Badatoz Inauteriak 2016!

Gaur, txantxo naiz?

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko ots. 3a, 11:07

Ileordeak eta betaurrekoak dira inauterizaleen lagunik minenak. Irudian, iazko Dianako inauterizale bat.

Ba al da mozorro perfekturik? Ziur aski ez, baina zenbait gakok bide eman diezaiokete, itxuraldatze bikain bati.

Askorentzat, urteko egunik desiragarrienak dira inauteriak, hilabetetan ilusioz landutako hura plazaratu eta umorez blaitzekoak. Beste asko, berriz, ilusio berbera izanda ere, azken uneko tentsioak erakartzen ditu, eta trebezia txundigarria izaten dute ganbarako kaxak miatu eta bikain atontzeko. Bi talde horien artean bada eremu lauso bat, ordea, prestaketetan garaiz edo berandu hasita ere, txantxo izaera hori guztiz biribiltzen ez dutenena.

Baina, joera baten edo bestearen jarraitzaile izanda ere, errealitatea bat eta bakarra da Tolosan: inauteriak hondamendi naturaletik gertu ibiltzen dira sarri, eta umorez baino, euriz blaitzen dira herritarrak.

Horren jakitun, beraz, inauterizale, ez hain zale eta bisitarientzat badira nahitaez jarraitu beharreko zenbait pauso, mozorrorik onena osatzeko. Onena ez da, sekula, garestiena, ederrena eta landuena izaten; hiru ezaugarri horien eta erosotasunaren nahasketa perfektuan dago sekretua.

OINAK BETI LURREAN

Akaso etxetik atera aurretik janzten dugun azkena dira, baina kontuan hartu beharreko objektuen zerrendan, lehen postua hartu beharko lukete inauterietan: oinetakoak. Oinak direlako guztiaren amaiera eta hasiera, oinek markatzen digutelako gure inauterien erritmoa.

Beranduenera ere, martxoan ospatuko ditugu inauteriak, eta martxoak ondo asko daki elurra mara-mara botatzen. Beraz, mezua argia da: Charleston jantzi eder bat edo gimnastika erritmikoko kirolarien mozorroa jantzita ere, oinetan, beti, jantzi euriari aurre egin diezaioketen zapatak: mendiko botak, mendiko zapatilak, katiuskak, urtetan erabiltzen ez dituzun larruzko zapata itxusi horiek... Arroparekin ez du konbinazio perfekturik egingo, baina, zinez, zuen gorputzak eskertuko du hautua.

Guztia oinetan hasi eta bukatuagatik, tartekoa ere arropa gozotan biltzea komeni izaten da. Azpiko kamiseta bakarra eman zale direnentzat, nahiz Euskal Herria plazako merkatuko postuak hustutzen dituztenentzat, legea bakarra da: kolore neutroak aukeratu mozorroaren azpian janzteko.

ESZISIOAK, BIKAINAK

«Eguraldiari dagokionez, gaur, termometroek behera egingo dute, eta hotz egingo du; 4 gradukoak izango dira tenperatura baxuenak, eta 7koak altuenak», dio irratiak. Eta, kalea etxe bilakatzen den egunotan termometroek behera egiten badute, badira buzo itxurako mozorro goxoak: tigre, leopardo, asto, untxi, pantera arrosa, zizare, lehoi,... Baina, pertsonaia horiekin guztiekin batera, bere buruari gauzak zail jarri dizkion inauterizalea ere izango zara.

Zergatik? Jantzi horiek praktikotasuna galtzen dutelako, orduak aurrera doazen heinean. Komunera joate hutsa gurutzada bilaka daiteke, guztia erantzi behar delako, eta komunetako lurrek igerilekuak diruditelako. Eta, zer esanik ez, azpitik behar baino arropa gehiago jantzi eta beroa sumatzen badugu.

Tolosako inauterietarako mozorro perfektuak bi zati izango ditu, beraz, ezbairik gabe.

