Antxon Bandresen omenezko mendiko eski proba iristear da

Maier Ugartemendia 2016ko ots. 2a, 15:31

Irudian, antolatzaileak proba aurkezteko egin duten agerraldian

Otsailaren 20an eta 21ean Izaban izango da proba, nahiz eta elur faltagatik oraindik ibilbidea zehazteke duten

Bidaiarien txokoan egindako agerraldi batean aurkeztu dute V. Bandres-Karolo memoriala, mendiko eski proba. 2012tik Izaban egiten den proba da honakoa, eta Bandres-Karolo izena du, hain zuzen Antxon Bandres tolosarraren eta Karolo Imirizaldu noaindarraren omenez egiten delako.

Aurtengoan otsailaren 20 eta 21ean egingo da lasterketa Fermin Astiz, Nagore Salaberria eta Iñaki Mariño antolatzaileek azaldu zutenez. Izen ematea jada zabalik dago, eta otsailaren 13ra bitarte izango da horretarako aukera. Urtero parte hartzaile kopurua aldatzen bada ere, «gehienez» 200 pertsona bildu izan direla adierazi zuten. Aurten jada badira 120 pertsona izena emanda.

DEIALDI ZABALA

Antolatzaileen esanetan txapelketa honen «berezitasuna» lasterketa osoa mendian izaten dela da. Eta horrek lasterketa «zailagoa» egiten duen arren, parte hartzaileak «oso pozik» geratzen direla diote.

Parte hartzea zabala izatea nahi dute, eta proban izaten den «giro herrikoia» azpimarratu nahi dute. «Profesionalek» eta «selekzioetako kideek» parte hartu arren, bestelako eskiatzaileak ere parte hartzera «animatu» nahi dituzte, eta deialdi berezia egiten diete emakumeei.

Sari bereziak ere izaten dira Bandres-Karolo memorialean, eta tartean dago urtero banatzen duten Antxon Bandres saria. Edo baita Izaban izaten den beste mendi lasterketarekin, Camile Extreme-ekin elkarlanean ematen dutena.

Hala ere, informazio gehiago nahi duenak www.bandres-karolo.com web orrira jo dezake.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!