Herritarren arteak apainduko ditu Berazubi estadioko hormak

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko ots. 17a, 16:17
Miren Goikoetxea, Olatz Peon, Estibaliz Vera eta Veronica Werckmeister, aurkezpenean.

Hiru artistaren gidaritzapean, murala eta mosaikoa uztartuko dituzte hormetan; maiatzerako itxuraldatuta izango dira paretak.

Berazubi estadioko eraberritzearen bigarren fasea bukatzeak aldaketa bat ekarri zuen inguru horretara: orduz geroztik, badirudi estadioa tolosarragoa dela lehen baino, herriarekin harreman zuzenagoa duela.

Bada, integrazio hori ez da soilik arkitektonikoa izango, eta estadioari kalera begira zutik geratzen zaizkion hormetan, bizilagunen nortasun zati txikiak itsatsita geratuko dira, udalak aurkeztu berri duen egitasmoarekin: artistikoki apainduko dituzte paretak.

Berazubiko frontoian eman dute proiektuaren berri eta, Olatz Peon alkatearekin batera, proiektuaren sortzaile Veronica Werckmeister, proiektuko zuzendari Estibaliz Vera eta laguntzaile lanetan ariko den Miren Gonzalez artista tolosarra ere izan dira.

Prozesua bera «oso ikusgarria» izango dela azaldu du Werckmeisterrek, eta badaki zertaz ari den: esperientzia oparoa du nazioartean eta, besteak beste, Gasteizko Alde Zaharreko mural gogoangarriak horrelako proiektuekin bideratu izan ditu.

Egiazki, aipatu dinamika sinplea da oso: hiruzpalau bilera ireki egingo dituzte parte hartu nahi duten herritarrekin, eta ideia zaparrada horretan erabakiko dute muralaren diseinua. Ondoren, muralaren zati bat artisten esku zailduek gauzatuko dute, eta herritarrek beren kutsua uzteko aukera izango dute, bigarren fase batean.

Maiatzean ikusgai


Bihar bertan izango da lehen bilera, Paper eskolan, 19:00etan. Proiektua azaldu, eta lanean hasiko dira segituan, hurrengo hiru bileretan – otsailaren 23an eta 25ean, eta martxoaren 1ean eta 7an, ordu eta leku berean– dena biribiltzeko.

Murala, berriz, apirilaren 4tik 30era bitarte osatuko dute, Berazubiko hormetan. Batetik, estadioko frontisaren horma apainduko dute, kanpoaldetik eta, era berean, Tolosa CF plaza aldeko hormak ere artez blaituko dituzte.

Oraingoz, ez dute ez diseinurik, ez ideiarik: «Muralaren neurria bakarrik daukagu, eta badakigu erdia murala izango dela, eta beste erdia mosaikoa. Beraz, margo akrilikoa, harlauza eta mailua erabiliko ditugu», dio Verak.

Eta hain zuzen ere mosaikoaren zatian beharko dute herritarren eskulana, apirilaren 16an, 23an eta 30ean. Prozesuan parte hartzearen ziraraz gain, norbere nortasunaren zati txiki bat herriko horma batean uztea «ederra» dela nabarmendu du Estibaliz Verak eta, bide horretan, herritarrak animatu ditu parte hartzera. Informazio gehiagorako, blog bat ere zabaldu dute sarean: tolosamurala.blogspot.com.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!