Ostegun Gizena 2016

Inauteriek izen ona galtzen dutenean

Gorka Otaegi 2016ko ots. 4a, 09:12

Tolosar petoek Uzturren gurutziltzatuko naute, baina ez. Ez dut Ostegun Gizen egunaz hitz egingo. Ez txistor, ez inauterizale kuttun eta ezta «Salba dezagun txilaba» ekimenaren beharraz ere.

Ze, bada garaia tolosar ilustratuek baztertzen duten «momentikoa» aldarrikatzeko: inauterietako gaua. Inauteriek izen ona galtzen dutenean gertatzen direnak ez direlako urte osoan ikusten.

Tolozentristentzat gaurkoa da urteko gaurik onena, «herrikoak bakarrik» ateratzen direlako gauza jakina da asteburu normaletan atzerritarra besterik ez dela ibiltzen-. Bitartean, gazteenek gaur gauean deskubrituko dute beren irakasleak ez direla alkoholarekiko immuneak.

Inauteri gauetan Tolosa parrandaren hiriburu bihurtzen delako. Eta kasik nahiago hori kultur hiriburutza eskuratzea baino, azken horrek nolako frustrazioak dakartzan ikusita. Noizko 28 kanalean Tolosa Shore tankerako reality bat? Lokalizazio egokiak lirateke inauterietan Gandiako diskoteka dirudien Fronton kafetegia edota Aurrera elkarteak atzeko atetik eta Emakunderen utzikeriaz berreskuratu duen inauterietako erreginen lehiaketa, aktore porno eta prentsa arrosako kazetarien parte-hartzea duena.

Soinu-banda ordu txikitan zarata ateratzen duten konpartsek jarriko lukete. Musika kontuetan ere ez dagoelako araurik. Pentsa, betiko Elorriko Olgak ere playlist-a aldatzen zuen inauterietan, Sola no eta Lady, ladyren tartean Baila negra edo Sasikoipatsu sartzeko.

Eta inauteri gauez ari garela, ezin utzi aipatu gabe Astelehenita gaua! UNESCOk ondasun ez material izendatu beharko luke Tolosa multikultural bihurtzen den gau hori, poligono ezberdinetako gazteen trukea sustatuz, mozorroek ligatzeko ematen duten aukerarekin. Eta amaitzeko, alborada. Dalik ere ez zukeen surrealismoaren konposizio hobea osatuko: gaupaseroak kexu tabernak gero eta goizago ixten dituztelako, udal langileak ordura arte ezer edan ez dutenei pattar txupitoak eskainiz, Astelehenita gaueko merkealdian ere ligatu ez dutenak salbazio bila eta atzean, Udal Txistulari Banda.

Eta ase ezinentzat, beti izango dugu Asteartita gaua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!