Nola bizi dituzu inauteri aurreko egunak?
Urduritasun puntu horrekin bizi dira. Lehenengo eguna iristeko gogoarekin urduritasun hori nabari da.
Zuretzat zer suposatzen dute inauteriek?
Nik beti esaten dut urteko garairik politenetakoa dela. Zeren zure bizitza normaletik ateratzea lortzen duzu, eta Tolosak herri bezala egiten duen aldaketa zoragarria da.
Zu Tolosako elkarte bateko kide zara, eta elkarteek badute protagonismo berezi bat inauterietan. Zuk modu bereziren batean bizi duzu hori?
Ni Aiz Orratz elkarteko kidea naiz, eta egitarauan antolatzen dituen gauzen artean daude umeen danborrada eta umeen txantxo lehiaketa. Hori antolatzeaz arduratzen den komisioaren barruan nago eta beraz, horretan sartuta ibiltzen naiz.
Ostegun gizena, txupinazoa lehertzeko zorian, eta Igor...
Urduritasun puntu hori daukazu, tripan sentsazio berezi hori, eta poztasun handia. Niri ostegun gizena gehien gustatzen zaidan egun da, eta nik uste dut tolosar peto-peto bati ostegun gizena dela gehien gustatzen zaion eguna. Egun horretan kalera irten, eta agian, urte guztian ikusi ez duzun jendea ikusten duzu. Txiki-txikitatik, zaharrenetaraino.
Txaranga doinuak entzutean saltoka hasten den horietakoa al zara?
Saltoka ez, baina gorputza automatikoki mugitzen zaizu. Baina, hori urte guztian zehar gertatzen zait txaranga doinuren bat entzuterakoan.
Noiz hasten zara mozorroak prestatzen?
Zentzu horretan ez naiz tolosar peto-petoa, zeren beti azken orduan ibiltzen naiz gauzak prestatzen. Askotan bezperan.
Zertan inspiratzen zara mozorroak prestatzerakoan?
Orain eguneroko mozorro batera jotzeko ohitura dut, baina lehen koadrilan beti urtean pasatako zerbaiten inguruan ateratzen ginen. Beste koadrilek esaten ziguten beti gai politikoei lotutako mozorroekin ateratzen ginela, eta egia esan horrela izaten zen.
Ba al duzu gogoan mozorro bereziren bat?
Gai politikoei buruz hitz eginez, urte batean politikoki edo erlijiosoki zuzena ez zen mozorro bat atera genuen. Munilla gotzainak esandako astakeria batzuk esan zituen, eta gu gotzainez mozorrotuta atera ginen. Munillaren aurpegia, trabesti baten gorputzarekin nahastu genuen photoshoparekin. Egia esan, adineko emakumeek gaizki begiratzen ziguten, baina inauteriak zirenez baimena genuen parodia hori egiteko.
Zer da inauterietatik gehien gustatzen zaizuna?
Ostegun gizena. Nik beti esan izan dut herrikoentzako eguna dela. Gainera, lehenengo eguna izanik gogo askorekin hartzen duzun eguna izaten da. Egia da ez garela mozorrotzen, baina hori dut gustuko eguna.
Eta gutxien?
Batzuetan kanpotik etortzen den jendearen portaera. Larunbat gauetan edo astelehen gauetan kanpotik etorri den jendea, eta urtero gertatzen diren gauzak. Ez dut uste hori herrikoak bakarrik gaudenean gertatzen denik, baina horrekin ere jokatu behar dugu. Tolosako inauterien sona handia denez horretara ere moldatu behar dugu.
Inauteriak amaitu ondoren, zer?
Ezin dut esplikatu. Pena handia eta hurrengo urtea iristeko gogoa sentitzen duzu.
MOTZEAN
Egun bat? Osteguna.
Eguna ala gaua? Beti eguna.
Une bat? Osteguneko eguerdia.
Txaranga doinu bat? Sasikoipatsu, ostegun gizeneko doinua.
Mozorroa edo txilaba? Mozorroa.