Transgresioa eta itxuraldaketa: maskarak, txantxoak, mozorroak eta uniformeak

Fernando Rojo 2016ko ots. 6a, 13:00

Itxuraldatzea gizakiari hertsiki lotua agertzen da existentzia badenetik, antzina-antzinatik izan baitugu «mozorrotzeko» ohitura. Modu, motibo eta funtzio ezberdinak medio -erlijioso, estetiko zein sozialak izan-, norberaren eraldaketa eragiten duten elementuak eta barne-inpultsoak pertsonaren baitan daude primatea 'homoa' bilakatzen den une beretik.

Hasiera batean, historiaurrean, animalien kaskezurrak, adarrak eta larruak soinean jartzea ohikoa zen, normalean funtzio txamaniko eta helburu magikoak tarteko. Gaur, oraindik, ezagutzen ditugu antzeko ohitura atabikoak Europa zabaleko inauteri askotan, geureak barne (Zubieta, Altsasu, Arizkun, kasu). Eraldaketa honekin uste zuten animalia horien indarrak bereganatu eta naturaren indarrak kontrolatzeko gai izango zirela. Frantzian kokatzen den Cave des Trois Freres leizeko Le Sorcier (aztia) izan daiteke horren adibide ezagunenetako bat. Ustezko «azti» honek antilope baten gorputza du baina gizon baten oinen gainean dago zutik.

Bibliak ere egiten dizkio behin baino gehiagotan aipuak itxuraldatzeei, baina ezaugarri lizun eta haragikoiak antzematen dizkio: deabrua da mozorrotzen trebea eta aditua, aingeru zintzoen irudia hartzen baitu (Korintiarrak 11:14). Itun Zaharrean Jainkoak debekatu egiten du genero arteko transgresioa: «Emakumeak ez du gizonezkoen jantzirik erabiliko, ez eta gizonak ere emakumezkoen soinekorik jantziko, higuingarri baitzaio Jaunari zuen Jainkoari horrelakorik egiten duena» (Deuteronomio 22:5).

Garai klasikoetan ditugu aski ezagunak diren Bakanalak, Saturnaliak eta Luperkaliak Erroman eta Greziako Dionisosen omenezko ospakizunak; batzuen ustez inauterien hazia ospakizun hauetan dago. Egipton eta Mesopotamian ere ezagutzen ziren mozorro-festak.

Erdi Aroan, Zoro-festak izan ziren itxuraldatze ezagunenak Frantzian, debekatu arte. Apaizak mozorrotzen ziren hirietako katedraletan, egun batez benetako barrabaskeriak egiteko aske ziren. Debekatzeko helburuarekin, honela zioen garaiko Teologo batek Parisen: «(…) creaban los clérigos y sacerdotes un obispo o un papa y lo llamaban el obispo o el papa de los locos. Entraban enmascarados en la iglesia, vestidos de bufones y en trajes de mujeres. Danzaban en la nave y en el coro, cantando chanzonetas disolutas; comían carne sobre el borde mismo del altar al lado del sacerdote que ofrecía el sacrificio» (El Gran Diccionario Histórico, Luis Moreri, 1753). XV. mendean desagertu, eta inauterien antzeko ezaugarriak zituzten.

Berpizkunde garaian, maskarak eta mozorroen erabilerak areagotu egingo dira. Europako gorteetan, batik bat, tradizio katolikoa dutenetan, maskara-dantzak ospatuko dira eta hirietan inauteriak gaur duen itxura hartzen joango dira. Italian Commedia Dell' Arte daukagu, non inauterietako maskara eta mozorroak berpizkundeko antzerkiarekin nahasten diren. Pertsonaia xelebreez osatutako antzerki mota bat da: Arlekin eta Colombina, edo Brighella eta Polichinela, gaur oraindik Europako inauteri batzuetan ere ezagutzen direnak.

Juduek ere Purim jaia hartzen dute mozorrotzeko eta egun horretan Haredim eta Jasidim bezalako sektako ultraortodoxoak ikus daitezke Jerusalemgo kaleetan sekulako mozkorra hartuta.

Historia historia denez geroztik dugu guztiok barnean Homo Ludens bat, hori baita, azken finean, inauterietako azken helburua: dibertsioa, ondo pasatzea. Transmisioz, ohitura eta tradizioez hitz egin genezake, baina ondo pasatzea ez balego tartean ez genituzke jai hauek ospatuko.

