Alde Zaharrean bizikletak gordetzeko aukera

Itzea Urkizu 2016ko ots. 12a, 09:59

Astelehenera bitarte zabalik da Letxuga, Korreo eta Nagusia kaleen arteko patioan izena emateko epea

Inauterien aurretik ireki zuten izen-ematea, eta astelehenera bitarte zabalik izango da. Letxuga, Korreo eta Nagusia kaleen arteko patioan eraikitako bizikleten estalpea prest da erabiltzeko, duela zenbait hilabete izandako ezbeharraren ondoren. Horrela, Alde Zaharreko bizilagunentzat eskaintza zabalik da, oraindik.

Inauterien aurretik 100 eskaera jasoak ziren, jada, Tolosako Udalean eta, behin epea amaituta, eskatzaile kopurua aparkeleku kopurua baino txikiagoa baldin bada, eskatzaile guztiei zozketarik gabe esleituko diote leku bana, automatikoki.

Aldiz, eskatzaile kopurua lekuak baino handiagoa baldin bada, zozketa bidez banatuko dituzte aparkalekuak. Horren aurretik, dena den, izen-ematea itxi eta hamar egunera, Tolosako Udalak behin betiko onartuen zerrenta argitaratuko du www.tolosa.eus atarian, eta hori izango da zozketa egiteko oinarria.

Bost urterako lekua

Aparkalekuen kudeaketa Erretengibelen ardura izango da, eta eskaerak antolatuko dituzte, besteak beste.
Izan ere, gehienez ere, aparkalekuak bost urtez erabili ahal izango dituzte bizilagunek eta, behin epea igarotakoan, deialdi berri bat plazaratuko du udalak, gainontzeko bizilagunei begira.

Ordutegiari dagokionez, 07:00etatik 23:00etara bitarte zabalik izango da Belena kalea zeneko patioko aparkalekua, baina kasu berezietan salbuespenak egingo ditu udalak: lan ordutegi berezien kasuan, esaterako.

Atea giltza elektroniko bidez irekiko dute erabiltzaileek, eta hilean 5 euroko kuota ordaindu beharko dute, ordainketa bakarrean edo bitan.

Izena emateko, Udate zerbitzua nahiz udalaren webgunea (www.tolosa.eus) erabil daitezke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!