Inauteriez egunero bustitzeko, Ataria

Ataria 2016ko otsailaren 2a

Zuzeneko saio bereziak eskainiko ditu Tolosaldeko Ataria-k inauterietan 28 Kanala eta Berria telebistarekin elkarlanean

Tolosaldeko bizilagunak inauterien esperoan dauden bezala, Ataria ere horien berri emateko irrikaz da. Dena prest dago jada, Ostegun Gizeko txupinazoarekin festa zoroak lehertzeko. Egunero ataria.info webgunean argazki galeria eta bideo bitartez giroan murgiltzeko aukera egongo da eta ostegunetik asteazkena bitarte Atariak kolorez eta irudiz beteriko egunkariak kaleratuko ditu. Asteazkenekoa, berezia izango da, 16 orrikoa, kolorez, festa egunei errepasoa eginez.

ZUZENEKOAK, ELKARLANEAN

Ostegun Gizenean, iaz egin bezala, 28 Kanala-rekin elkarlanean zuzeneko saio berezia egingo da Casino elkartetik. Eguneko protagonistek, gure mikrofono eta kamera aurretik pasako dira euren bizipenak bertatik bertara partekatuz.

Igandetik asteartea bitarte, mozorroek kaleak hartzen dituztenean, Zaldunita, Astelenita eta Asteartitan zuzeneko hiru saio berezi egingo ditu Ataria-k Berria telebistarekin. 11:00etan hasita, kaleko giroa eskainiko da eta ondoren, umorea ez da falta izango, 11:30-13:30 bitartean, gonbidatu ezberdinak San Frantziskotik igarotzen direnean.

Ostegun Gizena, Txupinazoa
11:15-12:15. Casino Elkartetik udaletxean eta Plaza Zaharrean gertatutakoaren berri emango da zuzenean, gonbidatu ezberdinak lagun.
Zaldunita, Astelehenita eta Asteartita, San Frantzisko
11:00-11:30. Mozorroak. Giroa.
11:30-13:30. Zuzeneko saioa San Frantziskotik, Gipuzkoako artxibo orokor aurretik.

ARGAZKI LEHIAKETA

Urtero legez, aurten ere Tolosaldeko Ataria-k inauterietako argazki lehiaketa antolatu du. Beraz, datozen egunotan objektibo aurrean jarritako horri klisk egiteak bere saria ere ekar dezake. Argazkiak ondorengo helbide elektronikora bidali beharko dira: argazkiak@ataria.info-ra.

Sariak
1. saria. Bi ‘Opari Bonu Orlegi’. Bi pertsonentzako bi gaueko egonaldia, Nekatur Nekazalturismo elkartearen eskutik.
2. saria. Lau pertsonentzako otordu bat Adunako Aburuza sagardotegian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!