«Lotsatia den jendea ere antzezten aritzen da»

Imanol Garcia Landa 2016ko ots. 7a, 09:00
Miren Gonzalez Goikoetxea, behean, ezkerrean, 'O.T. supermodelo' mozorroz jantzita.

Mozorrotzeaz gain, mozorroari zukua ateratzea gustatzen zaio Miren Gonzalez Goikoetxeari, antzeztea.

Inauteriak odolean ditu Miren Gonzalez Goikoetxeak. Gehien gustatzen zaiona da ideia txiki batetik hasi eta etxean dituen jantzi eta osagarriekin mozorroak sortzea. Horretarako du kaxa handi bat trastelekuan.

Hasteko, agian galdera orokorregia: zer dira zuretzat inauteriak?
Niretzat inauteriak dira barre egitea, mozorrotzea, eta ondo pasatzea mozorroarekin, antzeztea, txaranga bat entzun eta saltoka hastea...

Esan daiteke tolosarrek odolean daramatzazuela inauteriak?
Nik uste dut baietz. Pixka bat urduri eta guzti jartzen gara inauteriak gerturatzen direnean.

Nola esplikatzen diozu kanpokoa den norbaiti zer diren Tolosako inauteriak?
Beste inauterietan agian garrantzi handia ematen zaio mozorro ederrei, ondo egindakoei, ondo landutakoei... Eta nik beti azaltzen dut Tolosan ezberdina dela. Niri gehien gustatzen zaidana da ideia txiki batetik eta etxean ditudan gauzekin mozorrotzea; ideia batekin gauza handi bat egitea.

Eta etorri zaizkizun lagunek zer esan dute?
Etorri direnak mozorrotu gabe, korrikan joan izan dira zerbaiten bila, ileorde bat hartzera, edo norbaiten etxera joan eta zerbait hartzera. Ezer gabe kalean pixka bat kanpo geratu zaitezke. Jendea barruraino sartzen da, eta asko gustatzen zaio. Niretzako Tolosako inauteriak oso bereziak dira.

Badago jendea mozorrotu baina gero ez duena antzezpenik egiten, eta beste batzuk mozorroan guztiz murgiltzen direnak. Ze taldekoa zara zu?
Niri gustatzen zait guztiz sartzea mozorroan, antzezpenak egitea. Azkenean inauteriek badute antzerkitik asko, eta ikusten duzu lotsatia den jendea ere nola sartzen den mozorroan eta antzezten aritzen den.

Nola bizi dituzu inauterien prestaketak?
Lehenengo gauza ideia sortzea da, kuadrillan pentsatzea zer egingo dugun. Pixka bat zehaztuta dagoenean ideia, trastelekuan dudan kaxa handi bat igotzen dut etxera, ateratzen ditut mozorro guztiak eta nahasketak egiten ditut. Normalean moldatzen naiz daukadanarekin, tarteka osagarri batzuk erosiz.

Baduzue ohitura jakinen bat prestaketak egiterakoan?
Afariak eta bilerak egiten ditugu. Afari dezente, eta gainera horrekin oso ondo pasatzen dugu, ideiak botatzen eta ados jartzen.

Eta baduzu erritual jakinik inauterietan, hau da, egun bakoitzean zerbait egitea?
Nik oso ondo zehaztuta daukat. Normalean gustatzen zait Ostegun Gizen gauean etortzea, eta gero igande goizera arte ezer ez. Ez ostirala ezta larunbata ere, orduan ez baita mozorrotzen. Igandean, astelehenean eta asteartean, hiru mozorro ezberdin.

Beraz, oso lotua duzu zure parte hartzea mozorroari.
Bai, noski. Askotan Ostegun Gizenean ileordearekin ateratzen naiz. Mozorrotzen naizenean ileordea derrigorrezkoa da.

Bada zerbait bereziki gustatzen zaizuna inauterietatik?
Urtetan atera naiz kuadrillarekin eta sortzen den giroa izugarria da. Eta egia esan, horrela aterata, konpartsa batean, ez duzu ikusten hainbeste zer gertatzen den inguruan, asko sartzen baitzara zu bizitzen ari zarenean, eta ondo pasatzen horrekin.

MOTZEAN

Egun bat? Igandea.
Eguna ala gaua? Eguerdia asko gustatzen zait.
Txaranga doinu bat? Diana.
Jantzi duzun mozorrorik gustukoena? Bereziki ondo pasatu nuen gozogilez jantzi ginen urte batean. Batak besteari tartak botatzen pasa genuen egun guztia.
Ikusi duzun mozorrorik gustukoena? Beti etortzen zait burura neska bat bakarrik zihoana, banderola batekin Mistol jartzen zuena. Izugarrizko pinta zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!