Gutuna: Okupazioak eta gaztetxeak, memoria berreskuratuz

Jesus Mari Aranzegi 2016ko ots. 3a, 19:23

Tolosak badu, Euskal Herriko beste herri askok bezala, bere historia propioa lokalen okupazioarekin, eta giza mugimendu ugariren eskutik. Komeni zaigu memoria egitea eta historia berreskuratzea, gure herriaren historia.

Okupazioak ez ziren hasi Bildarratz alkatearen garaian, askoz lehenago baizik. 80ko hamarkadan, gazte talde handi batek Aranburu jauregia okupatu zuen, garai haietan hutsik zegoen eraikuntza. Gazte ekologistak ziren, feministak, teatro-zirkukoak, gazte asanblada, musika taldeak, gay eta lesbianen eskubideen aldeko taldea, irrati libre bat... Handik sortu zen Batxurizarpa Tipi Tapa Asanblada, eta han sortu zen izen bereko irrati librea, programak aireratzen hasi zena talde guztien ekarpenekin. Aranburu jauregiaren ateak udalak itxi zituen egungo liburutegiaren proiektua egin zenean. Baina okupazioak hartu zuen denbora tarte bat eta gazte talde hark burutu zuen proiektu autogestionatu eta parte hartzaile izugarri polita.

Hurrengo hamarkadetan, joera desberdinetako alkate eta gobernu garaietan, eman ziren okupazioak noizbehinka. Okupatu zuten Igarondo zinema, Artxiboko etxe txikia, egungo Topic-en beheko aldea, lehengo udal euskaltegia, Alondigako suhiltzaileen eraikuntza zaharra...  Eta iritsi zen Antton Izagirre alkatearen garaia eta orduan ere izan zen okupaziorik. Okupazio horrek bizirik dirau egundaino eta jende guztiak errespetatzen eta defenditzen du. Tolosa harro dago Bonberenea bezalako proiektu bat izatearekin, baina okupazioa gertatu zenean, izan zen istilurik eta talde politiko desberdinek behin eta berriz eskatzen zuten proiektua botatzea. Itxura batean, zerbait ondo kudeatu zen, hor baitago oraindik ere zutik Bonberenea; Euskal Herri osoan erreferentea da eta urrunago ere bai ziur aski.

Lehen bezala, orain ere gazteriak leku bat bilatu nahi du bere kezkak aurrera ateratzeko eta partekatzeko. Orain ere, lehen bezala, herriko gazteak dira. Aranburu eta antzeko lokalak okupatu zituzten haiek, irakasleak dira gaur egun, metalgintzako langileak, sindikalistak, artistak, pentsiodunak... baita Lakuako goi karguren bat ere.

Eman diezaiogun, bada, aukera bat belaunaldi honi ere.

Jesus Mari Aranzegi

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!