Astelenita 2016

Oroitzapenetatik goraipamenetara

Edurne Izagirre Elizaran 2016ko ots. 9a, 10:33

Goizeko zazpi eta erdiak. Iratzargailuak jo eta ohean hamar minutu gehiago igaro ditut, ezin altxa. Bezperako errepasoa egin dut. Lehenago erretiratu izan banintz gaur ez litzaidake hainbeste kostatuko altxatzea.

Ondoren, datorrena ordenatzen hasi naiz nire baitan; eta orduan bai,orduan salto batean jaikitzera behartu dut nire burua. Berandu iritsiko ote naiz aurten ere! Ustez oheratu baino lehen ondo kendutako pintura arrastoak oraindik aurpegian ditudala sartu naiz dutxan.

Zortzi eta erdiak aldera elkartu gara begiraleok. Bezperako kontuak dabiltza bolo-bolo gure ahotan, algara artean.

Haurrak iristen hasi dira. Hauek bai energia! Bata bizkar gainean, bestea hankatik tiraka, eta bien bitartean gure aurrean eginiko ilara luzean banan bana aurpegiak koloreztatzeari ekin diogu. Lehenengoak krema, hurrengoak pintura gorria, aldamenekoak urdina eta azkenak zuria...Talde-lanean askoz errazagoa da guztia!

Haurrak, berriz, protesta bizian: krema begian sartu zaiela, pelukek molestatu egiten dutela...Margoei alergikoak direla esan eta margotu gabe geratu nahi duenik ere bada, guri ziria sartuz; edota mozorroa jostunarenetik jaso ez duenik.

«Dantza entseatu behar dugu, ilaretan jarri!». Ahotsak ez digu gehiegi laguntzen. «Ilara zuzenak mesedez!». Guztiak berdin jantzirik oso zaila da bata bestearengandik bereiztea! Ai ene!

Koloretako marea aldapan behera abiatu gara, gainerako konpartsekin elkartzeko. Kolore nahasketa areagotu egin da orain.

Guztira sei aisialdi talde, sei konpartsa. 1.300 parte-hartzaile inguru. Bakoitza bere musika, koreografia, karroza, mozorro eta leloekin. Baina guztiaren gainetik denok helburu bera dugu: gozatu eta gozarazi.

Konpartsak ilaran doaz ttirriki-ttarraka. Dantza bat, beste bat eta hainbeste itxarondako txistorra hamaiketakoa. Eguna badoa aurrera; bazkaria, zezenak, azken dantzak...Entseguetan dantza ikasi ez dutenak ere eguna amaitzerako hasieratik bukaeraraino koreografia jarraitzeko gai dira.

Behin hau amaiturik haurrak agurtzen ditugu. Gehiengoak penaz doaz, eguna bukatu denaren seinale baita. Begiraleok, berriz, oraindik badugu zertaz gozatu.

Kontatu berri dudana ez da aurtengo Astelehenitako kronika izan, urteetan zehar bizi izandakoa baizik. Badira hiru urte begiralegotik erretiratu nintzela, baina oraindik ere nostalgiaz gogoratzen ditut garai haiek. Azken urteetan begira izandakook elkartu ohi gara eta garai bateko kontuak ez dira falta izaten. Egun ederra izan zen atzokoa ere!

Eta bide batez, zergatik ez baliatu tarte hau aisialdi taldeen urte osoko lana goraipatzeko! Biba zuek! Eta jarraitu lanean!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!