Ez dago enpresarik kafe makina ez duenik. Enpresetako gasolina al da kafea?
Ez pentsa! Enpresa guztiek ez dute kafe makina. Askok usteko dute denbora galtzeko tresna direla, baina kafe makina inguruan bilera informalak egiten dira, edota indarrak hartzeko tarterako gune dira, lanean gogotsu jarraitzeko.
Kafe asko hartzen al da Tolosaldeko enpresetan?
Gu Goierri eta Tolosaldeko enpresetan aritzen gara, eta bai, dezente hartzen da. Bestetik, ostalaritzan ere banatzen dugu.
Nola dago kafearen mundua?
Kafea mundu bat da! Munduko dirudunak konturatu dira produktu interesgarria dela inbertsiorako, eta orain hartarako erabiltzen dute petrolioa, urrea edo tankerakoen moduan. Kafea berdea erosten da, eta lau urte iraun dezake biltegian. Orduan inbertsiogileak kafea merkea dagoenean erosi, eta prezioa igotzean saltzen dute. Halaxe dago mundua.
Kafe makinetako kafeak ez du batere fama onik…
Eta normala iruditzen zait, kafe makina gehienetako kafea eskasa baita kalitate aldetik. Betikoa, jendeak prezioari begiratzen dio kalitateari begiratu beharrean, baina gu ez gara borroka horretan sartzen, gure helburua kalitatea eskaintzea baita.
Batzuei kakagura ematen omen die…
[Barreak] Hori hala da! Kafea laxantea baita... Kafe makinetako kafea gaizki ikusia dago, bere lana gaizki egiten duen jendea dagoelako. Ia erabat enpresa multinazionalak dira, eta merkatua lehertu dute prezioen bitartez. «Euskal» abizena jarri, baina kanpoko enpresak dira hemen diru gutxi uzten dutenak.
Nolakoa izan behar du kafe onak?
Kafe onak motza izan behar du, eta kremak iraun behar du. Arabika motakoa hoberena da.
Kritikoa al da jendea?
Ez pentsa jendeak gehiegi ulertzen duenik, edo, kafea baino bestelako gauzei ematen die garrantzia: prezioa esaterako.
Eta hori nola lortzen da?
Lau ezaugarri izan behar dira kontuan: kafea, eskua, makina eta txikitzea. Hau da, materialak ona izan behar du, kafea ondo txikitu behar da, makinak ere badu zerikusia, eta azkenik zerbitzariaren abilezia. Hauek lauak ondo eginda, kafe ona ziurra da.
Zer dauka berezia kafeak, jendeak hainbeste hartzeko?
Kafearen kontsumoa gorantz omen doa etengabe munduan. Alkohola agian beherantz doa, baina kafea gora. Kafea plazer momentuekin lotzen da, aisialdiarekin, mahai inguruarekin. Eta bestelako gehigarria ere badu, bizigarria da.