Badatoz Inauteriak 2016!

Ostegun Gizena, bakarra

Mikel Iraola 2016ko ots. 3a, 20:08

Elkarteentzat ere berezia izaten da inauterien hasiera. Afariak egiten dituzte, eta aurretik edo ondoren, txaranga inprobisatuak ateratzen dituzte kalera. Xarma handiko giroa sortzen dute kaleetan.

Tolosar inauterizale ororentzat egun berezia izaten da Ostegun Gizena. Urte osoan itxarondako egun horietako bat da: aurreko egunetako emozio eta zirrara horrengatik. Txupinazoagatik. Koloreagatik. Musikagatik. Lagunekin topa egiteagatik. Alaitasunagatik. Bakarra da Ostegun Gizena.
Bakarrak dira Ostegun Gizena eta bere giroa. Egunekoa nahiz gauekoa. Eta badira giro bikain hori borobiltzen laguntzen dutenak: elkarteak.
Elkarteentzat ere urteko egun seinalatua da. Aurreko egunetan hasten da zalaparta: datozen egunetarako mahai zozketak, elkartea bera atontzeko lanak, txarangak osatzeko gorabeherak... leku guztietan bezala, zoramena.
Baina Ostegun Gizena elkartekide eta gainerako lagunak biltzeko eguna da. Ongi pasatzekoa. Goizean hamaiketako legeak biltzen ditu gehienak, eta nola ez, txorizo edo txistorra ezin falta!
Arratsalde-gaueko xarma
Baina iluntzean iristen da benetako festa. Elkarte guztietan afariak antolatzen dituzte Inauterien hasiera ospatzeko. Eta hemen ere, ezin musika falta!
Elkarteko bazkideek eta lagunek osatutako txaranga inprobisatuak ibiltzen dira kalez kale arratsaldetik gaueko ordu txikiak arte. Noiznahi, nonahi, bada baten bat. Hobeagoak ala okerragoak, baina aski dira bizpahiru musikari giroa jartzeko. Ostegun Gizen gauak duen xarma berezi hori...

 

OSTEGUN GIZENA
11:30. Udal Txistulari Bandak
Inauterietako zortzikoa joz egingo du ohiko ibilbidea.
11:45. Ostegun Gizen Konpartsaren agerpena Plaza Zaharrean.
11:45. Kabi-Alai Elkarteak Gure Kaiolako gazteak
2016ko Inauterizale Kuttun izendatuko ditu.
Ondoren, pregoia.
12:00. Plaza Zaharrean, suziria .
12:00. Pintxana eta Kabi-Alai txarangen irteera Aroztegieta kaletik.
14:00. Txosnagunean Zahagi Ardoa. Zuk Jana, Txoznak edana.
16:30. Zezen Plazan zezen-festa, Pintxana eta Kabi-Alai txarangek alaitua.
Ondoren, kalejira.
19:00. Txosnagunean Egurra ta Kitto taldea.
19:30. Emakumeon Plazatik Zezen Suzkoa irtengo da.
Antolatzailea: Ero Etxe Elkartea.
20:00. Aurrera Kirol elkartearen danborrada.
22:30. Txosnagunean Sangre de Monos taldearen kontzertua.
Ondoren, DJ Jotatxo.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!