Sexu eraso bat egin diote emakume bati Tolosan, eta gizon bat atxilotu dute

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2016ko otsailaren 8a

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, igande goizaldean gertatu zen erasoa, Tolosako taberna batean. Gizonezko bat emakume batengana gerturatu, eta ukituak egin zizkion. Andreak bultzaka gainetik kendu zuen gizona, baina hura itzuli eta berriro egin zizkion ukituak.

Berriro bultzatu zuen emakumeak, eta lurrera jausi zen gizona. Erasotzailearekin zegoen beste gizon batek kontra egin zion andreari, eta emakumearen lagun taldeak aurre egin zion. Geroago, andrea eta haren lagunak beste taberna batean zeudela, berriro joan zitzaien erasotzailearen laguna, eta biktimak Ertzaintzara deitu zuen egoeraren berri emateko. Ondoren, salaketa jarri zuen.

Ertzainek minutu batzuk geroago topatu zuten erasotzailea Ibaiondo kalean, eta atxilo hartu zuten. Sexu abusuak egitea egotzita atzeman zuten. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!