Badatoz Inauteriak 2016!

Gozaraztea, pasio

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko urt. 29a, 12:30

Mariano Ozoresena gertatu zaiela diote, txantxa artean: erretiroa hartzeko adinean daudenean, sari bat jaso behar. Baina, aktore espainiarrak ere ezingo luke Gure Kaiolako lagun taldearen errekorrik puskatu: 54 inauteri beteko dituzte, jarraian, hutsik egin gabe, ideiak mozorrotan gorpuzten eta herritarrei irribarreak marrazten.

Diotenez, Tolosa izan zen Francisco Francoren jazarpenari ihes egin, eta inauteriak etenik gabe ospatzen jarraitu zuen herri bakarra; Kortatuk kantu bat egiteko ere balio izan zuen datu historikoak, pentsa. Abestiaz harago, ordea, datu horrek urrea balio du inauterizale sutsuenen belarrietan eta, are gehiago, Tolosako inauteriak Fiestas de Primavera izan zirenekoa kontatzeko ahotsik baldin bada. Hain justu umorea debekuen gainetik jarri izanagatik, eta hamarkadatan Tolosako inauterien sena elikatu dutelako, Kabi Alai Kuttuna saria jasoko du, aurten, Gure Kaiola elkarteko lagun talde batek; aitzakia hoberik ez zuketen asmatuko, beste hainbeste urtetan ere jarraitzeko.

«Atsegin handiz» jaso dute albistea, Mitxel Perales taldekideak onartu duenez: «Egia esan, hainbeste urtetan zehar egindako emanaldiek errekonozimendu bat jasotzea oso pozgarria izan da». Ostegun Gizenean jasoko duten omenaldia espero gabekoa izan dela ere aitortu du, gainera, Angel Berzosak: «Sekula ez dugu horrelako ezertan pentsatu izan, eta ezusteko handia izan da. Eta, noski, poza ere bai!».

Urte hasierako maldari beherantz bultzatzen dioten egunak dira inauteriak, askorentzat. Jaiaz gozatzeko, ordea, aurretik beste hainbeste lan egitea ezinbesteko baldintza da Tolosako inauterietan; bai, behintzat, Gure Kaiolako kuadrillarentzat: «Mimo handiz landu izan ditugu mozorro eta ikuskizunak, eta hiruzpalau hilabete lehenago hasten ginen guztia prestatzen», diote. Eta mende erdia baino gehiago errepasatzen duen inaute-argazkiek berresten dute baieztapena: xehetasun txikienari erreparatuz, esketx, dantza eta saio gogoangarriak utzi dituzte tolosarren memorietan.

Urteak baino pasadizo gehiago

Baliteke Gure Kaiolako ‘mutikoak’ Tolosako inauterizale helduenetakoak izatea. Eta, gainera, Tolosako elkarte gastronomiko zaharreneko kide izatea. Inauteriek, ordea, «gaztetu egiten dute bat», Angel Berzosak dioen moduan, eta Gure Kaiolako sutondoaren txokoan oroitzapenen kutxa irekitzen hasita, bizipenak eta hitz jarioa gailentzen zaizkio adinari: «Aukeratzen genuen mozorroa aukeratzen genuela, Tolosako jendea beti oso prest egon izan da inauterizaleei musu truk laguntzeko», dio Javi Larrazak. Lagun talde guztietan bezala, gainera, Gure Kaiolako inauterizaleen taldean ere bakoi tzak bere rola bete izan du inauterietan: «Norberak bere eginbeharra izaten zuen, eta bagenuen harremanetan espezialista bete-betea zen lagun bat ere, Xanti Larrarte», dio Angel Berzosak.

Haren trikimailuei esker, inauterizale talde honek anekdota berezienen saria ere irabaziko luke, ziur aski, liburu bat betetzeko adina pasadizo baitituzte azalean. Munduaren beste puntaraino joan izan dira, esaterako, Tolosako inauteriei kolorea ematearren: «1986. urtea zen, eta Geisha mozorroa aukeratu genuen. Xanti Japoniako enbaxadarekin harremanetan jarri zen, eta haiek geisha nahiz samurai jantzien xehetasun guztiak bidali zizkiguten, postaz».

 

Mugak zeharkatzea ez zen 1980ko hamarkadako kontua izan, ordea. Hamalau urte lehenago, 1972an, The Walt Disney Company-ri Edurnezuri eta zazpi ipotxen maskarak eskatu zizkioten, Amerikar Estatu Batuetara gutuna bidaliz. Kontatu dutenez, Hollywood-ekoek Parisko helbidea eman zioten Xanti Larrarteri, eta zeluloidez eginiko maskara originalekin plazaratu zuten inauterietako ikuskizuna.

