Gazte Fronteak mobilizaziora deitu du, Ostegun Gizenean

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko otsailaren 1a

Zazpi antolakundetako ordezkariak izan ziren, manifestazioa iragartzeko agerraldian.

Ezpala gaztetxearen aldeko hitzordua izango da, eta zazpi antolakundek deitu dute; joan den larunbatean ere mobilizazioa izan zen, Tolosako Gazte Asanbladak deituta

Festa eta aldarrikapena uztartuko ditu, Gazte Fronteak, Ostegun Gizenean, Ezpala gaztetxearen alde. Zazpi antolakundek –Gazte Libertarioak, Ernai, Ikasle Abertzaleak, Bilgune Feminista, Gazte Abertzaleak, Laskoraingo ikasle independentistak eta Tolosako Gazte Asanblada– deitu dute mobilizaziora, eta txosnagunean jarri dute hitzordua, 18:30ean.
«Sistema kapitalista heteropatriarkalaren zapalkuntzari» aurre egiteko gogoak batzen ditu zazpi antolakundeak, eta gazteen alternatibak defendatu dituzte, manifestaziora deitzeko egindako agerraldian: «Gazteok egunero itotzen gaituzte, eta gure bizi baldintzak gero eta arrotzagoak dira. Bukaerarik gabeko zulo beltz batera bideratu nahi gaituzte; makinaria bateko engranaje bilakatu nahi gaituzte, puzzle baten pieza, akritiko, otzan».
Horrela, gazteek utopiaraino doan bidea eraikitzeko «erantzukizun osoa» dutela nabarmendu dute, Ezpala gaztetxearen proiektuan begirada jarriz: «Egun batzuk atzera eginda, 40 gaztek eta inguruko herritarrek bortizkeria jasan behar izan genuen, Tolosan, udalarena zen etxe huts baten aurrean, boterearen aparatu militarraren eskutik. Horregatik, ezinbestekotzat dugu Ezpala gune autogestionatuak jasan dituen erasoak gogor salatzea, eta TGAri elkartasuna azaldu nahi diogu, Ametsak ezin dira desalojatu, Ezpala aurrera lelopean».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!