekialdean, basaltozko basamortua dago. Toki nahiko berezia da. Basamortua da, ez dago ezer, ez da inor bizi, ez dago urik, ez dago landaretza, tenperatura altuak daude eta inork ez du hor bizi nahi. Hori dela eta aztarnategiak oso ondo kontserbatzen dira. 1992. urtean Epipaleolitikoko aztarnategi bat aurkitu zen, duela 15.000 urtekoa. Indusketa txiki bat egin zuten, baina ez zuten jarraitu. Kopenhageko nire nagusiak, Tobias Richter-ek erabaki zuen 2010. urtean aztarnategi hori industea. Lau urtez aztarnategia industu dugu eta ideia egiteko aire zabalean dagoen aztarnategi bat da (Euskal Herrian esaterako ez dauzkagu aire zabalekoak, denak kobazuloetan egoten dira). Kontserbazioa dela eta aztarnategi oso polita da, landutako harrizko estruktura zirkular bat du hamar metrotako diametrokoa gutxi gorabehera eta harrizko beheko su bat du erdian, proportzioan oso handia dena. Interpretazioarekin bueltaka gabiltza. Ez gaude seguru etxe normal bat den edo funtzio berezi bat daukan, zeren beheko su horretan aurkitu ditugun objektuak nahikoa arraroak dira, ez ditugu oso ondo ulertzen. Hor gabiltza ikertzen.

Bestalde, hilobi batzuk ere baditugu, ume pila batekin. Datu guztiak batera jarri arte ez gara gai izango esateko zer funtzio zuen. 15.000 urte dauzka eta garai horretan klima oso ona da, leku horretan ur pila bat zegoela (ibaiak eta lakuak zeuden), badakigu laku inguruko tuberkulu batzuk jaten zituztela eta txorien migrazio lekua zenez txori pila bat lakura joaten zirela eta bertan harrapatzen zituztela. Gaur egungo paisaiarekin ez dauka zerikusirik. Duela 15.000 urte Paleolito garaia zen Euskal Herrian, kobazulo garaia. Han zerealak jaten eta ustiatzen hasi ziren; oraindik ez dituzte etxekotzen baina bistakoa da zerealak era garrantzitsuak zirela jada garai horretan.

Zuen lanaren oinarri indusketak dira. Lanaren momenturik hunkigarriena al da? 

Bai. Urte guztian planifikatzen duzu indusketa garai hori, normalean maiatza edo ekaina inguruan izaten dena. Taldean 20-25 pertsona gaude, eta dena prestatu behar da: lo egiteko tokia, janaria, ura (oso garrantzitsua Jordanian)... Hasten denean denbora ahalik eta gehien aprobetxatu nahi da, zeren normalean hilabete edo asko jota bi hilabeteko lanaldiak izaten dira. Oso intentsoa izaten da. 05:00etan esnatzen zara, 05:30etarako gosalduta aztarnategira joaten zara lanera, 19:30ak arte edo. Buru belarri aritzen zara lanean, zeren estrukturaren kanpo aldean zer dagoen ikusi nahi duzu, aldi berean dena ondo dokumentatu behar duzu.

Pentsatu behar da induskatzen ari zarenean, suntsitu duzuna suntsitu duzula eta aurki duzuna aurkitu duzula, baina ez dagoela bigarren aukerarik. Dena ahalik eta ondoen egin behar duzu, zurea da ardura, eta zure ondoren datorrenak gauzak ez badituzu ondo egin, ezingo du berreraiki. Lan ordu asko dira. Hilabete horretan ahalik eta informazio gehien eta ahalik eta modu onenean hartu behar da. Egunero aurkitzen duzu zerbait. Guk duela 15.000 urteko aztarnategia induskatzen dugu eta hala ere, gure ezustekoak izaten ditugu. Brontze Aroko aztarnategi batean urrezko gauzak edo aurki ditzakezu. Gure kasuan askoz umilagoak dira; harrizko tresnak eta izaten dira, nahiz eta batzuetan lepokoak edo artea aurkitzen dugun. Oso momentu bereziak izaten dira. Inguruko biztanleek harri bat aurkitu dugula entzuten digutenean harrituta gelditzen dira, ez dute ulertzen zergatik gauden hain pozik. Beti pentsatzen dute urre bila gabiltzala, bai Sirian, bai Libanon, bai Jordanian. Ezin dute sinistu harri batekin horrelako emozioa sentitzea.

