Asteartita 2016

Pattar zezen ikusgarria izan da

Maier Ugartemendia 2016ko otsailaren 9a

Aspaldiko urteetako Pattar zezenik jendetsuena izan da gaurkoa, nahiz eta bere puntu iluna ere izan duen, gazte bat traumatismoarekin Asuncion Klinikara eraman baitute

Aspaldiko urteetan ez bezala, Asteartita, 08:00ak eta zerua ateri. Euririk ez, eta gainera, tenperatura epela. Ederki nabaritu da hori gaurko Pattar zezenean. Azken urteetako jendetsuena izan baita; bai harmailetan eta baita hondar gainean ere. Txaranga mordoa izan dira urtero bezala Pattar zezena musikatzen, eta jendeak saltoka eta dantzan erantzun diete.

Esan bezala, plaza barruan, zezenaren aurrean ere jende ugari zegoen. Pattar zezenean ohikoa den moduan, zezenak adi ibili ziren eta zezenaren aurrean jarritako zenbait ez zegoen oso adi. Ondorioz, erorikoak maiz izan dituzte zezenaren aurrean jarritakoek. Hain zuzen ere, eroriko batek ilundu du Pattar zezenaren hasieran. Gazte bat erori eta Gurutze Gorrikoek eraman behar izan baitute zezen plazatik konorterik gabe. Asuncion Klinikara ere eraman dute gaztea, baina Tolosaldeko ATARIA-k jakin duenez, gaztea ez dago larri.

Pattartutakoak eta pattarrik gabekoak, zezenak amaituta, kalejiran joan dira kalean gora eta behera txarangen atzetik saltoka. Batzuk gosaltzera eta beste batzuk lotara, beharra ere bazuten eta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!