«Berazubiko pareta botatzeak mesede egin dio Atletismo taldeari»

Andoni Uzkudun 2016ko ots. 11a, 20:04

Iban Gallego, Tolosa CF Atletismo Taldeko lehendakaritzako kidea eta entrenatzailea da. Itxaropentsu dago gaur egun Tolosaldean dagoen kirolari mailarekin, eta baita Berazubiko instalakuntza berriekin ere. Lan egiteko gogoa eta pasioa nabari zaizkio aurpegian.

Lehenik eta behin, zer moduz hasi duzue denboraldia?

Orain arte hasi besterik ez gara egin, atletismoan denboraldia azaroan hasten delako. Txapelketa garrantzitsuenetarako prestakuntza lanetan ari gara orain nahiz eta batzuk jokatu ditugun jada. Gipuzkoako txapelketa ospatu da txikien mailan eta domina eta marka asko lortu dira. Krosen denboraldia ere martxan dago eta badirudi prestaketa lanetan ondo ari garela podiumera igotzea lortu dugulako lehenengo lasterketetan.

Beste alde batetik, pasa den asteburuan, taldeen arteko Euskadiko Kopako txapelketa izan dugu. Orain pista estaliko txapelketa jokatu dugu eta zortzi taldeetatik laugarrenak izatea lortu dugu bai nesketan eta baita mutiletan ere. Kontuan izan behar da Tolosa CF Atletismo Taldeak ez duela fitxaketarik egiten eta emaitza oso onak izan direla. Aurretik geratu diren taldeak, nazional mailan lehiatzen dira eta ekonomikoki indartsuagoak dira. Gu hurrengo taldea izango ginateke talde hauen atzetik eta gustura gaude egindako lanarekin.

Helburuak betetzen ari zarete orduan?

Bai prestakuntza lan ona ari gara burutzen eta neguko denboraldiari begira lan on bat egiten ari garela pentsatzen dut. Otsailean eta martxoan izango dira txapelketa garrantzitsuenak, Euskadiko txapelketak eta Espainiako txapelketak.

Zenbat atleta zarete taldean eta zein adinetakoak?

Eskola mailan hasten dira atleta gazteenak 7-8 urterekin hasi eta 13 urte bete bitarte. Eskolako talde hauetan, 150 edo 200 ume inguru ditugu. 14-15 urterekin berriz, kadete mailan hasten dira eta maila honetan federatuak izaten hasten dira. Federatuen taldea 115 edo 120 atletek osatzen dugu. Hau dena eramaten dugunak, oso gutxi gara ordea, zuzendaritzan lau pertsona eta entrenatzaile bezala beste lau. Atleta askoko taldea osatzen dugu baina entrenatzaile gutxi gaude. Eskola mailan, berriz begiraleak ditugu, begirale titulua izan behar dutenak eta normalean klubeko atleta federatuak izaten dira.

Aurreko urteekin alderatuta, gora edo behera egin du taldeko pertsona kopuruak?

Atletismoak daukan berezitasunetako bat, federatutako hasierako urteetan kirolari asko izatea da, baina unibertsitatean hasten direnean gehienak uztea erabakitzen dute. Ziklo bat bezala da, eskolarretatik etortzen dira ume asko eta hor aurreikuspenak betetzen ari gara eta pixka bat igotzen ere esango nuke. Gero 17-18 urterekin berriz, serio entrenatzen hasi behar dutenean, unibertsitateagatik edo denbora faltagatik, askok utzi egiten dute. Bestela talde bezala oso ondo mantentzen gara, lehengo urtean 110 federatu genituen eta aurten 115 ditugu fitxa gehiago egiteko aurreikuspenekin.

Berazubi jendez beteta ikusten da, bilakaera bat izan du taldeak?