Horrek esan nahi du arkeologia ez dutela ezagutu ere egiten.

Ez, beraientzako Europatik iristen gara, ordu luzez bidaiatu eta gero, azal zuriko hogei neska-mutil, eta oso arraroa da eurentzat. Izan ere, goizeko seietatik eguzki azpian aritzen gara lanean ordu luzez, eguerdian ere lanean jarraitzen dugu dagoen eguzkiarekin eta intsektuekin, eta gainera, harriak lortzeko. Ezin du izan! Ez dute ulertzen. Hala ere, normalean joaten garen lekuko jendea proiektuan barneratzen saiatzen gara. Adibidez emakumeei guri bazkaria egitea gustatzen zaie, eta normalean horretarako kontratatzen ditugu. Gizonezkoak, berriz, gurekin etortzen dira indusketara eta lurra eramaten edo bahetzen laguntzen dute. Gurekin ibiltzen direnek, gehiago ulertzen dute, eta harriak eta hezurrak besterik biltzen ez ditugula pentsatzen dute. Pixkanaka herrian zabaltzen dute ez dugula urrea aurkitzen. Bestalde, herri txikiak izaten direnez zer egiten dugun eta leku hori zergatik den hain garrantzitsua azaltzen saiatzen gara. Jendea interesatzen da. Pentsa zu ehun biztanletako herri batean bizi zarela, eta bat-batean hamar pertsona etortzen zaizkizula zure herrian dagoenarekiko interesa azaltzen. Hori asko gustatzen zaie egia esan. Nik normalean indusketaz gain etnografia eta etnobotanika pixka bat egiten dut.

Egun bat hartzen dut eta herriko amona zaharrengana joaten naiz, eta euren amak edo amonak landareak nola erabiltzen zituzten, edo zein landare jaten zituzten eta zeintzuk ez, edo nola landatzen zituzten zerealak... Eta hori pila bat gustatzen zaie, zeren garrantzitsuak sentitzen dira. Eta dena ematen dizute: kafea, tea, jatera gonbidatzen zaituzte... Nire taldekideek beti esaten didate festara joaten naizela, zeren izugarrizko betekadarekin itzultzen naiz, eta oso ondo pasatzen dut. Oso jende umila da. Dena ematen dizute eta oso esku zabalak dira.

Eurei arraroa egiten zaie zertan ari zareten ulertzea. Baina, gutako edonorentzat ere lokatza edo hondarra den horretatik, zuek atera dezakezuen materiala eta informazioa ateratzea oso harrigarria da.  

Hori azken finean ezjakintasunak eragiten du. Niri ingeniari batek orain makina baten inguruko azalpenak emango balizkidake harrituta geldituko nintzateke. Hainbeste espezializatu gara gauza bakoitzean, horretan ez bazaude ez duzula ezertxo ere ulertzen. Zientzia dago hor atzean, eta norbaitek ikasi nahi badu azalpenekin edonork ulertu ditzakeen gauzak egiten ditugu. Nire ustez ez da hain konplikatua. Denbora behar duzu, nire kasuan esaterako sei edo zazpi urte pasa ditut hori egiten.

Indusketetako esperientzia ere ezinbestekoa da zuentzat, ezta?

Gogoratzen dut indusketetan hasi nintzenean hezurrak eta ikusitakoan, ez nekiela animalia hezurrak edo gizakienak ziren. Pixkanaka beste ikerlari batzuekin zaudenez ikasten joaten zara. Orain berdina gertatzen zaie beste batzuei nirekin, esaterako ikatza lokatzetik bereizterakoan. Informazioa pertsona batetik bestera pasatzen da, eta horrela ikasten dugu denok.