TOLOSAKO TXANTXO ETA UNIFORMEAK

Historia luze honetan bezalaxe, ordea, gure inauterietan ere transgresioak ez du helburu, ez eta funtzio, bakarra izan. Modu batean edo bestean janztean, xede ezberdinak lortu nahi ditu tolosarrak: badira mozorrotzen direnak satira erabiliz kritika sozial eta politikoa egiteko; beste batzuk, arau eta presio sozialek «baimentzen» ez digutena soinean jarriz, urtean zehar izan ezin dutena egun batez izateko; badira, baita ere, hiru egunez identitate berri bat hartu nahi dutenak; edo talde bateko kide direla adierazi nahi dutenak, edo eguneroko maskara kendu nahi dutenak. Tolosar bakoitzak bere arrazoiak ditu ezberdin janzteko, baina denek ondo pasatzea dute azken xede garrantzitsutzat. Bestela ez da festarik.

Rol hauei loturik, azken urteotan fenomeno berri bat ezagutu da jaietako lehen egunean, gazteen janzkera eta itxuraldaketarekin zerikusia duena: Ostegun Gizenean, nerabe kuadrillek kolore ezberdinetako buzoa janzteko ohitura hartu dute, askotan kapela batez lagundurik. Goiz-goizetik, txupinazora joateko eta jaiei hasiera emateko modu xelebre horretan bereziko dira. Aski ezagun, bada idatzi gabeko inauteri-arau bat zerk debekatzen baituen ostegunean (eta Zaldunita arteko beste bi egunetan ere) txantxoz janztea. Ahoz aho transmititutako ohitura bat da herrian. Neurri batean, paradoxikoki, inauterietako ohitura transgredituko da orain. Baina buzo horrek bere funtzioa betetzen du: jaian integratzeko modu bat da eta kuadrilla batekin identifikatzen ditu. Festaren parte dira eta gainera lagun talde bateko parte. Nahiz eta «inauterizale» integristenek gaizki ikusi, ezin zaio inola uko egin naturaltasun osoz herriko gazteen artean irten den itxuraldatzeko forma berri bati. Gainera, ezin ukatu aparteko kolore bat ematen diola festari. Nerabeak jaietan dauden adierazgarri bat behar dute eta, horrela, estetikoki zein sinbolikoki- kuadrilla bateko kide direla azaltzen dute. Igarobide erritua ere bada, lehen aldiz eurek izango dira plana egiten dutenak lagunekin, gurasoen babesetik at.

Mozorroak Tolosan badu horretatik pixka bat. Herri eta hiri bakoitzak du identifikatzen duen ospakizun eta adierazgarri bat, Donostiako sukaldari eta danborrak, Irungo alarde eta eskopetariak, Zarauzko Euskal Festa eta baserritar jantziak, Gasteizko blusak eta Zeledon… Tolosarron kasuan, inauterietako mozorroak betetzen du uniformearen rola, inauteriak direnez bertako jai garrantzitsuenak mozorroa izango da tolosartasunaren eta identitate kolektiboaren adierazgarri. Bertako eta harro sentitzeko jantzi egin behar da, gutxienez txilaba bat. Adibide garbia Tolosako Bandarena, inauterietan bere ohiko uniformea utzi eta mozorroa bihurtuko du uniforme. Ez soilik bandak, herriko txarangen jantziak ere, uniformeen seriotasuna alde batera utziko du eta koloretako blusak eta kapela bereziek hartuko dute tokia, hori delako inauteria. Uniformeek ordena adierazten dute eta mozorroek desordena eta anabasa. Ez nuke esango hainbeste ohiko kaosa denik, inauteriak oso mugatuak eta arautuak baitaude (bere programa du eta antolatzen duen jai batzorde bat ere), baina bai desordena.

Amaitzeko, gaiari bueltatxo bat emanez, eztabaidarako esaldi batekin bukatuko dut idatzi hau. Zer da benetan egun hauetan egiten duguna? Argentinan argitaratzen zen La Baskonia aldizkariak XX. mende hasieran artikulo batean esandakoak ez du arrazoi falta: «El Carnaval no es más que un desahogo de la humanidad, que respira tres días quitándose la careta. Es un breve entreacto en la eterna mascarada de los siglos». Modu bertsuan, Antonio Machado poeta andaluziar handiak esan zuen, «lo esencial carnavalesco no es ponerse la careta sino quitarse la cara». Zer egiten dugu, beraz, inauterietan, maskara bat jantzi edo egunerokoa erantzi? Norberak iritzi dezala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!