Dena prest al daukazu aurtengo inauterietarako?
Azkeneko detaileak azkeneko momenturako uzten ditut nik baina ideia orokorrak baditut eta lan gehiena eginda dago. Zaldunita eta Asteartitako mozorroak bi hilabete lehenago prestatzen ditugu, lagunartean ideia zaparrada bat bota eta hortik bozkaketa bat egiten dugu. Astelenitan Kazkabarrarekin ateratzen naiz eta lehentxeago hasten gara jantzia erabaki eta dena prestatzen.
Aurten inoiz baino goizago iritsi dira inauteriak.
Bai eta alde batetik hobeto. Unibertsitatean lehen lauhilekoko azterketak bukatu ditugulako eta pisu bat gainetik kenduta inauteriez gozatzeko aukera izango dut.
Inoiz bizi izan dituzu Tolosako inauteriak herritik kanpora?
Iaz Erasmusarekin, Colonian (Alemania) egon nintzen. Bertako inauteriek fama dezente dut, baina hango festa giroa hemengoarekin alderatuta diferentea da; kontuan hartu behar da, hiri handiagoa dela Colonia. Iaz, inauterien erdia han egin nuen eta beste erdia hemen. Zaldunita gauean iritsi nintzen eta erdia behintzat aprobetxatzeko aukera izan nuen. Tolosar batek gaizki pasatzen ditu egun horiek etxetik kanpora.
Txikitatik al datorkizu inauteri zaletasuna?
Bai. Gurasoek beti animatu gaituzte inauteri giroan sartzen. Gu txikiak ginenean gehiago bizi zituzten, gurekin batera mozorrotuta ateratzen zirelako. Gaur egun ez dituzte hainbesteko ilusioarekin hartzen baina guri pasa digute festarako gogoa.
Inauterietan zenbaterainoko garrantzia du zuretzat mozorroak?
Egia esan, mozorroa baino gehiago lagunekin atera eta ondo pasatzea da garrantzitsua. Mozorroak, ahal dela, originala izan behar du, baina gu saiatzen gara, denbora asko eskatuko ez digun eta diru asko kostatuko ez zaigun mozorroa aukeratzen. Etxeko gauzak aprobetxatzen ditugu, ondo pasatzea delako inauterietan funtsezkoena.
Lehenago hasten zarete aisialdi taldeko mozorroa prestatzen, ezta?
Bai. Aurten barazkiz eta animaliz aterako gara Kazkabarrakoekin. Lan polita da, nahiz eta Astelenita egunez kosta egiten da hainbeste ume manejatzea. Hala ere, urtero gogotsu ateratzen gara eta aurten ere animoso gaude.
Gogoan al daukazu aurreko urteetan jantzitako mozorroren bat?
Ni jantzitakoa baino gehiago besteei ikusitakoak geratu zaizkit gogoan. Txikia nintzenean, kalean karikaturak egiten dituzten artistez mozorrotutako jendea ikusi nuen eta horrekin akordatzen naiz. Gainera asko sartzen ziren paperean eta asko gustatu zitzaidan. Guk, horrelako lanketa handirik egiteko astirik ez dugu izaten. Orain kanpoan bizi gara lagun gehienak eta ez ditugu antzerkitxoak edo dantzak prestatzen.
Eguraldiak asko baldintzatzen ditu zure inauteriak?
Hemen bizi garenak ohituta gaude, dagoeneko. Ia urtero txarra egiten du eta esperotakoa da. Lagunek ez dugu karrozarik ateratzen eta oso txarra egiten duenean babesera jotzen dugu. Baina ez digu asko baldintzatzen, parrandarako gogoa gailentzen zaio eguraldi txarrari.
Zein giro nahiago duzu festarako?
Txaranga atzetik buila batzuk botatzen ditugu eta txosnatako giroa ere asko gustatzen zait.
Zein egun nahiago duzu?
Ostegun Gizena asko gustatzen zait eta momentu berezi bezala, Zaldunita goizeko Diana da niretzako momentu hunkigarriena. Txiki txikitatik familiarekin atera izan gara. Eskolan elkarrekin ibiltzen ginen umeak eta haien gurasoak elkarrekin atera eta gero txokolatea eta txurroak jatera joaten ginen. Orain lagunekin ateratzen naiz eta inauteriak ondo hasteko zoroarena egiten ibiltzen gara.
Zaldunita bezperan parranda eginda?
Bezperan parranda nahi baino gehiago eginda, askotan (barrez). Hala ere, ez nau gehiegi larritzen. Alde zaharrean bizi naiz eta ni ez banaiz esnatzen Dianara joateko, Dianak esnatzen nau ni.
Nola bizi duzue alde zaharreko bizilagunek inauterietan izaten den masifikazioa?
Egia esan alde zaharrean gehiago nabaritzen da masifikazioa. Jende asko etortzen da eta 24 ordutan soinua egoten da. Eraso sexistak ere gertatu ohi dira jai gunean eta nahiz eta nahi ez izan beti dago presente kontu hori. Lanketa handi bat dago egiteko, ez bakarrik inauterietan, baizik eta egunero. Festa handitan, dena handitu egiten da.
Gonbidatzen al dituzu kanpoko lagunak inauterietara?
Niri ilusioa handia egiten dit kanpoko lagunei harrera egitea Zaldunita edo Astelenita egunetan. Esplikazio handirik ez diet ematen, jaia bizitzea baita ezatzeko modurik onena. Tolosako inauteria asko gustatu izan zaie kanpotik etorritako lagun denei