Indusketatan aritzeagatik herrialde ezberdinak ezagutzeko aukera izan duzu, nahiz eta Ekialde Hurbilera bidaiatu duzun gehien.

Euskal Herrian lan gutxi egin dut. Historiako lizentziaturan nengoenean ikerketa pixka bat egin nuen, baina batez ere Ekialde Hurbilean ibili naiz. Siriako gerra hasi zenean, Libanora joan ginen, eta handik Jordaniara, aurten bosgarren urtez joango gara. Bestalde, aurten proiektu bat hasiko dugu Iranen. Herrialde hau ireki denez, posible da hara joan eta hango aztarnategiak industea. Oso garrantzitsua da nire ustez, nekazaritzaren sorreraren inguruko lehenengo proiektuak Iranen gauzatu zirelako, 70. hamarkadan. Niri ilusioa egiten dit orain berriro joateko aukera izatea, 70. hamarkadatik ez delako ezer egin eta aztarnategi berak induskatu ditzakegulako baina metodologia berriarekin. Urte hauetan gauza asko aldatu dira arkeologian, eta ezagutza guzti hori aztarnategi horietan aplikatu ahal izateko irrikan nago.

Herrialde ezberdinetan garrantzia berdina ematen al diete dituzten aztarnategiei.

Siria iparraldean eta hegoaldean antzeko jarrerak topatu nituen, jakin-mina eta urrearen bila genbiltzala pentsatzea. Jordanian ere, Siriatik 15 kilometrotara ari gara lanean, eta bertakoak drusoak dira; ez dira ez islamiarrak, ezta katolikoak ere, beste erlijio bat da. Jakin-mina izaten dute batez ere. Libano, aldiz, Europaren antzekoagoa zen. Egon ginen lekuan bazuten ezagupen hori, bazekiten zertara gindoazen eta jakin-min gutxiago zeukaten. Gainera, arazo gehiago izan genituen poliziarekin eta. Horregatik, esperientzia ez zen hain ona izan. Siria eta Jordanian, berriz, beti herri txikietara joan izan gara, jende gutxirekin, eta jendea desberdina da.

Ezagutza hain gutxi izateak, aztarnategien mantentzean badu eraginik?

Normalean aztarnategietara joaten zarenean itxi egiten dira, hau da, lurra bota eta estali egiten da. Esaterako, duela bi urte aztarnategi batera itzuli ginenean zulo bat egina zutela ikusi genuen, urrea hor ote zegoen begiratzeko. Baina, oso jende gutxi bizi da, eta oso leku txiroak dira. Hortaz, dirua lortu badezakete berdin zaie zer egin. Ez dago kultura edo aztarnategiak babesteko kultura hori. Beraiek bizitzan beste lehentasunak dituzte. Janaria badute eta familia ondo badago, orduan interesatuko dira beste gauza batzuetaz, baina lehenengo oinarrizko gauzak ase behar dituzte. Horregatik egiten dute, ez da gaiztoak direlako edo zerbait saldu eta dirutza lortu nahi dutelako. Dirua lortu behar dute bihar jan ahal izateko.

Eta aztarnategiez gain, zer azpimarratuko zenuke herrialde horietatik?

Nik beti jendea esaten dut. Siriara joan nintzenean paisaiak eta oso politak ziren, basamortuak, dena hori kolorekoak. Paisaiak harrituta uzten zaitu zeren Euskal Herritik oso desberdinak dira. Baina, niretzako azpimarragarriena jendea da. Nik oso ondo pasatzen dut jendearekin. Nik ez dut arabieraz hitz egiten, eta beraiek ez dute ingelesez hitz egiten, baina eskuekin keinuak eginez eta komunikatzea lortzen duzu. Ikustekoa da zeinen esku zabalak diren! Zeren pentsa zu zure etxean zaudela lasai, eta bat-batean bi kanpotarrek zure etxeko atea jotzen dutela paper batzuekin, kamara batekin eta galderak egin nahi dizkizutela esanez. Hemengo askok atea itxiko genuke, baina han ez. Etxera sartzeko gonbita egiten dizute, eta jatekoa eta edatekoa eskaintzen dizute. Daukaten guztia ematen dizute. Oso irekiak dira.