«Gozatzea izan da, beti, gure helburua baina, hori baino gehiago, gozaraztea hartu izan dugu erronkatzat». Mitxel Peralesen esanak hitzez hitz sinestekoak dira, noski, Gure Kaiolako ‘mutikoek’ txikikeria guztiak kontuan izaten baitituzte, itxuraldatze horretan. 1966. urtea zen, Mary Poppins filma Tolosako kaleetara ekartzeko ideia sortu zitzaienean eta, egiazki, ikusgarriak dira orduko argazkiak: «Oso zorrotzak ginen geure buruarekin, eta pinguino jantzia genuenok aletekin ibili ginen kalean, egun osoan!», dio, barre artean, Angel Berzosak. Diotenez, Roberto Jauregiri sekulako lana pilatu zitzaion, pinguino guztiei bikietan masajeak emateko.

Traben zirrikituetatik, umorea

Diktadura garaian inauteriek bizirik jarraitu zuten herri bakarra izateak, ez dio Tolosari zentsuraren iragazkirik kendu. Horrela, inauteriei izena aldatuta ere, Fiestas de Primavera haietako eduki guztia pasatzen zen agintarien begietatik. Angel Berzosak, Mitxel Peralesek, Javi Larrazak eta lagunek badakite zerbait horri buruz: «1963an Festival del Oria izeneko karroza atera genuen. Garai hartan zentsura bizirik zegoen eta, horregatik, kantatuko genituen abestien letrak bidali behar izaten genituen udaletxera, satira desegokirik ez zutela ikusteko».

Baina, zer lirateke inauteriak, ironia, txantxa eta satirarik gabe? Plaza Berriko kioskoa kendu eta haren lekuan jarri nahi zuten oskol erraldoia karroza gainera igo, eta Jose Guardiola eta alabaren Di Papa moldatu zuten Gure Kaiolakoek: «Oria ibaian aparra besterik ez zen izaten orduan, eta abuztuan ere elurra egiten zuela zirudien. Kirats haren inguruko letra jarri genion Guardiolaren abestiari, eta alkateak ez zigun baimenik eman hura kalean kantatzeko. Aitortu behar dugu, dena den, karrozatik jaitsi eta hainbat txokotan abestu genuela».

Baina herritarren umoreari trabak jartzeak ez zuen ikuskizunetan soilik eragiten; 1960ko hamarkadako argazkietan, herritar guztiak kalez jantzita ageri dira. «Orduan inauteria barrura begirako zerbait izaten zen, gehienentzat, kuadrilla zenbaitek karrozak prestatzen genituen arren. Finean, zentsuraren beste ondorio bat izan zen hori», dio Berzosak.

‘Gaur txantxo naiz, bihar txantxo’

«Edozein txilaba, txapela edo arropa zahar jantzi eta, herritar bakoitzak, kolorea ematen dio festari Tolosan», dio Javi Larrazak. Baina, txantxo jantzita pozarren ibili izan diren arren, Gure Kaiolako Kuttunak abenturaz abentura joan izan dira, mozorroa perfektua izan dadin.

Arazoak urte gogoangarrienak aipatzeko eskatzerakoan sortzen zaizkie; 1932ko Mayolik anaien zirkutik hasita, iazko Juanita Banana eta Luis Aguileraino, trapu, kapela, gona, galtza eta margo asko daude tartean. Argi dago, hala ere, badirela, modu batera edo bestera, mugarri izan diren inauteriak. Gure Kaiola elkarteak 65 urte bete zituen urtekoa oso gogoan dute, esaterako: «Elkartearen urteurrena zelako zerbait berezia egin nahi genuen, eta gorte frantziar bat irudikatu genuen. Noski, jantzi haiek egitea oso zaila zen eta, batera eta bestera ibili ginen arren, ez genuen mozorro haiek alokatzeko aukerarik aurkitu. Azkenean, Iparraldeko ezagun baten atea jo genuen, Iturralderena; hari esker, Bordeleko operako jakak ekarri genituen Tolosara, eta ileordeak Marseillatik. Karroza gainean biolin orkestra bat ere aritu zen zuzenean, eta, benetan bikain atera zen ikuskizuna», kontatu du Mitxel Peralesek.

1973koa ere mozorro ahaztezinen zakuan sartuko lukete, ezbairik gabe. Cabaret izenburupean, Liza Minnelli eta gainerakoen azalean sartu ziren Gure Kaiolako lagunak, zinemari beste keinu bat eginez: «Donostiara joan ginen filma ikustera, eta argazki kamerarekin aritu ginen, areto barruan, pantailari argazkiak ateratzen. Ia bidali egin gintuzten!», diote barre artean. Ohiko kuadrillari inauterizale gehiago gehitu zitzaizkion inauteri haietako taldeari ere, eta Luis Zeberio abeslaria izan zen horietako bat: «Hizkuntza asko dakizki, eta alemanez kantatu zuen, zuzenean, karrozan».

