Ostiral Mehe 2016

Ostegun Gizen batean jaio nintzen

Ainhoa Arana 2016ko ots. 5a, 14:48

Ze ondo, iritsi zaizkigu niretzako munduko festarik alaienak direnak…INAUTERIAK! Gaur Ostegun Gizena da, eta ni gaurko egunez jaio nintzen.

Ez zen otsailaren 4a, baina bai Ostegun Gizen bat. Askotan pentsatu ohi dut horregatik naizela inauterizalea, baina, egia da, familiatik ere badatorkidala mozorrotzeko grina hori, nire aitarengandik.

Goizean goiz jaiki, inauterietako abestiak jarri eta seme-alabak ohetik jaikiaraziz, horrela hasi dut gaurko eguna. Umeak mozorrotuta ikastolara joan dira, eta ni lanera. Lanera bidean, harategi batean geratu naiz, txistorra erosi eta bulegora joateko.

Tolosarrak ez diren askok, ez dute inauterizaleon egunotako umorea ulertzen. Baina, hala ere, lankideok 12:00etan txupinazoa telebistan ikusteko ohitura dugu, festak txistorra pintxo batekin eta ardo trago batekin hasteko. Beti gogoratzen naiz gazte garaiko Ostegun Gizeneko eguerdiko parrandez : umorea, algarak, saltoak, doinuak…

Arratsaldean, txilabak jantzi eta zezen plaza ingurura gerturatu gara, lagun giroan. Ikusten da Tolosako herria apain-apain jantzita dagoela egunotako, koloreen dirdiraz.

Eta hauxe da, niretzat, momenturik politenetakoa, txarangen jaitsiera. Guztiok elkarri heldu, umeak, gazteak, gurasoak eta aiton-amonak, eta denok batera saltoka, Plaza Berrira. Bertan dantza batzuk egin eta lehendabiziko eguneko giroaz disfrutatzea zoragarria da. Han elkartzen gara, gainera, urtero bezala, urte osoan barrena ikusten ez garen hainbat inauterizale.

Eguna bukatzeko, guraso eta seme-alabekin bokadilo batzuk afaldu, eta txintxo-txintxo etxera goaz, oraindik ere bai baititugu egunak, jai hauez gozatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!