Esperientzia profesionalaz gain, esperientzia pertsonal garrantzitsua da, hortaz.

Bai. Beraiek beste balore batzuk dituzte. Ez dira ari pentsatzen dirua aurreztu eta kotxe bat erostean. Ogi puska bat badaukate eta zuk gosea badaukazu zurekin banatuko dute; bihar ez dakite iritsiko den, baina, bihar biharkoa izango da. Jendeak bi oilo eta bi ardi izan arren, beti alai daude, beti parrez.

Gainera, zuek ere bitxiak izango zarete beraientzat ere.

Gogoan dut behin emakume batzuk afaltzera gonbidatu gintuztela, eta kamiseta mahuka-luzekoa ez zenez besoko iletxoak ikusi zizkiguten eta gutaz parrez aritu ziren. Argizaria atera zuten depilatu nahi gintuztelako. Bat depilatu zuten, eta henazko tatuajeak egin zizkiguten. Itxura horrekin ezin genuela joan esaten ziguten!

Zer aurkitzea litzateke arkeobotanikako aditu baten ametsa?

Zerrenda bat egitea izango nuke. Arkeobotanikan arazoa da landareak ez badaude ikaztuta, ez direla kontserbatzen dira, baina munduko beste leku guztietan ikaztuta ageri dira. Egipton lehortuta ere kontserbatzen dira. Horregatik, niretzako izugarrizkoa izango litzateke berdin zait zein garaitako etxola batera edo aztarnategi batera iritsi eta harriez gain, egurrezko tresna guztiak, landareekin egindako arropak, zirriak edo oheak aurkitzea. Dena perfektu aurkitzea, duela bost minutu utzita bezala egongo balira. Aztarnategiak industen ari garenean harrizko gauzak bakarrik aurkitzen ditugu. Ni ziur nago oheak, arropak, egurrezko instrumentuak egiten zituztela, baina ez ditugula kontserbatu, eta horregatik da hori nire ametsa. Egun Afrikara joaten bagara etxolak palmeren hostoekin egindakoak ikusten ditugu, edo Amazonian tribuek landarezko gauzak izaten dituzte. Historiaurrean ere horrela izango zen, baina ez zaizkigu kontserbatzen.

Eta aurrera begira, zer lantzea gustatuko litzaizuke?

Pozik nago, nagoen lekuan. Euskal Herrian ere egin nahiko nuke zerbait, zeren badakit zenbait aztarnategitan arkeobotanikako materialak gorde direla, baina oraindik inork ez dituela aztertu. Ez dakit, ordea, denborarik izango dudan, zeren Ekialde Hurbileko kontuekin lan asko daukat. Hala ere, jakin-mina sortzen dit Euskal Herrian aurkituko nukeenak. Konparaketa egiteko aukera izango nuke, zeren Ekialde Hurbilean kronologia oso antzekoa da, eta konparaketa polita izango litzatekeela uste dut.

Zertan ikusten duzu zure burua?

Euskal Herrira itzuli nahiko nuke, azkenean gauza pertsonala da. Ikertzen jarraitu nahi dut. Aztarnategi asko daude eta lan asko egin daiteke, baina badakit zaila izango dela. Momentuz beste bost urtez lana egiteko kontratua badaukat. Pribilegiatu bat naiz. Jordanian egiten duten bezala, nahiago dut bihar zer gertatuko den ez pentsatu, zeren bestela ez dut momentua disfrutatzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!