Aldapak eta aldapak daude

M.Iraola 2016ko ots. 15a, 12:55

Lehen minutuetan gauzak oso zail jarri bazitzaizkion ere, markagailua irauli eta irabaztea lortu du Tolosak Bidasoaren aurka: 22-31.

Zeinen garrantzitsua den une zailenetan ez etsitzea. Galde diezaiotela bestela Tolosa Eskubaloiko jokalari eta entrenatzaileei.

Zuhur zen Alex Nogues neurketaren aurretik; alde batetik, parean talde arriskutsua zuelako, Bidasoaren bigarren taldea, hain zuzen; bestetik, inauteri osteko lehen partida zelako, eta taldeak osorik entrenatzeko zailtasun ugari izan zituelako astean zehar.

Eta bi faktore horiek hasiera baino ez zituen nabaritu talde tolosarrak. Ia pikutara joan zitzaion partida 10. minuturako. 9-1 atzetik ziren markagailuan. Amildegia bistaratzen zuen Noguesek, eta hutsartea eskatu zuen.

Konfiantza, ordea, ez zuten galdu. Lanean jarraitu zuten, eta pixkanaka, jokaldi bakoitza behar bezala landuz, bete betean sartu ziren lehian. Harik eta atsedenaldira aurretik iritsi ziren arte: 14-15. Ez zen makala izan tolosarrek lortutakoa. Puntako taldeen eskura dagoen zerbait da hori.

Hortik aurrera ezer gutxi egin ahal izan zuten irundarrek, bigarren zatian urdinek zapaldu egin baitzituzten. Aldapak eta aldapak daude, eta Tolosak, goranzkoan hasi bazuen ere beheranzkoan amaitu zuen: 22-31.

Aitor Diaz de Cerio, zortzi golekin, eta Iker Ortiz, zazpirekin, izan ziren goleatzaile nagusiak. Aitor Ibarguren atezaina ere bikain ibili zen atepean.

Eta asteroko esaldia: garaipen bat gehiago, eta partida bat gutxiago amaierarako. Aurrera!

Beste aurrerapauso bat

Beste garaipen garrantzitsu bat bigarren taldearentzat Corazonistas taldearen aurka. Lehen taldearen gisara, hasierako minutuek baldintzatu zuten lehen zatia: 10-13koarekin iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatian segituan hartu zuten aurrea, eta 25-23koarekin amaitu zen norgehiagoka. Ander Uranga eta Alvaro Villamediana izan ziren golegile onenak, sei golekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!