Zaldunita bezpera 2016

Hirugarrenean, agidanez

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko otsailaren 6a

Azken bi urteetan bertan bera utzi behar izan dute haur danborrada, baina gaur eguraldiak bide ireki die gaztetxoei.

Aurreikuspenei men egin, eta San Frantzisko pasealekua sekula baino zabalago egin da, gaur, Aiz-Orratz elkartearen haur danborrada pasatzen ikusteko. Azken bi urteetako euri zaparradari, beraz, irribarre eta makil hotsen zaparradak gailendu zaizkio, eta entseguetan ikasitakoa plazaratzeko garaia iritsi zaie neska-mutil tolosarrei.

Koskakoek zabaldu dute desfilea, pandero koloretsuekin dantzatuz eta, mikeleteen muga zeharkatu ondoren, danbor errenkadak osatu dituzte haurrek, Geltokitik Trianguloa plazara bitarte. Bertan zenbait abesti jo eta gero, Aiz-Orratz elkarteak Rondilla kalean duen egoitzaraino jaitsi dira, ibilbidea osatuz.

Haur eta gaztetxoek bikain probestu dute Zaldunita bezpera, eta baita helduek ere, iluntzean abiarazi baita beren danborrada. Badator itxuraldatzea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!