Txupinazoaren atarian, 10:30ak aldera, Tolosako balkoi batean egin ohi du agerraldia On Ostegun Gizen pertsonaiak, txerria bizkarrean duela. Aurten, Agintari kalean bilduko dira, bertakoa baita konpartsaren omenaldia jasoko duen pertsona: Koldo Tarragona.
Musikari afizioz eta ofizioz, inauterizale petoa da Tarragona. "Laguntza asko eman izan digu, musu-truk, eta omenaldi xume hori eskertza moduko bat izango da" azaldu dute konpartsako kideek.
Tarragonak, gainera, On Ostegun Gizen konpartsako txarangak jo ohi dituen bi kantu konposatu ditu, biak ala biak izen berekoak: Ostegun Gizenari. Bata, kalejira, bestea, habanera. Azken kantu honen doinuekin egingo du agerraldia balkoitik. Pako Gereñuk gehitu zizkion letrak kantu honi. Honela dio letrak: Non da Txerri hori? / Urdai zuri / Balkoira atera zaitez / Ta agur esan guri / Elkarrekin ospa dezagun / Txorizo gorri ta / Napar ardo goxuarekin.
Omenaldiaren ondoren, konpartsa, txerri-mobila, harakinak, txerri-leaderrak eta txaranga barne, herriko kaleetan zehar ibiliko da, eta Alde Zaharreko beste balkoi batzuetan ere egingo ditu agerraldiak On Ostegun Gizenek. Diotenez, azaltzeko gogoz da.