Jatea baino zerbait gehiago

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko ots. 18a, 12:21

Zerealak lehenesten ditu makrobiotikak, beste zenbait elikagaireki batera; hori guztia azalduko dute, bihar, kultur etxean.

Makrobiotika eguna ospatuko dute, larunbatean, Tolosan; urtaro bakoitzean hitzordu bat antolatzea dute helburu

Kultur etxeak bizi filosofia baten oinarriei estalpe emango die, larunbat arratsaldez, Tolosan. Herritar talde batek makrobiotika eguna antolatu du, estreinakoz, eta hitzaldi errenkada afari batekin biribilduko dute, bertaratu nahi dutenentzat.
Egitasmoa makrobiotikaren inguruko ikastaro txikiak egin izan dituzten herritar talde batean sortu da, antolatzaileek azaldu dutenez. Hilero elkartzen dira La Jara elkartean, makrobiotika hizpide izateko eta, noski, hitz egindako horren ondoren, afari makrobiotikoa egiteko.
Horrela, beraz, hitzordu horietako batean suertatu zen galdera: «Eta, txuleta festaren bidetik, makrobiotikaren eguna antolatuko bagenu?».
Esan eta egin. Egutegia eskuan hartu, eta data zehaztea izan zen lehen lana. Bigarrena, berriz, beren egitasmoaren berri ematea; hori baita makrobiotika egunaren helburuetako bat, elikadura mota hori ezagutaraztea, eta makrobiotika jateko modu bat baino gehiago dela plazaratzea.
Azken urteotan makrobiotikara gerturatu eta makrobiotikan murgildu den gero eta jende gehiago dagoela diote antolatzaileek, baina, hala ere, bizitzarako filosofia honen nondik norakoak azaltzea beharrezkotzat dute. Hori dela eta, urtaro bakoitzean makrobiotika egun bat antolatzea da beren nahia: «Ikusiko dugu lehenengoa nola ateratzen den, baina, makrobiotikaren oinarrietako bat garaian garaiko produktuak kontsumitzea den heinean, egokia litzateke urtean lau hitzordu zehaztea».

Bizi estilo bat

Gaur egun, makrobiotikaren inguruan ezer entzun ez duen inor gutxi izango da. Besteak beste, zerealak lehenesten dituen elikadura da, eta barazkiak ere gehitzen dizkiote beren dietari. Makrobiotika, ordea, azalpen horretatik harago doa, bizi estilo bat markatzeko ere balio baitu.
Horregatik, Tolosako lehen makrobiotika eguna oinarrizko kontzeptu eta ideiak azaltzeko bidea ere izango da, larunbatean, 16:00etatik aurrera, kultur etxean. Hasteko, adimen emozionalaren inguruko hitzaldi bat izango da, eta nekazaritza ekologikoa ere hizpide izango dute ondoren. Hirugarren hitzaldia, berriz, makrobiotika zuzenki jorratzera bideratuko dute.
Behin hori guztia entzun eta eztabaidatuta, afari makrobiotikoa egingo dute La Jaran. Menuak 15 euroko prezioa izango du eta, haurren kasuan, 5 euro ordaindu beharko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!