Zaldunita 2016

Gozatu eta gozarazi

Antton Telleria 2016ko otsailaren 8a

Aktore frustratuentzako festa aproposa da inauteria. Neronek, antzerkirako sobera talentu ez izanik ere, pertsonaia ezberdinen haragitan ibiliko naiz datozen egunetan. Gaur bertan hasi da funtzioa: egunean zehar Bonberenea Txarangako lagunekin musikari plantak egingo ditut.

Gauean, ilunpean ezkutuan ibiltzeko balioko duelakoan, tximini garbitzaile izango naiz.  Eta ganbaratik jaitsitako trapu zaharrak tartekatzen jarraituko dut, «makarra» zarpailtsua izatetik ikasketak amaitzeko dituen topografoa izateraino.
Hausterre egunean amaituko da emanaldia. Edo akaso ez. Izan ere, denok daukagu bigarren nortasun bat, egunero lanera eramaten dugun hura baino aldrebesagoa, xelebrexeagoa eta nola ez, dibertigarriagoa. Bigarrena izaten da festako protagonista eta horrek egiten du inauteria berezi. Betikoekin ibiltzen zara parrandan, baina sekula ez bezala.
Halere, eta aldaketak aldaketa, gure berezko izatearen zantzuren bat agertzen da beti. Nik, esaterako, ez dut inauteria sekula igaro eskuartean makil pare bat hartu gabe. Danborreroa, beti danborrero. Edo inauterietan, danbor-ero.
Norberak dakien moduan disfrutatzea da, nire ustez, parranda onaren gakoa. Eta ahal den neurrian, goza araztea ere bai. Helburu horixe izango du astelenita arratsaldean musika tresnak hartuta osatuko dugun alproja kuadrillak. Eguraldia lagun bada (eta bada garaia), arratsaldeko 19:00etan Raku tabernako atarian arituko gara. Beste funtzio bat. Berezia, ordea, txantxo artean denok izango baikara ikusle eta antzezle aldi berean.
Besterik ez, ahal dela ez izan inorako presarik, gozatu eta gozarazi. Ez da formula txarra!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!