Ez dago geldituko duenik

M.Iraola 2016ko otsailaren 1a

Erraz irabazi dio Tolosa Eskubaloiak Barakaldori: 26-38. Sendo jarraitzen du lehen postuan

Gustuko bidean, aldaparik ez. Irabazi eta irabazi jarraitzen du Tolosa Eskubaloiak, puntu bakar bat bera ere galdu gabe. Aste honetako biktima Barakaldo izan da. Ezin ezer egin bizkaitarrek, urdinen nagusitasunaren aurrean.

Izan ere, partida hasieratik kontrolpean izan zuen Noguesen taldeak. Lehen ordu laurdenerako sei goleko aldea zuen markagailuan: 6-12. Errotazioak, joko ona eta sentsazio bikainak izan zituen taldeak. Nagusitasuna, bistakoa: azkenean 26-38. Tartean, aipatzekoak Jon Baenaren debuta atepean, eta Ioritz Goikoetxearen 12 golak.

Sailkapenaren lehen lekuan jarraitzen du Tolosak. Aurkari zuzenek irabazi egin zuten, beraz, aldeak bere horretan mantentzen dira: lau puntu Trapagarani eta bost Uharte eta Anaitasunari.

Hurrengo partida, bihar

Inauterien ondorioz, hurrengo jardunaldiko partida bihar jokatuko du Tolosak. 20:30ean Elgoibar hartuko du Usabalen. Klub urdinak eskerrak eman dizkio kanpoko taldeari "partida aurreratzeko emandako erraztasunengatik".

Bigarren taldearen puntu garrantzitsua

Jaitsiera postuetatik aldentzeko urrezko puntua bigarren taldearentzat. 27-27 berdindu zuen Urdulizen aurka. Neurketa osoan 2-3 goleko errentak izan zituzten bi taldeek, txandaka, baina inork ez zuen erabakitzen asmatu. Basauriren aurka jokatuko du datorren asteburuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!