Badatoz Inauteriak 2016!

Txosnagunea ez dago aparte

Ataria 2016ko ots. 3a, 14:01

Tolosako Gazte Asanblada, Ernai, Ikasle Abertzaleak eta Euskal Herria Sozialista. Lau eragile bildu dira aurten txosna batzordean eta haiek arduratu dira urritik hona inauterietarako gune alternatiboa osatzen.

«Tabernetako giroaz aparte, beste balio batzuetan oinarritutako festa eredu bat bultzatu nahi dugu eta aldarrikatu txosnagunea ere badela inauterien parte», aipatu dute batzordeko kideek.

Entzun txosnaguneko kideei egindako elkarrizketa:

Eraso sexista eta homofoborik gabeko gunea izango da Euskal Herria plazakoa. Gune euskalduna, ingurumenarekiko errespetuzkoa eta alternatiboa. Eragile bakoitzak launa pankarta jarriko ditu txosnagunean aldarri ezberdinekin eta inauterietarako propio prestatuko dekorazioa ere jarriko dute: globoak, telak eta mozorroak.

Karpa erraldoi baten babesean antolatuko da gune alternatiboa. Sartu eta eskuinetara egongo da oholtza eta bertan ariko dira egunez egun musika taldeak. Sartu eta parez pare, berriz, hamabost metro luze den barra jarriko dute edariak zerbitzatzeko.

Egunero 12:00etan zabalduko dira ateak eta goizeko 6:00ak arteko muga izango dute: «Ibiliko den jendearen arabera itxiko dugu txosnagunea. Zaldunita eta Astelenita izaten dira jendetsuenak eta pentsatzekoa da bi horietan berandu arte edukiko dugula irekita». Lehen aldiz, Asteartita egunez gunea zabaltzea erabaki dute txosna batzordeko kideek: «Azken gertakariak medio indartsu gaude eta geure aldarrikapenak inauterietara ekarri nahi ditugu. Oraindik zehazteke, baina egun osoko egitaraua prestatuko dugu Tolosako Gazte Asanbladatik».

Eskaintza oparoa egin asmo dute Tolosako inauterietako txosnagunean eta bueltan jasotzeko esperantza ere badute: «Batzordean biltzen garen eragileok gune aske bat sortzeko ahalegina egin dugu baina, aldi berean, guretzat garrantzizkoa izango da bertatik jasotako ekarpen ekonomikoa, urte osoan zehar geure ekimenak aurrera ateratzeko baliatuko baitugu». Egunez eguneko txandak osatzeko beste hainbat eragileren laguntza izango dute txosna batzordeko kideek.

BERTSO BUSTIAK,  TXOZNAKO BARRATIK IDATZIAK

(doinua: Pello Ziri Ziri)


Gazteon egoera

txarra den honetan,

lan prekario eta

baldintza txarretan.

Zeinen erraz jaten dun

handiak txikia,

beraien “progresoa”

gure mixeria…

 

Bada garaia honi

emateko buelta

horretarako txozna

baño hobeik ezta.

Aisi alternatiba

sortzeaz gainera,

bertatik eragile

asko bizi gera:

 

Aiiii, Aiiiii….

Txoznagune maite!

Euskal Herrian parte,

ta ez utzi aparte!

 

Batetik Euskal Herri

Sozialista dago

sisteman logikari

eginaz hordago.

Baño dirua erruz

utzi zazu nahita,

iraultza egiteko

beharrezko baita.

 

Beste aldetik degu

Gazte Asanblada

ta #EzpalaAurrera

bere oihua da.

Aurten txoznan sartu da

okupa moduan

edari denak daude

“Huste arriskuan”

 

Aiii,aiii….

 

Ernai ere hor dago

asterikan aste,

ezinbesteko tresna

izateko aske.

Gaztek nahi dituztenez

aktibo ta ernai,

juergaro hor dabiltza

eguzkiaren zai

 

Ikasle Abertzaleak

beharko aipatu

eskola eredua

nahi dute aldatu.

Oso militantea

degu gure IA

horregatik penkatzen

dute dena ia…

 

Aiiii, aiiii…

 

Otsabiko gazteek

aze aleginak

Jatorkin-go pertsonen

lanerako griñak.

Bilgune feminista

da gure eredu

jai eredu sanoen

alde baikaude gu.

 

Ikusi al dezue

ze kartelazoa!

Euskal musikaz blaituz

jai giro gozoa.

Batzuk juergara eta

besteak lanera

barraren bi aldetan

elkartuko gera!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!