«Antzezlanak, barre egin eta hausnarketarako bide ematen du»

Iñigo Terradillos 2016ko ots. 26a, 08:58

El Florido Pensil antzezlana berreskuratu dute, lehen aldiz taularatu zenetik hogei urtera; estreinatu berria da eta gaur bertan, 20:30ean, Leidorren ikusteko aukera izango da.

Gerra osteko eskola nazional eta katolikora itzuli da TTanttaka antzerki konpainia, El Florido Pensil antzerki obrarekin. Andres Sopeñaren eleberrian oinarritutako lan hau, 1996an taularatu zen estreinakoz eta oraingoan bost emakume igo dira agertoki gainera. Gaur, 20:30ean, ariko dira Leidor Aretoan Teresa Kalo, Loli Astoreka, Gurutze Beitia, Itziar Lazkano eta Elena Irureta.

Zer moduz zaude?
Oso pozik. Asteartean 20 urte egin ziren funtzio hau estreinatu zela Ordizian, eta guk ere asteartean bertan egin genuen antzezlana. Asteartea izan arren, beteta zegoen antzokia eta oso gustura aritu ginen. Eta orain Tolosara goaz, deseatzen gaude.

Pozik zaudete antzezlana izaten ari den harrerarekin?
Oso pozik. Ez genuen espero, hainbesterainoko harrera izango zuenik eta nola jendeak ikusita zeukan aurreko antzezlana ez genuen pentsatzen horrelako erantzunik izango zuenik. Baina, Bilbon lau egunetan izan ginen, eta Arriaga beteta izan dugu egunero, eta kritika onekin, gainera.

Antzezlana oso ezaguna da. Baina, lehen aktoreak gizonezkoak ziren eta orain emakumezkoak. Aldaketa zertan nabarituko da?
Eszena batzuk berriak dira. Gutxi gora behera obra berdina da, beste eszena batzuekin, eta beste ikuspuntu batekin, emakumeen ikuspuntutik. Nik uste oso ondo dagoela; behintzat jendeari asko gustatu zaio, eta baita niri eta nire lankideei ere.

Guztia umore ukituarekin.
Bai, noski. Drama bat bezala ezin duzu kontatu. Gaur egun beste ikuspuntu batetik begiratzen dituzu orduko kontuak, eta jendeak barre egiten du gogoratzen zer nolako gauzak erakusten zituzten gogoratzen.

A zer nolako gauzak erakusten zituzten!
Bai, gainera, guk liburu originalak ditugu eta irakurtzen ditugunean zer problemak, zer kontuak eta zer idazlanak.

Esaterako, neskek euren eskolak zituzten etxeko zereginetarako.
Hogar deitzen genien eskolak ematen zizkiguten, etxeko lanak egiteko. Etxea baitzen gure kontua. Orain harriduraz hartzen ditugu, baina lehengoan Itziar Lazkanoren semea etorri zen antzezlana ikustera eta benetan horrela zen edo fikzioa den galdetzen zigun. Baina, fikziorik batere ez. Guk obran esandako guztia, liburutik ateratakoa da. Ez dago batere esajeratuta, horrela zen; umorearekin kontatutakoa, baina benetakoa.

Ez hitz egin euskaraz, andereñoek ez dute euskaraz hitz egiten eta. Hori eta horrelako hamaika kontu entzun behar izaten zituzten.
Bai. Ni Zumaian moja ikastetxe batera joaten nintzen eta hala esaten ziguten. Obra ikustean konturatuko zarete horrelako zenbat eta zenbat gauza gertatzen ziren.

Nola oroitzen dituzu garai haiek?
Nik flashak besterik ez daukat, zeren gu eskolan ibili ginenean ez zen hainbesterako izan. Niri ez zidaten behin ere eskua gainean jarri. Gure antzezlanean ikusten da eskolan nola jotzen zuten. Baina erdaraz egin beharra eta euskara zerbait lotsagarri bezala ikustea bizi izan dut. Guri izugarrizko lotsa ematen zigun erdaraz ez jakiteak txikitan. Gure artean erdaraz hitz egiten hasi ginen. Lagunekin eta ahizpekin erdaraz aritu izan gara urte askotan eta ia euskara galdu ere bai.

Antzezlana amaitutakoan hausnarketarako bidea ematen duela entzun dizuet.
Nik uste dut horretarako dela. Zuk barre egin eta gero tabernara joan zerbait hartzera, eta hausnarketa bat egitea. Seguru jendeak hori egingo duela, zeren hitz egin beharra dago, zer edukazio mota zen aztertzeko.

Zuk zer paper egiten duzu?
Ana Mari Agirre izena duen neska kozkor bat naiz. Nahikoa petrala da, ez du aintzat hartzen jotzen badute edo. Nire bizitza ere pixka bat horrela izan da.

Tolosan izango zarete gaur, baina gero emanaldi mordoa dituzue lotuta.
Hasi aurretik ia berrogeita hamar bat bagenituen lotuta, eta orain ia egunero iristen ari zaizkigu data berriak. Madrilen eta Valentzian eta guzti. Datorren urteraino lotzen ari gara. Zorte ikaragarria izan dugu horrelako obra batean parte hartzeko.

Antzerkian ikusiko zaitugu batetik, baina baita bestetik telebistan ere Eskamak kentzen telesailean?
Bai, horrela suertatu da. Guk telesaila grabatuta genuen eta ez genekien noiz emango zuten telebistan. Aste honetan hasi da, eta jendeak esan dit gustura ikusi zutela, eta gero jakin dut audientzia ere oso ona izan zuela. Beraz, pozik eta ea jarraitzen duen fikzioak, ea animatzen den Euskal Telebista fikzio pixka bat gehiago egiten.

Baina, hurrengo zita gaur Tolosan bertan.
Jendeari esan etortzeko zeren oso ondo pasako duela. Algara batzuk botako dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!