Zaldunita bezpera 2016

Dantzarien kalejirek girotu dute goiza

Maier Ugartemendia 2016ko otsailaren 6a

Eskualdeko 370 dantzari txiki elkartu dira Tolosako kaleetan, Udaberrik antolatutako kalejiran, inauterietako dantzak dantzatzeko; eguraldia lagun izan dutelarik kaleak kolorez eta dantzaz jantzi dituzte

Zaldunita bezperan urteroko zita bilakatu da Udaberri dantza taldeak antolatutako kalejira. Azken urteetan ez bezala, eguraldi ona izan dute kalejiran, nahiz eta haizeak txantxoen zintak modu zoroan mugitu.

Trianguloa plazatik abiatuta bi taldetan irten dira eskualdeko 370 dantzari, irakasle eta musikari. Euskal Herriko inauteriak ekarri dituzte Tolosara, Txulalai, Altsasuko Momotxorroen dantzak eta Lantzeko inauterietako doinuak dantzatu dituzte.

Dantzariekin batera euskal inauterietako ordezkari nagusiak ere atera dira, tartean dantzari guztiak izutzen ibili den hartza; zalantzarik gabe begirada guztiak bereganatu dituena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!