Astelenita 2016

Lotuta ibili diren zezenak

Maier Ugartemendia 2016ko ots. 8a, 13:35

Sokamutur jendetsua izan da gaurkoa; zezenen erorikoek eta lasaitasunak jende asko plazara ateratzera animatu du

Mozorro zoroen festan barneratuta dabil Tolosa egunotan, baina ohitura batzuk aldatzen ez direnez zezenek ere presentzia handia izaten jarraitzen dute, eta Sokamuturra da urtero adin ezberdinetako tolosar ugari biltzen duen ohitura.

11:00etan ematen diete hasiera sokamuturrari. Terete txaranga iristerako norberak bere lekua hartua zuen. Batzuk altueran edo barreraren atzean, badaezpada ere, eta besteak plazaren barruan.

Lehen danbor soinuekin txikienak lehenengo zezenaren zain, irrikatan. Baina, lehenengo zezena espero baino lasaiagoa izan da. Lurra bustia zegoen, eta horrek zorua oso irristalaria bilakatu du zezenarentzat. Horrek zezena bera geldoago ibiltzea eragin du, eta baita hori ikusita plazara jende gehiago ateratzea ere.

Bigarren zezena indartsuago atera da, gogotsu eta bere marruek ere adi jarri ditu ingurukoak. Zezenaren aurrean korri egiteko aukera gehiago izan da bigarren zezenarekin.

Hala ere, biziena hirugarrena izan da. Zorua eguzkiaren goxotasunarekin lehortu egin da, eta zezena ere abiaduran atera da kamiotik. Zezenaren aurrean egindako karrerengatik txaloak jaso dituenik ere izan da.
Biharkoa izango da sokamuturraren azken saioa, Txapel Haundi txarangak alaituta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!