Benetako mozorroa zen

M.Iraola 2016ko ots. 11a, 16:56

Argazkia: ardoibaloncesto.com

Zaldunita egunez ezustekoa eman zion liderrari TAKEk, 70-74 gailendu baitzitzaion etxean.

Batzuetan gustukoa ez den zerbait behar izaten da barruko amorru guztia azaleratu eta datorrenari indar gehiagorekin heltzeko. Bada, hori gertatu zitzaion TAKEri asteburuan.

Ordutegia aldatzen saiatu arren, tolosarrak igande arratsaldean jokatzera behartu zituzten, inauterien zalaparta bete-betean. Jokalarien potentziala nahikoa ez, eta ahal diren trikimailu guztiak erabili behar. Errazago irabazi eta buruko min gutxiago izateko-edo. Beldurra ote? 

Festa egunetako uniforme ofiziala erantzi eta mozorro txuri-urdina jantzi zuten une batez TAKEko jokalariek. Mozorro hori, ordea, benetakoa zen, erreala.

Tolosarrak ez ziren festan pentsatzera joan, eta hasierako deserosotasunak atzean utzita, saskibaloi jokalarien paperean bete-betean sartu ziren. Lehen minutuetako erreboteko arazoak gainditu eta 25-12koa irauli zuten atsedenaldiaren aurretik: 34-36.

Amorruaren amorruz, tolosarrek orain arteko partida onenetako bat jokatu zuten. "Talde guztia kontzentratuta eta garaipenean sinetsita zegoen" dio Gonzalezek. Azken minutu t'erdira arte 10 puntuko aldea izan zuen TAKEk markagailuan. Soilik azken segundoetan nafarren hirukoek estutu zuten markagailua, baina garaipenak arriskurik izan gabe. 70-74. Txarangen atzetik ibiliko balira bezala ospatu zuten kantxaren erdian, saltoka.

Izan zen honakoa esan zuenik ere: "Akaso larunbatean balitz Ardoik irabaziko zukeen". Edo ez. Baina seguru igandetik aurrera Zizurren ere badakitela tolosar batentzat inauteriak ukiezinak direla.

Orain inauterietako mozorroa erantzi eta eguneroko uniformea janztea egokitzen da. Larunbatean, 18:30ean, Usabalen TAKE-Clavijo.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!