Askok pentsa lezakete zinefilo puntu bat badutela Gure Kaiolako lagunek, pantaila handia behin baino gehiagotan izan baitute, sormen iturri. My Fair Lady filma, behin ez, bitan baliatu izan dute inauteriak girotzeko eta, 1978. urtean, lehenengoz prestatu zutenean, orduko Igarondo zinema alokatu zuten, filma beraiek bakarrik ikusteko: «Gogoan dut han egiten zuen hotza», dio Berzosak.

Segi eta segi, urtez urte, behin eta berriz errepikatzen den egitura da inauterietan. Hausterre egunean buruz errepasatzen ditu jaiak inauterizaleak, eta bihotzeko txoko berezi horretan gorde, zenbait une, hurrengo urtean errepikatuko ez direnaren jakitun. 53 inauterik eman ditzaketen une berezi horiek bihotz osoa betetzeko modukoak dira, baina Larraza, Perales eta Berzosa, bat datoz beren urterik biribilena zein izan den erabakitzerakoan: 1985ean Punky mozorroa aukeratu zutenekoa.

«Tolosa CF-ri egindako kantua hartu genuen, eta rock estilora moldatu. Karrozan egun osoa ahots urratuz kantari ez egotearren, abestia grabatzea pentsatu genuen, ordea, gero playback-a egiteko, eta Donostiako estudio batean hitzordua eman ziguten, gaueko hamabietan», kontatu du Angel Berzosak.

Grabazio estudio bateko arduradun batek nekez pentsatuko zukeen, ordea, kuadrilla batek halako lanak hartuko zituenik, inauterietan barrea eragiteagatik: «Estudioa orduka ordaindu behar zen eta, gure asmoa ordu erdian dena grabatzea zen arren, akats txikiena zuzentzen zigun hark. Azkenean, goizeko seietan amaitu genuen dena, eta inauterietarako zela jakin zuenean, estudioko arduradunak haizea hartzera bidali nahi izan gintuen!», dio barrez Peralesek. Azkenean, ordea, umore inauterizaleak edonor limurtzeko duen gaitasun horrekin, arduradunak ez zien estudioaren erabilera kobratu, eta inauterietara bertaratu zen, Punky karrozaren emanaldia ikustera: «Gurekin bazkaldu zuen, eta zur eta lur geratu zen egin genuenarekin. Horren ondoren iritsi zen, ordea, anekdotarik potoloena: La Polla Records-en telonero izatea proposatu zigun!».

Enbor ederretik, ezpalak ere hala behar

«Tolosarrok txiki-txikitatik ezagutzen ditugu inauteriak eta, gutxiago edo gehiago, barruan daramatzagula esango nuke». Javi Larrazak, hala ere, pozez begiratzen ditu urteek Tolosako inauteriei eskainitako aldaketak: «Esan dugu Tolosako enpresa eta lantegiek laguntza handia eskaintzen zutela, baina, guk, laguntza handiena gure emazteen aldetik jaso izan dugu beti. Garai hartan emakumeak ez ziren inauterietan ateratzen, ez mozorrotuta eta ez ezer. Baina lana izugarri egiten zuten. Gaur egun, oraindik ere, Angelen emaztea etortzen da hona, gu margotzera».

Festez gozatzeko eskubidea sexu bakarretik bietara pasatu izanak, inauteriak familian gozatzeko jai ere bilakatu ditu eta, noski, Gure Kaiolako ‘mutikoen’ oinordeko gehienek heldu diote itxuraldatzearen grina horri.

Hilabetetan prestaturiko emanaldiak entzun ahal izateko taberna eta etxeetan kableak botatzen zituzten garaitik, azala ederki gogortu zaie txaranga doinuz; ez dira, ordea, aspertu. Taberna eta txoko txikietan kantuan aritzen dira orain, inguruan daudenak ere kantuan jarriz. 2016. urteko inauteri goiztiarrak «betiko bidetik» ospatuko dituztela dio Mitxel Peralesek, baina Ostegun Gizenean balkoira igotzen diren unean, akaso kolore berri bat jarriko diete, guztiek, festa zoroenei. Bidelagun izan dituzten 60 inauterizaleak ahaztu gabe, eta jada zendu diren 17 horiei keinu txiki bat bidaliz, 54. inauteriotan pasadizo berriak idatziko dituzte beren bizitzen liburuxketan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!