«Eskubideak defendatzen ditugu, baina ez goaz guztiaren kontra»

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko ots. 17a, 12:32

Olaia Uzkudun eta Irati Fuentes Ataria irratian izan dira, emakume talde berriaren sorreraren harira.

Feminismoa beti erradikalismoarekin lotu izan dela diote Olaia Uzkudunek eta Irati Fuentesek, eta horrek sortu duela mugimenduarekiko mesfidantza. Emakume talde berria sortuta, neskak aktibatu eta aurreiritzi horiek guztiak apurtzera doaz.

Aspaldidanik bueltaka zerabilten ideia bat gorpuzten hasi dira, azkenean. Gogoa bat eta bakarra da: emakumeak aktibatzea eta, hutsetik hasita, foro berri bat sortzea, Tolosa eta Tolosaldeko hutsuneak betetzeko. Inauterien aurretik zabaldu zuten lehen deialdia, eta harrera espero baino hobea izan da.

Olaia Uzkudun, Irati Fuentes eta kideak, martxoaren 8ari begira daude orain, eta eskualdeko hiriburuan sustraiak ondo errotu ondoren, inguruko herri txikietaraino adarrak zabaltzea da beren aurreikuspena. Horretarako, noski, ateak zabal-zabalik dituzte, eta ostiral honetan pasako da hurrengo trena, 17:00etan, Tolosako kultur etxetik.

Nolatan sortu da talde hau?

Olaia Uzkudun: Neska pare bat elkartzen ginen eta, hitzordu horietan, neska talde bat sortzeko beharra zegoela aipatzen hasi ginen, Tolosan eta inguruan nesken presentzia bermatzeko. Pentsatu, pentsatzen genuen, eta eguna ere jartzen genuen, talde horren balizko lehen saioa egiteko. Baina, kontuak horrelakoxeak dira, beti luzatu eta luzatu. Azkenean, erabaki genuen denbora gehiago ezin genuela pasatzen utzi, eta hitzordua jarri genuen. Kartelen bitartez eta ahoz aho neska batzuk biltzea lortu genuen, kultur etxean, eta halaxe egin genuen lehen saioa.

Zein beharri erantzungo dio zuen taldeak?

O.U.: Iruditzen zaigu, gure inguruan, nesken presentzia ez dagoela bermatuta, ez erakundeetan, ez taldeetan, ez oro har. Batik bat, hortik sortu da guztia eta, horri erantzuteko, biderik egokiena neskak aktibatzea dela uste dugu. Horregatik, taldearen indarraz aktibatze hori sor litekeela uste dugu.

Irati Fuentes : Adin mugarik ez dugu jarri, baina, batez ere, neska gazteei begira abiarazi dugun egitasmoa da. Noski, 40 urteko pertsona bat gure bileretara etortzen baldin bada, ez diogu parte hartzea ukatuko, baina, gu geu ere gazteak garenez, gazteon arteko gabeziak ikusten ditugu gehien, eta horretan zentratuko gara.

Lehen bilkurako argazkia ikusita, narbarmentzekoa da parte harzaileen gaztetasuna. Hori positiboa da, ezta?

I.F.: Bai, noski. Uste genuena baino jende gehiagok erantzun zion lehen deialdi hari, eta, bigarren saiora, are jende gehiago animatu zen; 30etik gora izango gara. Halaber, jakin dugu neska gehiago izena emateko gogoz direla, pozik gaude orain artekoarekin.

Tolosaldean badira bestelako taldeak ere, emakumeen aktibazio eta parte hartzeari begira. Zergatik sortu nahi izan duzue talde berri bat, jada bazirenez aparte?

O.U.: Ni neu Bilgune Feministako kide ere banaiz eta, nolabait, ez aurrera ez atzera ikusten nuen egoera. Gainera, oso zaila iruditzen zait lehendik sorturiko talde batera jende berria gehitzea. Horregatik, zerbait berria sortu nahi genuen, hutsetik hasita; errazagoa da jendea erakartzea eta, batez ere, jende gazteaz ari baldin bagara. Gero eta neska talde gehiago sortzen ari dira, herriz herri, eta joera horri helduz, joera hori bultzatzea aukera ona iruditu zitzaigun. Emaitzari begiratuta, argi dago hala izan dela.

Emakumeak, emakume taldean, emakumeak antolatzeko: feminismoa. Gaur egun, oraindik, deseroso suertatzen al da 'feminista' hitza?

O.U.: Bai, eta lehen baino okerrago ikusten dela esango nuke, zikinduago dagoela. Orain kontzeptu berriak sortu dira, eta kontzeptu berriak oso erraz barneratzen ditugu; baina, hain justu, feminista hitza zikintzen duten terminoak dira berri horiek. Ikusten dut gazteek hitz horren esanahia ez dutela behar bezala ezagutzen eta, oro har, kutsu negatiboa duela hitzak. Baina feminista hitzak beti esanahi bera izan du, eta positiboa, gainera. Beraz, horrekin jarraituko dugu, eta ez diogu utziko feministak garela esateari.

Eta, nola apurtuko zenituzkete aurreiritzi horiek?

O.U.: Berdintasuna eta antzeko aldarriak eskubideekin lotzen dira. Noski, guk eskubideak defendatzen ditugu, baina horrek ez du esan nahi guztiaren aurka goazenik. Feminismoa beti erradikalismoarekin lotu izan da, emakumeen kontutzat hartu izan da, baina ez da horrela. Guk gizonen eta emakumeen arteko parekidetasuna ez dugu feminismotik bereizten, guretzat feminismoa dena delako. Beraz, aurreiritziak apurtzeko modurik onena informatzea da.

Zuen lanak ezinbesteko du gizartearen inplikazioa eta, beraz, baita gizonezkoena ere. Nola ikusten dituzue belaunaldi berriak?

O.U.: Askok ez dute feminismoaren beharrik sentitzen, eroso bizi dira; akaso «emakumeek egin dezatela» diote. Aldi berean, ordea, nire inguruko gizonezkoen artean gero eta gehiago nabaritzen dut kontzientzia hori, gureganako ulermena eta babesa. Eta, maskulinitate ereduak lantze aldera, gainera, sustatuko nuke gizonezkoen taldeak sortzea ere, guk gure esparruak sortzen ditugun bezala, gizonezkoek ere eurenak sortzea. Badakit eskualdean badela horra iritsi nahi duen jende, beraz, itxaropenik badugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!