Ikergune bilakatu da Tolosako azoka

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko ots. 13a, 16:47
Aintzira OƱederra eta Edu Malagon ikerlariak postuz postu ibili dira, gaur goizean.

Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile talde bat azoken inpaktu ekonomikoa neurtzen ari da, eta Tolosakoa izan da bisitatu duten hamargarren eta azken azoka.

Edu Malagon eta Aintzira Oñederrak ekoizleak lotsagorritu dituzte, gaur, goizean goiz, galdera zaparradak egin eta egin. Nekazariak ohituak daude jendarteko hizketaldian, baina, galderak erantzutearena beti da deseroso samarra. Ez dira, ordea, prentsa arroseko kazetariak; Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak dira eta, ekainera begira, azokek herrietan duten eragin ekonomikoa neurtzen dabiltza.

Tolosako eta Ordiziako azoken lankidetza hitzarmenaren fruituetako bat da honakoa, udalen eta landa garapen agentzien laguntzaz eta, finean, betiko azokek ekoizle eta erosleengan, nahiz inguruko komertzioengan sortzen duten eragin ekonomikoa zenbaterainokoa den plazaratuko du ikerketak. Ordizian, Azpeitian, Donostian, Zarautzen, Arrasaten, Bergaran eta Eibarren ere galdera berberak egin dizkiete ekoizle eta erosleei, eta Tolosakoa izan da bisitatu duten azken azoka, Zerkausian.

Malagonek eta Oñederrak azaldu dutenez, ekoizleek larunbatero jasotzen duten diru kopurua eta erosleek erabiltzen dutenaren arteko zifra, ikerketarako adierazle bat izan daiteke, baina ez hori bakarrik. Izan ere, hori ez da lanaren jomuga bakarra: azaldu dutenez, azokak gune ekonomiko izateaz haragoko funtzio kultural eta sozialak ere baditu, eta horiek arlo ekonomikoarekin uztartzean sortzen dena ere xehetuko dute ikerketan.

Maiatzerako edo ekainerako lana osatzea espero dute ikerlariek eta, noski, azokaz azoka bisitak egingo dituzte, berriro ere, nekazariei egindakoa erakusteko. Oraindik labean sartzeko dute informazio guztia, baina Edu Malagonek aurreratu du, Europako gainerako herrialdeetan ikusten den joeraren aurkakoa nabaritu dutela bisitatu dituzten 10 azoketan: beheranzko joera du bertako produktua baloratzeak, eta dinamizazio handia beharko dela uste du. 

Emaitzek diotena diotela, ikerketa "oso baliagarria" izango dela azaldu du Tolosako azokako dinamizatzaile Arrate Iturbek, beraz, uda hasierara itxaron behar.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!