Zaldunita 2016

Urteko esnatzerik gozoena

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko otsailaren 7a

Ehunka tolosar elkartu dira Dianan, pijama soinean jantzi eta Zaldunita egunari ongietorria emateko; Asteartitara bitarte, festak ez du etenik izango Tolosan.

"Ieeepa!". Aho batez kantatu dute Gorriti plazan Diana hasteko zain zeuden inauterizaleek, abestiaren lehen notak entzun bezain pronto. Agintari kaletik barrena ekin diote, ehunka inauterizalek, Zaldunita egun miragarriari, eta ziur askorentzat urteko esnatzerik gozoena izan dela.

Haur, gazte nahiz heldu, jeiki-jeikiren erritmoan saltoka iritsi dira ohiko geldialdietara, eta izan da balts erritmoak dantzatzera ausartu denik ere.

Dianako errege-erreginak pijamak diren arren, tolosar askok goizeko zortzietako hitzorduan beren irudimena plazaratzen dute jada, gosaldu ondorenera bitarte itxaron gabe. Horrela, azken urteotako euriteen ondorioz-edo, eguraldia iragartzeko frailearen kaxatxo erraldoia bueltaka ibili da, besteak beste.

Tolosa esnatu da, tolosarrak ere bai, eta, Ostegun Gizeneko ajeen ondoren, inauteriak ere bai. Hau hasi besterik ez da egin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!