Badatoz Inauteriak 2016!

Sagardotegiko mahaiaren bueltan, elkartasuna

Ataria 2016ko ots. 2a, 13:30

Lapurdi plazan izango da hamazazpigarren preso eta iheslarien aldeko elkartasunezko sagardotegia

Bosgarren urtea izango du elkartasunezko sagardotegiak kokaleku berrian: Lapurdi plazan. Aurretik Abastosen, gaur egun haurtzaindegia dagoen tokian antolatzen zuten euskal preso eta iheslarien senide eta lagunek otorduak eskaintzeko jatetxea. «Beti izan dugu harrera ona. Jendeak asko estimatzen du autoa hartu gabe eskura toki bat edukitzea, non sagardotegi menua eskainiko dizuten, festa gunetik gehiegi urrundu gabe», dio Mikelo Zabala antolatzaileak.

Datuek erakusten dute elkartasun sagardotegiak duen arrakasta: «Gutxi gora behera 200 pertsonentzako tokia prestatzen dugu jatetxean eta maiz betetzen da». Zaldunitan bazkariak ere ematen dituzte eta orduan kopuruak gora egiten du. Inauterietako egun handian 250 pertsona pasatzen dira eguerdian Lapurdi plazan kokatuta dagoen karpa erraldoitik.

Ohiko sagardotegi menua eskaintzen dute: bakailao tortilla, txuleta edo saiheskia eta gazta eta irasagarra. Sagardoa berriz, Tolosako Isastegitik ekartzen dute. «Gertutik ekarri nahi izaten dugu generoa. Villabonan erosten dugu bakailaoa eta Goya harategitik ekartzen ditugu txuletak eta saiheskia. Intxaurrak eta gazta berriz, inguruko ezagunei erosten diegu, irabaziak ere gertuan gera daitezen».

Inauteriek iraungo duten sei egunetan jende ugari pasatzen da elkartasun sagardotegitik eta guztien artean mila litro inguru sagardo edaten dute. Bostehun kilo haragi ere saltzen dute sagardotegiko antolatzaileek: «Zaldunita egunean ez dugu saiheskirik eskaintzen, zerbitzua gehiegi luzatu ez dadin».

Eguerdi horretan izaten da jende gehien eta aldez aurretik erreserbarik ez dutela egiten jakinarazi du Zabalok, «bazkal aurretik gerturatu eta tokia hartzea gomendatzen dugu». Eguerdian 13:00etatik aurrera eskainiko dituzte bazkariak igande horretan eta 21:00ak inguruan hasiko dira afariak zerbitzatzen inauteriek irauten duten bitartean. 21 euroan emango dituzte otorduak: «Gutxi gorabeherako prezioa da hori, egiten den kontsumoaren araberakoa. Hala ere, iaztik ez ditugu prezioak garestitu».

Borondatez lanera

Mila otordutik gora ematen dituzte elkartasun sagardotegian Ostegun Gizenetik Asteartita bitartean. Eta lanerako jende asko behar izaten da: «15 pertsonako txandak osatzen ditugu. Sukaldean aritzeko, parrilla zaintzeko, zerbitzatzeko edota jantokia antolatzeko». Tolosako jendeak bakarrik ez, eskualdeko preso eta iheslarien lagun eta senideek ere laguntzen dute sagardotegian. «Azken finean, denok dakigu zertara bideratzen den etekina eta gustu handiz laguntzen du jendeak».

Sagardotegia zabalik dagoen bitartean laguntzeko prest agertzen da jendea baina baita ere Lapurdi plazan jartzen duten azpiegitura prestatzen ere. Zabalak dioenez, «aurretik hasten ditugu prestaketa lanak eta Kalderero astebururako prest eduki nahi izaten dugu karpa. Inauteri aurreko egunak baliatzen ditugu horretarako». Udalak utzi die karpa azken urteetan, «kolore guztietakoek lagundu izan digute».

Eguraldiaren arabera aldatzen da inauterietara gerturatzen den jende kopurua, «eguraldi txarrarekin jendea atzeratu egiten da». Hala ere, aurreko kokalekuan baino «goxoago» daude Lapurdi plazako karpan, «Abastosen hezetasun handia baitzegoen». Preso eta iheslarien sostengurako taldeak gerturatzeko gonbita luzatu diete herritarrei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!