Alazne Azpirozek hamar urte inguru daramatza Azkoitian bizitzen. Hori bai, inauterizale porrokatua izanik, ez du urteren batean ere hutsik egin urteko festarik zoroenetan. Jai egunak eskatu eta Tolosan izaten da, familiarekin batera, inauteriak hasten direnetik bukatu arte. Txupinazoaren unea oso polita dela dio, baina, bat aukeratzekotan, dianaren hasierarekin geratzen da tolosarra.
Dena prest izaten duzu inauteriak hasterako?
Aurten ere, beti bezela, azken unera arte egon gara mozorroen prestaketetan. Baina, hori bai, Zaldunitarako guztia prest izan dugu.
Tolosarra zara, baina, azken urteetan Tolosatik kanpo bizi arren ez dituzu inauteriak galtzen, ezta?
Ez. Inauteriak noiz hasiko irrikaz egoten naiz, maletak egin eta Tolosara joateko. Egun hauetan jai egunak hartzen ditut lanean, eta asteazkenean joaten gara umeekin amonaren etxera, eta hurrengo asteazkenera arte bertan egoten gara.
Inauteriko jai egunak kanpora joateko baliatzen dute batzuk. Zuk zure burua imajinatzen al duzu horrela?
Ez. Ez zait burutik pasa ere egiten ideia hori. Ez dakit etorkizun batean egingo ote dudan. Ez dut uste. Gaur gaurkoz behintzat, argi dut ezetz.
Zergatik dira hain bereziak?
Ez dakit nola deskribatu. Inauteriak gerturatzen ari diren heinean barruan urduritasun modukoa nabaritzen dut. Aurreko larunbatean ere, kaldereroetan izan ginen, eta bertako musika entzuteak zirrara berezia sortzen dit. Gainera, mozorrotzea ere izugarri gustatzen zait.
Txiki-txikitatik ikusi eta bizitu duzulako?
Bai. Nire aita, esaterako Tolosako Alde Zaharrekoa da, eta oso inauterizalea da. Bertan, Alde Zaharrean, bizitu izan ditut nik inauteriak oso txikia nintzenetik, eta horrek ere asko markatzen zaitu.
Inauterietako unerik politena zein da zure ustez?
Inauteriak orokorrean dira oso politak. Dena den, uneren bat edo batzuk aukeratzekotan, batetik, txupinazoaren unea aipatuko nuke. Azken urteetan aukera izan dut, umeengatik-eta jaien hasierako txupinazoan egoteko, eta zirrara berezia sentitu dut guztiak burrunba egiten duenenean eta txarangak doinuak zabalduz hasten direneko une horrek. Hala ere, niretzat dianaren unea kuttunetako bat da. Musika banda diana jotzen hasten den momentua oso polita iruditzen zait.
Zerbait kenduko al zenuke inauterietatik?
Euria kenduko nuke [kar, kar]. Agian bada kendu edo findu nahiko nukeen uneren bat. Pasa den urtean, esaterako, Astelenitan, umeekin zezen-plazara joateko une horretan ginela, txarangak igarotzeko lekurik gabe zeudela ikusi genuen, jendetzarengatik. Hori konpontzen saiatuko nintzateke.
Aurtengo mozorroak?
Astelenitan, esaterako, Perez sagutxoaz mozorrotuta aterako dira umeak, eta gu, ni eta lagunak, umez mozorrotuta aterako gara, lotan egongo bagina bezala.
Ba al duzu buruan, bereziki oroitzen duzun mozorrorik?
Mozorro asko ditut gogoan, eta une asko dira gogoangarriak, baina, mozorro batekin igaro genituen une oso dibertigarriak ditut buruan. Dianako egun batean, diana hasi aurretik, nire amonaren balkoian ginen, osabekin eta lehengusuekin. Alfonbra batzuk atera genituen hirinez, eta horiek astintzen hasi ginen. Oso polita eta barregarria izan zen, eta oso gogoan dut une hori.