Zure lehen inauteriak izango al dira Tolosatik kanpo?
Bai. Inauterietan sekula ez naiz kanpora joan izan, eta azken bi urteotan Gasteizen ikasten aritu naizen arren, festetan Tolosan egoteko aukera izan dut.
Tristura pixka bat, ala bruhauste bat gutxiago?
Orain arte burua gabonetan izan dugunez, ez dut asko pentsatu inauteriekin, baina orain nostalgia eta inbidia puntua sortu zaizkit. Sare sozial guztietan dago inauteriei buruzko zerbait eta, gainera, beste tolosar batekin bizi naizenez, ezin inauteriez hitz egin gabe egon… [barreak]. Egia da inauteri aurreko prestaketa nahikoa buruhauste izaten dela eta, gainera, azken momentuan mozorroa osatu ezinik ibiltzen den horietakoa naiz. Beraz, aurten lan bat gutxiago.
Inguru horietan ere inauteriak ospatuko dituzte, ezta?
Bai, zenbait ingurutan ospatzen dituzte eta oso ezagunak izaten dira, Brasilen esaterako. Baina, egia esan, ni ibiliko naizen inguruetan ez dut uste inauteriekin topo egingo dudanik.
Aitortu, inauterietako doinurik entzun duzu jada?
Ez asko, baina baten bat entzun dugu, eta baita bideoren bat ikusi ere, gure nostalgia baretzeko-edo, kar, kar.
Zein da zure gogokoena?
Abesti bat aukeratzekotan Galtzaundi aukeratuko nuke.
Zeren hutsunea nabarituko duzu gehien, Tolosako inauterietan ez egonda?
Kaleko giroaren falta sumatuko dut gehien. Etxeko atea ireki eta musika, txarangak, jendea, mozorroak, karrozak eta abar aurkitzea, Tolosako edozein txokotan.
Zure kuadrila eta lagunen prestaketez badakizu zerbait?
Bai, izan dut haien mozorro eta prestaketen berri, eta hemen egonda kexatu ezin naizen arren, a zer inbidia!
Mezuren bat beraientzat?
Betiko moduan, oso-oso ondo pasatu dezatela, eta gure partez ere disfruta dezatela!
Paraje horietan, gaua ala eguna disfrutatzen ari zara gehien?
Hemen eguna aprobetxatzen dugu bidaiatu eta toki nahiz gauza berriak ezagutzeko.
Eta, inauterietan, zein duzu nahiago?
Inauterietan ere, dudarik gabe, eguna aukeratzen dut. Gaua ere gustuko dut, baina nahiago dut egunez izaten den giroa. Askotan herrikoiagoa izaten da eta beste xarma bat du.
Tolosan ez egotearen abantaila eguraldia izango duzu aurten, ezta?
Bai, orain hemen uda da eta eguraldi ona dugu. Hala ere, orain, bidaiatzen ari garenez, denetik izango dugu.
Baina euriak ez du Idoia kikiltzen...
[Barreak] Ezetz esan beharko. Azken urteotan inauterietan eguraldi txarra izan dugu, baina beti bilatzen dugu alternatibaren bat ondo pasatzeko. Azken finean, ia urte guztia pasatzen dugu inauterien zain.
Txarangarik gabe, inauteririk ez ala akaso bai?
Ez, inola ere ez. Ezinezkoa iruditzen zait txarangarik gabeko inauteriak irudikatzea, txaranga beharrezko osagaia da, nire ustez, festa bizi hauetan.
Aukeratu Tolosako inauterietako une kuttun bat.
Diana. Goizeko zortzietarako Gorriti plazara hurbildu eta txarangaren doinuekin kaleetan zehar ibiltzea, eta bertatik etxera itzultzea, lehenengo mozorro eta karrozak montatzen ikusiz. Finean, herria esnatzen eta festarako gogotsu prestatzen ari den une hori.
Eta, Txile aldetik inportatuko zenukeen festa-ohituraren bat?
Ez dakit… Hemen, jende gazteak, askotan, dirua lortzeko kalean saltzen du edaria – garagardo latak, batez ere–. Ideia ona iruditzen zait, tabernak itxitakoan zerbait edukitzeko.
Hausterre egunean min gutxiago izango duzu, aurten, gainerako tolosarrak baino, ezta?
Ziur baietz! Hemen beste errealitate batean gaude eta, inauteriak buruan izango ditudan arren, ez dut beste urteetako sentsaziorik izango.