Festa aurreratu zuten

M.Iraola 2016ko ots. 1a, 20:00

Nahi baino gehiago sufrituta, baina Tolosak beste garaipen bat lortu du Elgoibarren aurka (2-1), Zabaletaren bi golei esker.

Festa usaina zegoen larunbat arratsaldean Berazubin, baina lehenago, etxeko lanak egitea egokitzen zitzaion Tolosari. Matematikako etxeko lanek baino buruko min gehiago eman zizkion Elgoibarrek talde urdinari, baina problemari soluzioa bilatu zion Zabaletak.

Partida trabatua izan zen, aukera gutxikoa. Lillok onartu zuen partida amaieran “kosta” egin zitzaiola bere taldeari. Azken ordu laurdenean iritsi zen benetako festa, gol ikuskizuna, alegia. Ez, ordea, sustorik hartu gabe.

75. minutua zen Tolosak bere lehen gola lortu zuenean. Kontraerasoan, Loidik ate aurrean bakarrik utzi zuen Zabaleta, eta ez zen kikildu atezainaren aurrean hanka indarrez sartzerako orduan. Partida kontrolpean zuela zirudienean, 85. minutuan falta batean berdinketa lortu zuen Elgoibarrek. Bi minutu beranduago, ordea, Zabaletak berriro ere Tolosa aurreratu zuen markagailuan. Hor hasi zen benetako festa.

Anekdota askoko partida

Festa usaina bakarrik ez, txorizo usaina ere izan zen Berazubin larunbatean. Pare bat zalek parrila eraman zuten, -une batez zelaia kez betetzera ere iritsi ziren- eta neurketa amaieran bi taldeetako jokalariei nahiz epaileei txorizo pintxoak banatu zizkieten.

Partidaren aurretik, berriz, Urtzi Gurrutxagari omenaldia egin zioten bi taldeek. Lore eskaintza egin zuten, pasa den urtean harmailetan jarri zuten bere argazkian.

Berdegunean ere izan ziren irudi bitxiak. Esaterako, Asier Serna 90. minutuan zelairatu zuen Lillok, baina atezain moduan beharrean, aurrelari gisa jokatu zituen luzapeneko minutuak.

Bestalde, Iker Dorronsoro, azken bi urtetan Tolosako entrenatzaile aritutakoa, Berazubira itzuli zen, baina kasu honetan, Elgoibarko prestatzaile gisa. Bi aste daramatza, eta kontentu dagoela esan zuen: “Pozik nago. Klubean laguntza asko sumatu dut aste hauetan. Partidari dagokionez, gu geurea egitear etorri gara, eta pena izan da azkenean lan horrek saririk jaso ez izana. Dena den, bide onetik goazela uste dut”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!