Ostiral Mehe 2016

"Guztiz hunkiturik izan nintzen atzo"

M.Iraola 2016ko ots. 5a, 16:50
Argazkia: Agerremedia

Atzoko protagonistetako bat izan zen Koldo Tarragona. On Ostegun Gizen konpartsak omenaldi xumea egin zion “inauteriei egindako ekarpena” eskertzeko. Besteak beste, egun handi horri eskainitako bi kantu konposatu zituen duela hiru urte.

Zer moduz bizitu zenuen Ostegun Gizena?
Ilusio handia egin zidan omenaldiak, pozez hartu nuen berria. Urduritasun puntu batekin ere izan nintzen aurreko egunetan. 10:30ean iritsi zen konpartsa eta hunkigarria izan zen. Talde handia etorri zen, eta familia ere bertan nuen: ama, anai-arrebak, emaztea, lagunak... Hitzik gabe geratu nintzen. Gauean, berriz, elkartean afaldu eta txarangarekin kalez-kale ibili ginen. Giro bikaina zegoen.

Nondik jaso duzu inauterietako zaletasuna?
Oso goiz hasi nintzen musika munduan. Nire aita eta osaba, Tarragonatarrak oro har, musikari oso lotuak egon gara beti. Akordeoia ikasten hasi nintzen, eta bederatzi urterekin Astelenitako akordeoi txarangarekin atera nintzen lehen aldiz. Duela bost urte txarangaren 50. urteurrena ospatu genuen. Txaranga horren sortzaileak osaba, lehengusua eta aita izan ziren, eta beraz, sustraiak hortik datoz.

Geroago hasi nintzen txarangetan parte hartzen, perkusioa joz. Duela bost urte Sukalde elkarteko txarangako zuzendari izatea proposatu zidaten. Hasieran ezetz erantzun nien, ez nuelako nire burua ikusten, baina azkenean, hasi behar izan nuen.

Gaur egun nola bizitzen dituzu gehiago, mozorrotuta ala musikari gisa?
Musikari bezala, guztiz. Ostegun Gizenean hasten naiz, elkarteko txarangarekin. Ostiral Mehean eta Zaldunita bezperan hurrengo egunetarako prestaketa lanak egiten izaten gara, guk prestatzen baititugu ondorengo egunetarako bazkariak. Igande eta Asteartean, Sukalde txarangarekin ateratzen naiz, eta Astelenitan, esan bezala, akordeoi txarangarekin.

Faltan botatzen duzu mozorrotzeko ohitura?
Ez. Txarangarekin ere erdi mozorroturik joaten gara. Lehenago ere beti mozorrotzen nintzen, baina fundamentu askorik gabe. Egia esan, niri beti festa musika ikuspegitik gustatu izan zait. Eguneko inauterizalea naiz, eta txarangarekin pasatzen ditut egunak.

Zer da gehien gustuko duzuna Inauterietatik?
Jendearen imajinazioa itzela da. Gauza oso dibertigarriak ikusten dira. Karrozak eta kaleko giroa ere asko gustatzen zaizkit. Baina gehien gustatzen zaidana, txarangak.

Zein une aukeratuko zenuke?
Zaila da. Zezenetako igoera oso polita izaten da, elkartetik ateratzen garen unetik. Asteartitan lau txarangak egiten dugun alardea ere oso polita izaten da. Ez bat, une polit asko daude inauterietan. Eta gero kuttunena, Astelenitako akordeoi taldearen kalejira da. Familia girokoa da. Beti aukeratuko nuke txarangarekin erlazionatutako uneren bat.

Eta zein kantu duzu gustukoen?
Nire aitak egindako Itun-Txulo. Ez da nire aitarena delako, bestela ere asko gustatzen zait. Inauterietako errepertoriotik, berriz, Diana eta Isabelita ditut gustuko.

Txarangez ari garela, konpartitzen duzu azken urteotako bolumenaren inguruko kezka?
Denentzat dago tokia, baina helburuak behar luke denen artean errespetatzea. Horretarako jendea kontzientziatu behar da. Badira inor errespetatzen ez dutenak, baina gutxi dira. Baina berriz diot, guztiok disfrutatzeko, errespetua ezinbestekoa da.

Bereziak izango dira aurtengo inauteriak?
Bai. Duela bost urte, akordeoi taldearen 50. urteurrenagatik bereziak izan ziren, eta orain ere horrela izango dira. Asko eskertzen diet omenaldiarena, baina bereziki eskertzen diet urte hauetan nire alboan izan diren guztiei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!