Niri iruditzen zait, lehen zeuden Berazubiko pareta zaharrak botatzeak, eta gaur egun dagoen bezala edukitzeak, mesede egin diola taldeari. Lehen bazirudien dena itxita zegoela eta kanpoko jendeak ez zekien zer gertatzen zen barruan, itxitako eremu bat ematen zuen. Orain bistan jartzearekin zein ibiltzen den barruan, kirola nola egiten den,... jendeak harrera ona eduki duela esan beharra dago. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu jendeak nola lan egiten dugun ikustea.

Berrikuntza horien artean pista estalia ere jarri duzue?

Guretzat pausu garrantzitsu bat izan da, batez ere eskolarrei begira. Eguraldi txarra egiten duenerako leku estali bat izatea beharrezkoa ikusten genuen. Ez da bakarrik kontra-metako pista estali hori izan, instalakuntzak orokorrean ere berrituak izan baitira. Lehen genituen baldintzak txarrak ziren, eta nahiko utzita zegoen dena. Orain Kirolzer eta udaletxearen laguntzarekin baldintza hobeagoan ditugu aldagelak, gimnasioa eta instalakuntza guztiak orokorrean. Instalakuntza hobeagoak izateak, entrenamendu eta lan hobeago bat egitea posible izatea ekartzen du. Orain emaitzetan eta kirolari kopuruan ikusi behar da.

Zein da zuen lan egiteko modua astean zehar?

Normalean eskolako haurrak multzo ezberdinetan sartuta ditugu adinen arabera. Urteetan zehar ume kopurua hazten joan da eta beharrezkoa izan da multzo ezberdinetan banatzea. Hauen begiraleak, lehen aipatu bezala, atleta federatu esperimentatuak izaten dira. Hauek arratsaldeko lehen orduan entrenatzen dute 17:30etik 19:00ak bitarte. Gero hauen entrenatzaileak eta atleta federatu guztiak sartuko lirateke entrenatzera.

Tolosaldeari dagokionez, zer moduzko maila dago?

Gipuzkoako eskualdeetatik populazio txikiena duena izateko, nahiko maila badagoela esango nuke. Azkenean lehen esan bezala, fitxatzen ez dugun talde bat izateko emaitza onak ditugu. Umeen kopurua populazioaren arabera oso altua da eta horrek posible egiten du emaitza onak izatea. Esango nuke gure atletismoaren osasuna oso ona dela gaur egun.

Aurten Olinpiadak jokatuko dira Brasilen, urte olinpikoak bereziak izaten dira?

Nahiko genuke bai… baina hori oso-oso zaila da. Hemen gure helburuak Espainiako txapelketetarako gutxienekoak egitea da eta dominaren bat lortzea da. Dominak izan dituzten atletak izan direnak ere txikien mailan. Lehen aipatu bezala ordea, jende askok utzi egiten du adin batera iristean ez dutelako diru laguntzarik izaten ikasketak eta kirola uztartzeko.

Laguntzak izaten ahal dituzue instituzioen aldetik?

Laguntza maila oso txikia da. Guk azkenean atletismoko eskolaren bitartez, umeek ordainketa bat egiten dute eta hori da gure sostengu nagusia klub guztiarentzako. Azkenean udaletxeak ere ematen digu laguntza bat baina urteetan zehar ez da aldatu eta bizitza urtero garestiagoa da. Hor gabiltza kirol gehienak bezala nahiko lotuta. Babesle bat aurkitu ezean, ahal duguna egiten jarraituko dugu orain arte bezala gure mailan. Ezingo dugu aurrera pausurik eman beste talde handiagoek ematen dituzten bezala baina lanean jarraituko dugu.

Tolosako taldeen arteen erlazioa mantentzen duzue?

Tolosa CF taldea Tolosako kirol ezberdinek osatzen dugu, eta atletismoa horietako sail bat da. Noizean behin egiten dira bilerak kirol guztiak eta sekzio guztiak elkarren arteko informazioa edukitzeko klub mailan. Antolakuntza erraztea da bilera horien helburua, instalakuntzak, aurrekontuak, bidaiak… Gero egunerokotasunean ez dugu erlazio handirik edukitzen. Azkenean guri eragiten digutenak gure instalakuntza bera erabiltzen dituzten taldeak izaten dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!