GAUZA TXIKIEN HANDITASUNA

«Material desberdinez (kartoi, tela, etab.ez) eginiko irudia, aurpegia irudikatzen duena eta begitartea estaltzeko erabiltzen dena» da mozorroa, Harluxet hiztegi entziklopedikoaren arabera. Mozorro-jantzia, berriz, «inauterietan edo bestelako jai batzuetan norbaiten (edo zerbaiten) itxura hartzeko gorputzean jartzen diren jantzi eta bestelako elementuen (margo, belarritako, etab.en) multzoa» .

Hiztegiak esanari eskerrak emanez, beraz, boikot txiki bat egiteko tartea izan liteke hauxe: ezin da mozorro hitza erabili, cowboy joerako jantziarentzat. Norberak bere inauteria bizi du, bai, baina ez geratu erdizka, eta inauteriaz gozatzeko hautua eginez gero, gozatu erabat.

Horretarako lagunik zintzoena bat eta bakarra da: ileordea. Bera da inauterien urrea, edozein jantzirekin uztartzeko arazorik ez duena, koloreen legeei ihes egiten diena. Ileorde batek beti aterako dizkigu babak eltzetik, baita SOS egoeretan ere, azken orduan baldin bagabiltza.

Adibdieak ematen hasita, ileorde bat pijama batekin jantzi, eta mozorro bilakatuko da; ileorde bat gurasoen garaiko arroparekin jantzi eta mozorro bilakatuko da; txilaba bati ileorde bat oparitu, eta beste dirdira bat hartuko du.

Baina, zer lirateke ileordeak, betaurrekorik gabe? Aspaldi irabazi zuten inauterietako bikoterik ederrenaren saria, eta halaxe jarraituko dute, urtetan. Handiak, txikiak, kolore deigarriak dituztenak, etxeko kaxoian aurkitutako lehenengoak, urtero edozein mozorrorentzat baliagarri direnak... Baina ezinbestekoak, ileordeak emandako umoreari begiratzeko.

Behin elementu horiek bilduta, trebezia propioa astinzea besterik ez da behar, urte osoan zehar armairua bete besterik egiten ez duten objektuekin. Horretarako, azken hilabeteetan herrian gertatzen denari arreta jartzea komeni izaten da: aktualitatea beti izan daiteke mozorro. Eta Veneziako inauterien ikusgarritasunetik ihes egitea ere ez dago gaizki: mugitu ilerdoearen kizkurrak, eta eman bizia nortasun efimero horri!

Bukatzeko, ezinbesteko bi mezu. Lehena: aukeratu kremaileradun boltsak, edozer jasaten dutenak. Bigarrena: aurpegia margotuz gero, sartu zotzak boltsa horretan, azkura iristen denerako.

GAKOAK

1. Oinetakoak. Kalea etxe bilakatzen da inauteritan eta, mozorroa edozein dela ere, oinetako erosoak aukeratu behar dira.

2. Azpiko arropa. Egun batetik bestera unibertsoz aldatzea eskatzen dute inauteriek eta, beraz, azpiko arroparentzat kolore neutroak aukeratzea komeni da.

3. Bi zati. Erosotasunaren alde, buzo itxurako jantziak baino egokiagoak dira, inauterietan, bi pieza dituztenak.

4. Transformatu. Mozorrotzea itxuraldatzea da, guztiz, eta ez eguneroko arropari kapela bat gehitzea. Osagarriak nahastera ausartu behar du inauterizaleak.

5. Ileordea, urre. Mozorroen %99arekin bat etorriko da ileordea. Itxuraldatze horretan asko laguntzen du, eta parrandako umorearen alde ere egingo du, ziur.

6. Betaurrekoak, lagun min. Ileordearekin eskutik doaz, ia beti. Jaiari begiratzeko modua aldatzen diote soinean dituenari, eta 'mozorro' hitzari zentzua ematen diote.

7. Aktualitatea. Tolosako inauterietan badira tolosarrek baino ulertzen ez dituzten mozorroak; jaien aurreko hilabeteetan, adi egon behar da herrian gertatzen denarekin, beti izaten baita sormen iturri.

8. Venezia oporretarako. Ederra da hiria, baita inauterietan ere. Tolosan, ordea, estatikotasunak ez du tarte handiegirik. Gako guztiak bildu eta mozorro perfektua osatutakoan, gauza bakarra geratzen da: sortutako pertsonaiari bizitza ematea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!